Gutxienez 50 lagun hil eta 100 bat zauritu ziren atzo Boli Kostan, Duekoue inguruko Guitrozon eta Petit Duekoue herrixketan, borroka etnikoen ondorioz. Hildakoak Guere tribukoak ziren eta horietatikgutxienez hamaika bizirik erre zituzten.
Talde etnikoen arteko borrokak goizaldeko 02:00ak aldera hasi ziren, jendea beraien etxeetan lo zegoela. Gizon armatu batzuek petrolioa bota zuten etxebizitzetara eta eraikinak eta jendea erre, tirokatu edo sastatu zuten. Lekukoen arabera, zauritu batzuk herriko ospitalera eraman zituzten eta asko misio katoliko batean babestu ziren. Boli Kostan krisia nabaria da 2002. urtean matxinoek armak hartu eta Boli Kostako presidentea botatzen saiatu zirenetik. Hala, herrialdeko iparraldea kontrolpean hartu zuten. Ordutik, etnien arteko gerra zibilean sartuta dago Boli Kosta. Boli Kostako mendebaldeko eskualdea munduko kakao ekoizlerik handienetarikoa da: Batez beste 300.000 tona kakao produzitzen ditu. Duekoue han dago eta han ere kakaoa ekoizten da. Inguruotan ohikoak dira alde bateko eta bestekoen arteko eraso eta borrokak. Maiatzean, 30 lagunetik gora hil ziren eta milaka lagunek ihes egin behar izan dute. Gurutze Gorriko kide Kim Gordon Batesen arabera, jendea misio katolikoetara eramateko ahaleginak egiten ari dira. Izan ere, Duekoue Nazio Batuen Erakundeak (NBE) babestutako eremuaren hegoaldean dago, Armadaren eta matxinoen tartean. Horrez gain, mendebaldean Laurent Gbagbo presidentearen miliziano asko daude. Beraz, Duekoue ingurua hainbat talderen gudu-zelai bihurtu zen gatazkaren lehen urteetan. Orduan, Liberiatik joandako borrokalariek, Gobernuaren aldeko milizianoek eta matxinoek eskualdea hartu eta beldurra zabaldu zuten biztanleen artean.
Bakea lortzeko ahaleginen porrota
Nazio Batuen Erakundeko eta Frantziako milaka bake jagole matxinoek kontrolaturiko iparraldetik Gobernuak kontrolaturiko hegoaldera patruilatzen aritu dira, gerra zibila geldiarazteko asmoz. Guztira nazioarteko 10.000 bake jagole daude egun zaintza lanak egiten: NBEkoak 6.000 eta Frantziako tropak 4.000.
Joan den apirilean Laurent Gbagbo Boli Kostako presidenteak bakea sinatu zuen matxinoekin eta joan zen astean, berriz, desarmerako akordio batera iristea lortu zuten. Hala, ekainaren 27tik aurrera desarmatzen hastean adostu ziren alde bietakoak. Hala ere, aste honetan prozesua bertan behera gelditu da. NBEko kideen arabera, orain eskualde osoan autoritate krisi handia dago. Hala ere, NBEko bake jagoleek eskualdeko zaintza lanak indartzeko patruila gehiago jarri dituzte martxan.
BOLI KOSTA
Duekouen 50 lagun hil dira, borroka etnikoen ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu