Diyarbakirgo manifestazioaren debekua salatu du Turkiako IHD erakundeak

Giza eskubideen aldeko taldearen ustez, «demokraziaren aurkako kolpea» izan da asteburuan pasatutakoa

Erredakzioa
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Iragan larunbatean Turkiako Gobernuak Kurdistan iparraldeko hiri nagusi Diyarbakirren egitekoa zen manifestazioari ezarritako debekuak eta ondorengo errepresioak soka luzea ekarri du. IHD Giza Eskubideen Elkarteak gertakarien inguruko txostena argitaratu du. Bertan, agintarien erabakia «demokraziaren aurkako kolpea» dela erran du IHDk, eta debekuak sortutako «tentsioa» salatu du. Horren ondorioz, Diyarbakirren zegoen giroa «larrialdi egoera batean baino okerragoa» zen IHDrentzat. Erakunde horrek Ankaran du egoitza nagusia, baina txostena Diyarbakirgo adarrak egin du.

«Hiria 10.000 polizia baino gehiagok setiatu zuten, eta sarrera eta irteera guztiak ixteaz gain, ia auzo, kale, eta bide guztiak inbaditu zituzten», azaldu du Raci Bilici IHDren Diyarbakirgo adarraren arduradunak. «Manifestazioaren ordua hurbildu ahala, Poliziak mugitzen zen lagun orori eraso zion dozenaka atxilotuz eta ehunka zaurituz». Bilicik azaldutakoaren arabera, bezperan ere Polizia hainbat auzunetara joan zen, jendea «mehatxatzeko»: manifestaziora agertuz gero auzibideetara eramango zituztela. Sei lagun atxilotu zituzten bezperan. Horrez gain, IHDk beste hamaika eskubide urraketa aipatzen ditu txostenean: kolpeak eta galdeketak Poliziaren kontroletan,BDPren egoitzari ezarritako setioa, suzko armekin egindako tiroak, kazetarien atxiloketak...

Bonbardaketak Lice barrutian

Gatazka militarrak ere gogortasun osoz jarraitzen du Kurdistan iparraldean. Firat News agentziak jakinarazi duenez, Diyarbakir Probintziako Lice barrutian borrokak izan ziren atzo. Dibek eta Yolçati herrien artean armadako bost helikopterok bonbardaketak egin zituzten iturri horren arabera, eta soldaduek su eman zieten hainbat baso eremuri. Herritarrek jakinarazi dutenez, bonbardaketen ondoren arma arinen bidez egindako tiroketak aditu dituzte. 1993an barrutiko hiriburua, Lice izenekoa baita ere, Turkiako armadak erre egin zuen, 100 zibil inguru hilez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.