Diskurtso batek bultzatutako ehiza

Eskuin muturrak deituta, magrebtarren kontra egin dute Torre Pachecon, eta istiluak izan dira. Txinparta pizteko erregaia isuria zegoen, gorroto mezuaren bidez.

Magrebtar jatorriko herritar batzuk Torre Pachecon, aurreko astelehenean. PABLO MIRANZO / EFE
Magrebtar jatorriko herritar batzuk Torre Pachecon, aurreko astelehenean. PABLO MIRANZO / EFE
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako eskuin muturra ari da Torre Pachecon migratzaileak ehizatu nahian. Ultrek berek argi eta ozen esaten dute hori. Horren ondorioz, azkeneko astean istiluak gertatu dira Espainiako hego-ekialdeko hiri horretan, eta polizia indarrek hartu egin dute. Gertatutakoa ez da «espontaneoa» izan, Miquel Ramos kazetariaren esanetan. «Eskuin muturraren gorroto diskurtsoen ondorio da». Uste du «segurtasun publikoaren, indarkeriaren» esparrura eraman nahi duela migrazioaren debatea; alegia, beldurrarekin lotutako kontzeptuetara. Lucila Rodriguez-Alarcon kazetariarentzat, migranteengan dago zentratuta gorroto diskurtsoa aspalditik; are, azkenaldian islamofobian oinarritu dute.

Eta hain zuzen, magrebtar batzuk tartean ziren gertaera baten ondorioz dago Torre Pacheco fokupean. Joan den uztailaren 9an, 68 urteko hango gizon batek salatu zuen jipoitu egin zutela, eta esan zuen uste zuela magrebtarrak zirela eraso egin ziotenak. Migrazioa eta delinkuentzia lotzeko Voxen aspaldiko ahaleginari esker neurri handi batean, handik ordu batzuetara hasi zen ehiza, eta Espainiako hainbat lekutatik iritsi ziren ultrak hara. «Txinparta piztu da, baina erregaia isuria zegoen gorroto diskurtsoak direla eta», zehaztu du Ramosek telefonoz. Eskuin muturrean eta mugimendu sozialetan espezializatuta dago. Iruditzen zaio gertatu dena «etengabe» gertatzea nahiko lukeela eskuin muturrak, «immigrazioarekin eta pertsona migrante batekin lotu dezaketen gorabeheraren bat dagoen bakoitzean, egia izan ala ez».

Ultrek antzeratsu erreakzionatu izan dute azken urteetan Europako beste herrialde batzuetan molde bereko gertaerak izan direnean; esaterako, iazko udan Southporten (Ingalaterra). 17 urteko gazte batek hiru neskatila hil zituen, eta zabaldu zuten migratzaile bat zela. Migrazio gaiei buruzko kazetaritza eta ikerketa hauspotzen dituen irabazi asmorik gabeko Por Causa Fundazioko zuzendaria da Rodriguez-Alarcon, eta esplikatu du zer logikari jarraitzen dion eskuin muturrak halakoetan. «Indarkeria olde baten barruan ez dagoen gauza puntual bat gertatzen da, puztu egiten du, eta debate publikoaren ardatza aldatzen da». Southporten ultrek iaz deitutako protesta arrazistetan 400 lagun inguru atxilotu zituzten; Torre Pachecoko istiluetan, hamalau; haietako bat behin-behinean kartzelatu dute, gorroto delitua egotzita. Han eskuin muturrak bultzatutako egoera salatzeko, Euskal Herrian elkarretaratzeak egin dituzte azken egunetan, eta hainbat kolektibok gaurko ere beste bat antolatu dute Bilboko Plaza Biribilean (19:00).

Torre Pachecon 68 urteko pertsona bati emandako jipoiaren antzeko gorabeherak «askotan» gertatzen dira, Por Causa Fundazioko zuzendariaren iritziz. «Batzuetan, migranteak erasoren bat egiten du; beste batzuetan, aldiz, tokikoak». Hori bai, ondoren etorri dena, «inoiz ez bezalako tentsio igoera», ez da bere kabuz gertatu, telefonoz nabarmendu duenez.

«Vox aurreko astean esaten ari zen zortzi milioi migratzaile deportatzeko asmoa duela»

LUCILA RODRIGUEZ-ALARCON Por Causa Fundazioa

«Kontuan hartu behar da Vox aurreko astean esaten ari zela zortzi milioi migratzaile deportatzeko asmoa duela». Hori adierazi zuen Rocio de Meer ultren Espainiako Kongresuko diputatuak uztailaren 7an, beren egoitzan egindako agerraldi batean. «Sistematizatuta dago: debate publiko bat irekitzen dute zentzurik gabe —ez baitu zentzurik, ez dituzte-eta zortzi milioi deportatuko—, [Donald, AEBetako presidentea] Trumpen pare jartzen dira, esaten dute Espainia desastre hutsa dela, kafetegietan-eta hasten dira hitz egiten zentzurik ez duen eta oso muturruko den gauza batez... Eta, halako batean, esaten dute batzuek 68 urteko gizajo bat jo dutela, eta mairuak jipoitu behar direla... Ez da kasualitatea». Uste du aintzat hartu behar dela Espainiako Gobernua «kontakizun krisi batean» dagoela.

(ID_15144238) ESPAÑA TORRE PACHECO
Herritar batzuk magrebtarren denda batean Torre Pachecon, aurreko astean. MORELL / EFE

Horren harira, Vox «basakeriak» esaten hasi zenean, Espainiako Gobernuak bazuen, Rodriguez-Alarconen hitzetan, «mezu alternatibo bat plazaratzeko aukera». Ez zuen halakorik egin, ordea. Iruditzen zaio alde horretatik ez dela irmotasunik egon. «Eskuin muturrari hesi bat jarri behar zaio, eragozteko haiek lekua edukitzea debate publikoan; hedabideek ere ez dute irmotasun hori». Azaldu du zergatik: «Komunikabideak, gaizki zer dagoen erakusteko ahaleginean, azkenean hori erakusten ari dira. Eta zuk izugarrikeria erakusten duzunean, izugarrikeria eguneroko bihurtzen da, eta beste neurri bat hartzen du; alegia, aurrerantzean ez da salbuespena izaten».

Erakartze efektua

Ramosen arabera, islamofobia da «eskuin mutur globalaren bandera». «Eta antisemitismoak 1930eko hamarkadan segitutako patroi berari segitzen dio. Hau da, argudio antisemitek eta islamofoboek antza dute». Kazetariaren esanetan, islamofobia «egiturazkoa eta kulturala» da Espainian. «Beraz, aurreiritzi batzuk aktibatu besterik ez dira egin. Eskuin muturrak terrorismoarekin lotzen zuen lehen, eta indarkeriarekin orain. Esaten dute, modu eufemistiko batean, kulturak bateraezinak direla. 1930eko hamarkadan, naziek esaten zuten beren arraza [ariarra] hobea zela».

«Antisemitismoak 1930eko hamarkadan segitutako patroi berari segitzen dio eskuin muturrak orain»

MIQUEL RAMOS Kazetaria

Kazetaria beldur da Torre Pachecokoak ez ote duen erakartze efekturik eragingo. Pentsatzen du eskuin muturra ahaleginduko dela han gertatutakoa «errepikatzen», eta jarraituko duela kanpaina egiten. «Protestak eta elkarretaratzeak egongo dira. Beste herrialde batzuetan ere gertatzen da. Estrategia bat da: kontakizuna kontrolatzen aritzea, gertakari bat dagoen bakoitzean».

Dena den, Rodriguez-Alarconek uste du Espainiako gizartearen gehiengoa halako ehiza ekintzen kontra dagoela. «Polarizazioak beldur handia ematen du». Uste hori indartzeko, More in Common etxeak orain gutxi migrazioaz Europan egindako inkesta baten ondorioetako bat aipatu du: «Espainiako gizarteak migrazioaz duen pertzepzioa positiboagoa da Europako beste herrialde batzuetako gizarteena baino». Inkestatuen artean, %44k irizten diote «Espainiak kudeatu beharreko behar bat» dela immigrazioa. %29rentzat, berriz, «mehatxu bat» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.