Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi du hark eta Melania Knauss emazteak positibo eman dutela koronabirusaren proba eginda. Hope Hicks komunikazio zuzendariari birusa atzeman ziotelako egin dute proba.
«Gauean, Melaniak eta biok positibo eman dugu COVID-19aren proban. Berehala hasiko dugu berrogeialdia eta osatze prozesua. Elkarrekin gaindituko dugu!», idatzi du Trump presidenteak Twitterren.
Tonight, @FLOTUS and I tested positive for COVID-19. We will begin our quarantine and recovery process immediately. We will get through this TOGETHER!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) October 2, 2020
Ordu batzuk lehenago, probaren emaitza jakin aurretik, sare sozialen bidez adierazi du berrogeialdia hasiko zuela emaztearekin batera, hedabideek zabaldu baitzuten Hicksek positibo eman zuela Minnesotatik itzultzean. Han, Trumpek mitin bat egin zuen, asteartean Joe Biden presidentetzarako hautagaiarekin izan zuen debatearen ondoren.
Sean Conley Etxe Zuriko medikuak ohar batean adierazi du presidentea «ondo» dagoela, eta «haren eginkizunak beteko» dituela. Conleyk esan du berrogeialdia Etxe Zurian bertan egingo dutela, eta ez dela «etenik» egongo presidentearen lanetan. Dena dela, positibo eman izanak eragina izan lezake hauteskunde kanpainan, bozetarako bost aste falta direla.