Dominikar Errepublikak migrazio politikak gogortu ditu azken urteetan. Datu ofizialen arabera, 2024ko urritik, astero, 10.000 haitiar deportatu ditu; apirilean, berriz, beste pauso bat eman zuen, eta beste hamabost neurri jarri zituen indarrean herrialdeko migrazio politikan. Horien artean batek bereziki emakume etorkinengan jartzen du arreta: Osasun Zerbitzu Nazionalaren protokoloak. Bridget Wooding ikertzaileak esan duenez, neurriak «arriskuan jartzen ditu emakume haitiarrak, eta haien sexu eta ugalketa eskubideak mehatxatzen ditu».
Haitiko migranteen eta Dominikar Errepublikako Gobernuaren arteko talkak ez dira kontu berria. Izan ere, XX. mendearen hasieratik dator haitiarrek beren herrialde mugakidera migratzeko duten joera —bi herrialdeak Karibeko uharte batean daude—. Milaka haitiarrek bi herrialdeen arteko muga zeharkatzen dute urtero, indarkeriatik, ezegonkortasun politikotik eta pobreziatik ihes egiteko. Ondoren, Dominikar Errepublikan, soldata txikiko enpleguetan lan egiten dute, hala nola eraikuntzan, etxeko zerbitzuetan edo kafearekin, arrozarekin eta tabakoarekin lotutako zereginetan; bizi baldintza hobeen bila.
Luis Abinaderren gobernuak apirilean migrazioa «kudeatzeko» aurkeztu zituen neurrien artean daude 2022an bi herrialdeen artean eraikitzen hasitako hesia luzatzea, mugan polizia gehiago egotea eta Osasun Zerbitzu Nazionalean migrazio kontrolak ezartzea. Azken hori da eztabaida handiena sortu duen neurria.
Legeak modua ematen du, apirilaren 21etik aurrera, Migrazioko Zuzendaritza Nagusiak eta Osasun Zerbitzu Nazionalak osasun zentroetan migrazio kontrolak ezar ditzaten. Protokoloak dioenez, segurtasun arduradunek pazienteak identifikatzeko dokumentuak eskatu ditzakete: baliozko identifikazio bat, lan gutun bat eta errolda agiri bat. Osasun zentrora joan denak dokumentu horiek ez baditu, «guztiz artatu eta gero», jasotako zerbitzuak ordaindu behar ditu, eta, ondoren, migrazio poliziak deportatu egiten du. «Neurri horrek hautsi egiten du migrazio kontrolen eta zerbitzu publikoen artean egon beharreko bereizketa», Bridget Wooding Obmica Migrazioaren Behaketarako eta Garapen Sozialerako Zentroko zuzendariak dioenez. Eta Gloria Amezquita ikertzaileak adierazi duenez, «egoera horri gehitu behar zaio haitiarrek jada pairatzen dituzten muga linguistiko eta ekonomikoak».
«Osasun zentroetako kontrolak hautsi egiten du migrazio kontrolen eta zerbitzu publikoen artean egon beharreko bereizketa»
BRIDGET WOODINGObmicako zuzendaria
Gobernuak adierazi du protokoloa Dominikar Errepublikako ospitale guztietan aplikatuko dela, baina 33 lehenetsi dituzte: «legez kanpoko» emakume etorkinen %75 erditzen diren 33 osasun zentroak. Gainera, Osasun Zerbitzu Nazionaleko zuzendari Mario Lamak protokoloa aurkeztean azaldu zuenez, ospitale horietan neurri «zorrotzagoak» ezarri dituzte. Zentro horietan migrazio poliziako bi agente daude beti, bertako segurtasun arduradunekin elkarlanean, bereziki haurdun dauden emakumeei kontrolak egiten. Protokoloa «krudeltzat, arrazistatzat eta misoginotzat» jo dute giza eskubideen hainbat taldek.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, neurria ezarri zen egunean 86 emakume haurdun edo erditu berri deportatu zituzten Dominikar Errepublikako indarrek; eta handik hilabetera, 900. Izan ere, Woodingek azaldu duenez, «Dominikar Errepublikan dauden emakume haitiar gehienek ez dituzte ospitale horietan eskatzen dizkieten paperak, gehienbat lan informaletan aritzen baitira».
«Emakume horiek ospitalean atxilotzea edo haiek beldurragatik osasun zentroetara ez joatea oinarrizko giza eskubideen urraketa bortitza da»
GLORIA AMEZQUITACLACSOko ordezkaria Dominikar Errepublikan
Egoera horren ondorioz, Dominikar Errepublikan beldurra zabaldu da emakume haitiarren artean, eta, medikuarengana jotzea saihestuta, muturreko neurriak hartzen dituzte. Hori izan zen Lourda Jean Pierren kasua. Ospitalera joateko beldur zela, 32 urteko haitiar hori Dominikar Errepublikako bere etxeko lurrean hil zen, maiatzean, erditu ondoren. «Jazarpen modu bat da», adierazi zuen haren senarrak, The Guardian hedabideak egindako elkarrizketa batean. «Ez zen gure erabakia izan Lourdak etxean erditzea. Ez genuen beste aukerarik. Beldur ginen».
Horren aurrean, bi ikertzaileek azaldu dutenez, nazioarteko eta tokiko taldeak lanean ari dira emakume horiek lege berrietatik babesteko. «Emakume horiek ospitaletan atxilotzea edo haiek beldurragatik osasun zentroetara ez joatea oinarrizko giza eskubideen urraketa bortitza da», adierazi du Gloria Amezquitak, Clacso Gizarte Zientzien Latinoamerikako Kontseiluko Dominikar Errepublikako ordezkariak.
«Politika gogorragoak»
Haitiar migratzaileen kopurua handitu egin da azken hamarkadan Dominikar Errepublikan. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak 2021ean kaleratu zuenez, milioi erditik gora papergabe bizi dira Dominikar Errepublikan —11 milioi biztanle ditu herrialdeak—, eta gehienak haitiarrak dira; 497.825, IOMen arabera.
Migrazio politikak gogortuta erantzun dio horri Abinader presidenteak. 2020tik dago karguan, eta, ordutik, bere helburu nagusietako bat izan da «Haitiko migrazio krisia bukatzea». Geroz eta neurri zorrotzagoak ezarri ditu, eta, kaleratutako datu ofizialen arabera, 2024an 276.215 haitiar jaioterrira itzularazi ditu. Geroztik, Dominikar Errepublikako etorkinak, «atxiloketa arbitrarioen eta deportazioen beldur, kalean gutxiago ibiltzen eta zerbitzu publikoetara gutxiago jotzen hasi dira», azaldu du Woodingek.

Dominikar Errepublikako biztanleen artean ere handitu egin da etorkinen aurkako jarrera. Amezquitaren esanetan, gobernuaren politikek eta diskurtsoek «kutsu negatiboa sustatzen dute, migrazioa inbasio eta karga ekonomiko gisa ikusteko». Nuevo Diario Dominikar Errepublikako hedabideak uztail hasieran egindako galdeketa baten arabera, dominikarren %93 «legez kanpoko» migratzaileak deportatzearen alde daude, eta, Gallup etxeko inkesta baten arabera, %88k «politika gogorragoak» behar direla uste dute.