Droneak erabili dituzte Haitin banden aurka egiteko, eta 1.243 pertsona hil dituzte

Human Rights Watchen txosten baten arabera, azken urteko operazioetan Haitiko estatu indarrek ez dute lortu bandetako liderrik hiltzea. Hamazazpi ume hil dituzte erasoetan.

Haitiko estatu indarrak Port-au-Princen, otsail hasieran. MENTOR DAVID LORENS / EFE
Haitiko estatu indarrak Port-au-Princen, otsail hasieran. MENTOR DAVID LORENS / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko martxoaren 10a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haitiko zenbait banda armatuk koalizio bat osatu zuten 2024ko otsailaren amaieran, Viv Ansanm izenekoa —euskaraz, batera bizi—. Eta, droneak erabiliz, Haitiko estatu indarrek operazioak egin dituzte banda armatu horien aurka azken urtean. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 1.243 lagun hil dituzte erasoetan; gehienak bandetako kideak dira, baina ez dute lortu liderrik hiltzea.

Jopuntuan bandetako kideak izan dituzten arren, giza eskubideen erakundeak gaur kaleratutako txosten batean adierazi du operazioan hildakoetatik hirurogei zibilak izan direla, eta ez zutela bandekin zerikusirik. Gaineratu du haietatik hamazazpi umeak zirela. 738 pertsona zauritu dituzte erasoetan, gehienak bandetako kideak, eta, HRWen arabera, 49 zibil. Iazko martxoaren 1etik aurtengo urtarrilaren 21era bitarteko datuak jaso ditu erakundeak.

2025eko martxoan hasi zituzten Haitiko estatu indarrek banden aurkako drone bidezko operazioak, Vectus Global enpresa militarraren laguntzaz. Enpresa horrek AEB Ameriketako Estatu Batuetan du egoitza. Erik Prince enpresari eta militar ohi estatubatuarrak zuzentzen du —Blackwater enpresa militar pribatua ere sortu zuen Princek, gaur egun AEBetako Constellis erakunde paramilitarra dena—.

Ordutik, lehergailuak dituzten droneak erabili dituzte banden aurka egiteko. Port-au-Princen egin izan dituzte erasoak, herrialdeko hiriburuan, eta, zehazki, hiriburuko eremu jendetsuetan. Juanita Goebertus HRW erakundearen Ameriketarako zuzendariak Reuters berri agentziari azaldu dio jasota geratu dela Haitiko estatu indarrek «legez kanpo» erabili dutela indarra, eta gobernuari eskatu dio esku har dezala: «Haitiko agintariek berehala kontrolatu beharko lituzkete segurtasun indarrak eta haientzat lan egiten duten kontratista pribatuak, haur gehiago hil baino lehen».

NBE Nazio Batuen Erakundearen Haitiko bulegoak gaitzetsi egin ditu drone bidezko eraso horiek. Alix Didier Fils-Aime herrialdeko behin-behineko lehen ministroari egotzi dio eraso horiek egiteko plana eratu izana. Trantsizioko gobernua da Haitikoa, eta urtebeteko kontratua sinatu zuen Vectus Globalekin, drone armatuak erabiltzeko. AEBek Haitin duten negozio arduradunak legezko operazioa zela adierazi zion joan den hilabetean AEBetako Senatuko batzorde bati; hau da, AEBetako Estatu Departamenduak baimena emana ziola Vectus Globali bere zerbitzuak Haitira eramateko.

Banden aurka

NBEren arabera, bandek Haitiko hiriburuaren %90 kontrolatzen dute, eta indar handiagoa hartu dute Viv Ansanm banden arteko aliantza osatuz geroztik, baita herrialdeko beste eremu batzuetan ere. Banda horiek 1,4 milioi lagun behartu dituzte etxetik alde egitera, milaka pertsona erail dituzte, eta bortxaketa masiboak egin.

2025eko irailaren amaieran, NBEko Segurtasun Kontseiluak erabaki zuen 5.500 tropa bidaltzea Karibeko herrialde hartara, Haitiko indarrei laguntzeko eta bandak desegiteko helburuarekin. Haitik AEBen, Kenyaren eta NBEren laguntza izan du ordutik, baina ez dute lortu bandek duten indarrari aurre egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA