Donald Rumsfeld AEBetako Defentsa idazkari ohia zendu da, 88 urterekin. Asteazkenean haren sendiak jakinarazi duenez, Mexiko Berriko Taos hiriko etxean hil da. Bi alditan izan zuen AEBetako indar militarren gaineko ardura Rumsfeldek: 1975 eta 1977 artean Gerald Forden presidentetzan, eta 2001 eta 2006 artean George W. Bushenean. Bigarren aldi horregatik egin zen ezagun, Irakeko inbasioaren sustatzaileetako bat izan zelako.
Dick Cheney presidenteordearekin batera, Bushen exekutiboko belatzen liderra izan zen Rumsfeld. Hura izan zen 2003an Irak inbaditzeko justifikaziotzat herrialde horrek suntsipen handiko armak zituen gezurra erabiltzearen erantzule nagusietako bat. Gobernua utzi ondoren ere, eutsi egin zion gezur horri.
Bushek goraipatu egin du dolumin mezuan: "Estatu Batuak seguruagoak dira eta hobeto daude haren zerbitzuari esker".
AEBetako militarrek 2011n utzi zuten Irak, gerrak ehunka milaka hildako eragin ondoren. Gaur egun oraindik 2003ko inbasioaren ondorio zuzenak ari da pairatzen herrialdea, eta egonkortasuna eskuratzetik urruti dago.