Donaldsonen dimisioaren ondoren, Ipar Irlandako Gobernuak esan du egonkortasuna bermatu nahi duela

Lehen ministroak eta lehen ministrordeak mezu bera helarazi dute: DUPeko buruzagi aldaketak ez duela eraginik izan behar gobernabidean.

(ID_13744061) (FILE) BRITAIN NORTHERN IRELAND DUP
DUPeko Jeffrey Donaldson, iazko abenduan, agerraldi baten ondoren, Belfasten. MARK MARLOW / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 30a
16:15
Entzun

Eta, berriz ere, desegonkortasuna. Ia bi hilabete dira Ipar Irlandan botere partekatuko sistema itzuli zela, pare bat urteko blokeoaren ondoren, eta bazirudien, Sinn Feinen eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren asmoak eta mezuak aztertuz gero, ez zela izango, luzera begira, kezkarako beste arrazoirik. Baina Jeffrey Donaldsonen dimisioak agerian utzi du zein ahula den Irlanda iparraldeko politika. Eta, batez ere, Donaldsonek DUPeko buruzagi kargua utzi izanak eragina izan dezakeela gobernabidean; horregatik, koalizio gobernuak berehala jarri du arreta ideia horretan, argudiatuta egonkortasun politikoa bermatzea dela garrantzitsuena, eta horixe bera egin nahi dutela aliantzako alderdiek.

Michelle O'Neill Ipar Irlandako lehen ministroa —Sinn Feinekoa— Erresuma Batuko Sky News telebista kateari mintzatu zaio gaur, eta jakinarazi du Asanblean ordezkaritza duten alderdi guztiekin hitz egin duela «kohesioari eta buruzagitzari lehentasuna emateko». Atzo sare sozialetan idatzitako mezua ere errepikatu du, gainera: «Nire lehentasuna da herritarrek espero eta merezi duten lidergoa ematen jarraitzea, eta botere partekatuko sistema funtzionaraztea. Gure komunitate osoaren alde egingo dugu bai orain eta bai etorkizunean».

Haren aurretik, Emma Little-Pengelly Ipar Irlandako lehen ministrordea ere —DUPekoa— aritu da bere alderdian gertaturikoaz. Esan du, gaur sare sozialetara igotako mezu baten bitartez, «astinduta eta suntsituta» dagoela Donaldsoni «izaera historikoko» —iraganean ustez egindako— sexu delituak leporatu dizkiotelako, eta «biktimek beti izan behar» dutela justizia jasotzeko «aukerarik hoberena». Horiei elkartasuna adierazi ondoren, Little-Pengelly gobernabidera begira jarri da, eta adierazi du «ahal duen guztia» egingo duela «egonkortasuna emateko».

DUPi dagokionez, Gavin Robinsonek, atzodanik alderdiko behin-behineko buruzagi denak, mezu bat bidali die gaur alderdikideei, eta esan die PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuari eta auzitegiei «modua eman» behar dietela «prozesua oztoporik gabe» betetzeko. «Batzuk saiatuko dira puntu politiko merkeak lortzen, baina badakit Ipar Irlandako kideek eta lagunek ez diotela jaramonik egingo harrabotsari, eta egiazki inporta duen horretan jarriko dutela arreta», adierazi du Robinsonek.

Ipar Irlandako erakundeen kasuan, Donaldsonen dimisioak ez du eraginik izango epe laburrera begira, ez baitzen ez koalizio gobernuko ministro, ezta parlamentuko diputatu ere. Baina luzera begira bestelakoa da kontua, DUPen barne lehia baten mehatxua agerian geratu baita —batez ere, lidergorako—, eta, beraz, egungo zatiketetan are gehiago sakontzeko arriskua. Eta horrek, ezinbestean, alderditik kanpo ere ondorio politikoak eragin litzake.

Gainera, beranduenez datorren urtarrilean egin behar dituzte Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeak, baina hango hedabideetan badira zurrumurruak Rishi Sunak lehen ministroak bozak aurreratuko dituela. Hori gertatuz gero, Ipar Irlandako alderdi unionista nagusia ez litzateke egoerarik egokienean iritsiko hauteskundeetara, aintzat harturik, besteak beste, lehen aldiz gobernuburuorde kargua duela koalizio gobernuan, eta ez gobernuburuarena.

Besteak beste, bortxaketa leporatu diote

Ipar Irlandako hedabideen arabera, bortxaketa eta lizunkeria larria egotzi dizkiote Donaldsoni, baita sexu abusua ere. Horren ondorioz, dimisioa eman zuen atzo DUPeko buruzagi kargutik, eta zuzendaritzak eten egin dio alderdiko kide estatusa, prozesu judiziala nola amaitzen den argitu arte.

Apirilaren 24an pasatuko da epaileen aurretik; bai hura, baita emakume bat ere, zeinari «konplizitatea» leporatu dioten «delitu horiek egiterakoan». Ipar Irlandako komunikabideek diotenez, haren emaztea da, Eleanor Cousins, baina PSNIk ez du baieztatu informazio hori, ezta ezeztatu ere.

Aldiz, gaur argitara ateratako mezu baten bidez, Poliziak ohartarazpen bat egin du bi salatzaileen egoerari dagokionez: «Jakitun gaude sare sozialetan zer iruzkin egiten ari diren honen inguruan [Donaldsoni egotzitakoaz]. Era honetako ikerketetan, legez, ez da biktimen izenik ematen [...]. Delitu bat da biktimen identifikazioari bide eman diezaiokeen informazio oro argitaratzea, eta, hortaz, hori ikertua izan liteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.