«Monroe Doktrinaren garaia bukatu da». John Kerry AEBetako Estatu idazkariak egin zuen adierazpena, 2013an, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen batzarrean, Washingtonen. Bertze estatuetako ordezkariek txaloka hartu zuten. Ez zen gutxiagorako, Kerry jakinarazten ari baitzen AEBek Amerikako bertze herrialdeetan esku hartzeko justifikazio gisa erabiltzen zuten doktrina baztertu eginen zutela, eta helburutzat zutela herrialde guziek bata bertzea «berdinen gisan» ikustea. Txaloak bai, baina eszeptizismoa ere eragin zuen adierazpen hark. Barack Obama zen orduan AEBetako presidente, eta ahalegindu zen keinuen bidez demostratzen baietz, ez zela itxurakeria hutsa, eta gringoek jarrera aldatuko zutela bizilagunekin. Baina 2017ko urtarrilaren 20an Donald Trump ailegatu zen Etxe Zurira, eta Kerryren solasak berehalakoan ahantziak gelditu ziren. Orain, bigarren agintaldia duenean, Trumpek harro aldarrikatu du Monroe Doktrina, baita iraganean geldituko zela zirudien manera esplizitu eta zabarrean aplikatu ere.
Doktrina horrek baldintzatu ditu bi mendean AEBetako agintariek eta, oro har, gizarteak berak Amerikako gainerako herrialdeekin duten jokatzeko manera eta haiekiko duten ikuspegia; batez ere, bistan denez, Latinoamerikako herrialdeekin. James Monroe AEBetako bortzgarren presidentearen izena dauka doktrinak. Hark sortu zuela erraten da, baina Monroek ez zuen erran AEBek Amerikako bertze herrialdeetan esku hartu beharra zutela gustuko ez zituzten gobernuak kentzeko eta aldekoak paratzeko, eta ez zion bere izena eman ezein doktrinari.
Monroek errandakoa
1823ko abenduaren 2a zen. AEBak Ipar Amerikan gero eta lurralde gehiago bereganatzeko prozesu betean zeuden, indigenei lurrak konkistatuta eta Europako potentziei koloniak erosita. Kontinente osoa, berriz, dardarka zegoen lurrikara geopolitiko baten eraginez, Espainiaren inperio kolonial erraldoia desegiten ari baitzen, eta estatu independenteak ari baitziren sortzen nonahi. «Hemisferio honetako edozein zatitara beren sistema zabaltzeko egiten duten edozein saiakera gure bake eta segurtasunerako arriskutsutzat jo beharko genuke», adierazi zuen Monroek Europako herrialdeei buruz, presidenteak Kongresuari egiten zion urteroko hitzaldian —gaur egun Batasunaren Egoerari buruzko Hitzaldia erraten zaio—. «Independentzia aldarrikatu eta mantendu duten gobernuekin, zeintzuei guk, gogoeta handiz eta printzipio bidezkoetan oinarrituta, haien independentzia onartu diegun, ezin dugu onartu Europako potentziek esku hartzerik egitea haiek zapaltzeko edo haien patua bertze moduren batera kontrolatzeko helburuarekin, eta Estatu Batuekiko etsaitasun adierazpentzat baino ezinen dugu hartu».
Horixe izan zen Monroek hitzaldi hartan ezarri zuen irizpidea: alegia, Europako potentziaren batek Amerikan independentzia lortu berri zuen herrialderen baten kontra joz gero, AEBek ere erasotzat hartuko zuketen ekintza hori. Kolonialismoaren kontrako aldarrikapen emantzipatzailetzat jo liteke, eta, luzaroan, horrelaxe justifikatu zen Monroe Doktrina, baina, errealitatean, AEBen inperialismorako oinarri ideologikotzat erabili zen, hainbat arrazoirengatik.
Alde batetik, Monroek adierazi zuen AEBetako sistema politikoa Europakoen aldean berezia zela, eta, horregatik, mehatxutzat jo zituen kontinente zaharreko herrialdeen esku hartzeak; hortaz, AEBek sorreratik zuten ideia, herrialde berezia direla, aldarrikapenaren funtsean txertatu zuen. Bertzetik, AEBei kontinentearekiko ardura bat eman zien, zaindari rol antzeko bat; hortaz, haien mugetatik kanpo eragina izateko nahia erakutsi zuen. Eta, hirugarrenik, Amerikakoak ez ziren herrialdeek ez zuten legitimitaterik «Mendebaldeko Hemisferioan» esku hartzeko. Ondoko berrehun urteetan printzipio horiek justifikazio ideologikotzat erabilita garatu da AEBek kontinentean izan duten esku hartze politika, eta argi identifika daitezke Trumpek Venezuelari buruz eta, oro har, Monroe Doktrinari buruz egin dituen adierazpenetan.
'Roosevelt korolarioa'
Hala ere, zakur zaunkaria nekez hozkaria atsotitzaren antza hartu zuen Monroek europarrei egin zien ohartarazpenak, AEBek ez baitzuten Europakoekin lehiatzeko moduko flotarik, hortaz, ez zuten gaitasunik errandakoa betetzeko. Monroe Doktrina, gaur egun duen erranahiarekin, Theodore Rooseveltek mamitu zuen XIX. mendearen hondarrean. AEBek gerra zibila (1861-1865) eta haren ondorio sakonak gaindituak zituzten, eta Mendebalde Urrunaren kolonizazioa ia bururatua zuten. Hortaz, Europako potentziak Afrikaren, Asiaren eta Ozeaniaren kolonizazio betean murgilduta zeudela, AEBek ere beren burua gai ikusi zuten itsasoz haraindiko espantsioari ekiteko. Bertzeak bertze, William McKinley presidenteak Espainiari gerra deklaratu zion 1898an, eta Amerikan zituen azken koloniak kendu zizkioten —Kuba eta Puerto Rico—.
Berez, Monroeren adierazpena urratu zuen McKinleyk, Monroek 1823ko hitzaldian adierazi baitzuen AEBek ez zutela esku hartuko artean europarren menpe zeuden kolonietan, independentzia gauzatua izan eta europarren erasoren bat jasan zezaketenetan baizik. Baina norabidea argi markatu zuen, eta horren erantzule nagusietako bat Roosevelt izan zen. New Yorkeko Polizia Departamentuko burua zen, eta McKinleyk itsas armadako idazkari laguntzaile izendatu zuen 1897an. AEBek 1885ean marineak bidali zituzten Panamara, Kolonbiatik bereizi nahi zutenen alde esku hartzeko, baina helburua bete gabe erretiratu behar izan zuten. Hortaz, politika inperialista bati ekiteko itsas armadak oinarria izan behar zuela jakitun, Rooseveltek berehalakoan ekin zion indar hori eraberritzeari, eta hilabete batzuen buruan ondua zuen Espainiarekin gerran hasteko plan bat.
McKinleyk Roosevelt presidenteorde izendatu zuen 1901ean, eta, urte horretan bertan, anarkista batek McKinley hil ondoren, Roosevelt presidente bihurtu zen. 1909ra arte izan zen agintean, eta hark eman zion forma Monroe Doktrinari Amerikan esku hartzeko doktrina gisa ulertuta. Halaxe adierazi zuen 1904an, Batasunaren Egoerari buruzko Hitzaldian, Monroe Doktrinari Roosevelt korolarioa gehitu zionean: «Ekintza txar kronikoengatik, edo gizarte zibilizatuekin etetea dakarren inpotentziarengatik, bai Amerikan, bai bertze edonon, nazio zibilizaturen batek esku hartzeko beharra balego, eta Mendebaldeko Hemisferioan Estatu Batuek Monroe Doktrinari jarraitzen diotenez, behartuta egon litezke, gogoz kontra bada ere, ekintza txarren edo ezintasun egoera nabarmenen aitzinean nazioarteko zaintza indarra erabiltzera».

AEBek Roosevelt presidenteorde zenean paratu zuten interbentzionismoaren lehenbiziko oinarri teorikoa, Kuba behartu zutenean konstituzioan Platt emendakina deitu zena onartzera: hau da, independentzia aitortzearen truke, Kubak onartu behar izan zuen AEBek eskubidea zutela uhartean politikoki eta militarki esku hartzeko. 1903an, jada Roosevelt agintean zela, praktikara ere eraman zuten, Panaman berriz ere independentistak babestu eta bi ozeanoak elkartzeko kanalaren jabetza eskuratuta. 1904ko adierazpenaren bidez, berriz, Rooseveltek Amerika osora hedatu zuen AEBek beren buruari emandako esku hartzeko legitimazioa, eta horren ondorio izan ziren bata bertzearen gibeletik egindako erasoaldi militarrak, baita Roosevelten ondorengo presidenteek ere: Kuba (1906-1909), Nikaragua (1912-1933), Mexiko (1914), Haiti (1915-1934), Dominikar Errepublika (1916-1924)...
Auzokide Onen Politika eta Gerra Hotza
Historiaren paradoxak: Roosevelten korolarioa bertze Roosevelt batek alboratu zuen, Franklin Delano Rooseveltek. Presidente kargua hartzeko hitzaldian, 1933ko martxoaren 4an, Latinoamerikarekiko Auzokide Onen Politika aplikatuko zuela jakinarazi zuen, eta oinarria izanen zela bertze herrialdeetan esku hartzerik ez egitea. Solasak ekintzen bidez justifikatu nahi izan zituen: Haitiren okupazioa bukatu zuen, Kubari Platt emendakina kendu zion, eta Mexikorekin nazionalizazioak negoziatu zituen, praktika horiek interbentziorako aitzakiatzat erabiltzeari utzita.
Harremanen onbideratze eta distentsio aldi hori Gerra Hotzarekin bukatu zen. 1950eko hamarkadan, AEBak esku hartze politika erasokorrera itzuli ziren, berriz ere Monroe Doktrinari helduta: oraingoan, mehatxua Sobietar Batasuna eta komunismoa ziren; hau da, Mendebaldeko Hemisferiora kanpotik etorritako bertze mehatxu bat, eta AEBen betebeharra zen Amerika arrisku horretatik libratzea. Aro horretako lehenbiziko esku hartze nabarmena Guatemalakoa izan zen, 1954an. Jacobo Arbenz presidente sozialistaren aurkako estatu kolpea lagundu zuten AEBek, Dwight D. Eisenhower presidentearen agintepean. Amerikako konpainiei eragiten zien lur erreforma bat bultzatu zuen Arbenzek; Washingtonek komunistatzat jo zuen, eta, hortaz, esku hartze bat justifikatuko lukeen mehatxutzat. Mende erdi iraunen zuen politika horrek, eta historia hurbilean ezagunak diren hainbat gertakari mingarri ekarri zituen: Kubako iraultza deuseztatzeko ahaleginak 1960ko hamarkadatik gaurdaino, Hego Amerikako diktadura militarrak lagundu eta koordinatzeko Kondor Operazioa 1970eko hamarkadan, Erdialdeko Amerikako gerra zibiletako esku hartzeak mugimendu iraultzaileen kontra 1970eko eta 1980ko urteetan, Grenadaren inbasioa 1983an...
1980ko hamarkadan bertze osagai bat gehitu zitzaion interbentzionismoari: narkotrafikoaren kontrako borroka. Horrek Kolonbiari eragin zion nagusiki, baina Panama inbaditzeko arrazoitzat ere erabili zuten AEBek 1989an. Manuel Noriega aliatu ohia agintetik kendu zuten, hilabete pasa iraun zuen inbasioaren bitartez. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, bortzehun zibil inguru hil zituzten, baina bertze iturri batzuen arabera 2.000 eta 3.000 artean izan ziren —AEBek berrehun inguru hil izana aitortu zuten—. Venezuelakoa gertatu arte, Panamakoa da AEBek aldebakarrez Amerikan egin duten zuzeneko eta ageriko azken interbentzio militarra.
Gerra Hotza bukatutakoan, zalantzazko aldi bat hasi zen, esku hartze militar zuzenetarako abagune murritzagokoa, baina, aldi berean, tentsio handikoa. Aldi horretan, errate baterako, Kubaren kontrako bahimendu ekonomikoa gogortu zuten AEBek, estatu sozialista itotzeko helburuz; Haitin esku hartu zuten birritan, baina, aitzineko aldietan ez bezala, nazioarteko mandatu baten babespean; eta Venezuelak abiarazi zuen mugimendu bolivartarrarekin tentsio eta etsaitasun handiko harremana izan zuten ia hasieratik, bereziki George W. Bushen agintaldian, Hugo Chavez Venezuelako presidentearen kontrako estatu kolpe ahalegina gertatu zenean (2002).
'Trump korolarioa'
Obamak hamarkadatako aldi gatazkatsu hura bukatu nahi izan zuen, eta Franklin Delano Roosevelten erako auzokide onen antzeko politika bat defendatu zuen. Solasak ekintzekin laguntzeko exijitu zioten Latinoamerikan, eta Kubarekin erakutsi nahi izan zuen hori. Bi herrialdeek harreman diplomatikoak berrezarri zituzten 2014an, 54 urtez etenda eduki ondotik. «Bertze atal bat hasiko da Amerikako nazioen artean», iragarri zuen Obamak. Handik bi urtera Kubara bidaiatu zuen —AEBetako presidente batek uhartera egin zuen lehenbiziko bisita 88 urtean—. Keinuak bai, baina Obamak bigarren agintaldia bukatzerako, 2017an, errotiko bi arazo aldatu gabe zeuden artean: Kubaren kontrako bahimendua indarrean zegoen, eta Venezuelarekiko harreman gatazkatsua ez zen konpondu.
Orain, Trump ailegatu da berriz ere, eta Roosevelt zaharrena berpiztu du. Hark bezala, Monroe Doktrinari korolario bat paratu dio, iragan azaroan aurkeztu zuen Trumpen korolarioa: «Urteetako utzikeriaren ondoren, Estatu Batuek Monroe Doktrina berretsi eta betearaziko dute, Mendebaldeko Hemisferioan nagusitasuna berrezartzeko, eta gure aberria eta geografia erabakigarrietarako irisgarritasuna babesteko. Hemisferiokoak ez diren lehiakideei indar posizioak edo mehatxagarriak diren bertze baliabideak ezartzea eragotziko diegu, baita ondasun estrategiko erabakigarriak hartzea ere». Venezuela izan da, hortaz, Monroe Doktrinako Trumpen korolarioaren lehenbiziko biktima.