Ebazpen baten «mugarria»: Amerikako estatuak behartuta daude klima seguru baterako eskubidea babestera

Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrak ebatzi du klima larrialdiak giza eskubideen krisi bat eragin duela. Haren iritziak auzi klimatikoei bultzada indartsu bat emateko balioko duela uste dute zenbait elkartek.

Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarreko epaimahaia, iazko maiatzean, Brasilgo Manaus hirian egin zuen saioan. RAPHAEL ALVES / EFE
Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarreko epaimahaia, iazko maiatzean, Brasilgo Manaus hirian egin zuen saioan. RAPHAEL ALVES / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko uztailaren 4a
13:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Klima suntsitzeak giza eskubideak urratzea dakar. Funtsean horixe ebatzi du Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrak. Eta erabakia ez da balio sinboliko hutsekoa, giza eskubideen eta ingurumenaren defentsan ari diren hainbat elkarteren ustez. Aitzitik, uste dute auzi klimatikoei bultzada handi bat emateko balioko duela, bide orri bat ezarri duela klima larrialdia eragiten ari direnei kontuak eskatzeko. Mugarritzat eta historikotzat jo dute.

Costa Rican egoitza du auzitegiak, eta atzo jakinarazi zuen zer jarrera duen estatuek klima larrialdiari erantzuteko dituzten betebeharrei buruz. Giza eskubideen ikuspegitik aztertu zuen gaia, Kolonbiak eta Txilek 2023ko urtarrilean hala eskatuta. Auzitegiak baieztatu du klima seguru baterako eskubidea giza eskubidea dela, eta, beraz, estatuek betebehar legalak dituztela, nazioarteko zuzenbidearen argitara, egun bizirik dauden herritarrak eta horien ondorengo belaunaldiak klima larrialdiaren aparteko arriskuetatik babesteko.

Obligazio horrek dakartzan ardura batzuk zerrendatu ditu auzitegi interamerikarrak, 300 orritik gorako ebazpen batean. Besteak beste, berotegi gasen emisioak murrizteko «premiazko neurri eraginkorrak» hartzea; anbizio handiko helburu klimatikoak ezartzea, eskuragarri dagoen jakintza zientifiko onenean oinarrituta; ingurumen «kalte atzeraezinak» eragoztea; klima aldaketara egokitzea; nazioartean lankidetzan aritzea, eta herritarrak klima larrialdiari buruzko desinformaziotik babestea.

«Estatuek orain badute gida argi bat, eta jada ezin dute argudiatu ez dakitela zer betebehar dituzten giza eskubideei dagokienez»

ANA PIQUERAmnesty Internationalen Amerikarako zuzendaria

Ana Piquer Amnesty Internationalen Amerikarako zuzendariaren esanetan, auzitegiaren iritziak itxaropena piztu du klima krisiaren ondorioz beren eskubideak urratuta dauzkaten milioika herritarrengan. «Estatuek orain badute gida argi bat, eta jada ezin dute argudiatu ez dakitela zer betebehar dituzten giza eskubideei dagokienez. Bide orria ezarrita dago. Orain berehalako ekintza zehatz eta positiborako unea da, klima krisiari premiaz erantzuteko».

Ebazpenari garrantzia aitortu dio CIEL Nazioarteko Ingurumen Zuzenbide Zentroko Klima eta Energia programako zuzendari Nikki Reischek ere. Iritzi historikoa da, haren ustez, giza eskubideetan oinarritzen duelako justizia klimatikoa. «Auzitegiaren ondorioek ohartarazpen bat izan behar lukete erregai fosilen industriarentzat eta beste kutsatzaile handientzat: klima suntsitzea legez kanpokoa da».

Auzitegiaren kontsulta iritziak ez dira ebazpen lotesleak, baina eraginkortzat jotzen dira, aurretik indarrean den legedia sintetizatzen dutelako. CIELek adierazi duenez, «pisu juridiko nabarmena» izaten dute, eta atzokoak auzi klimatikoak bideratzeko balioko du, baita klima politikak formulatzeko ere, horiek betebehar juridikoetan oinarritzeko modua eskainiko duelako.

Epaileek ebazpenean ohartarazi dutenez, auzitegiaren ondorioak ez dituzte aintzat hartu beharko Giza Eskubideen Amerikako Itunaren sinatzaileek soilik, baizik eta Amerikako Estatuen Erakundeko kideek, tartean AEBak eta Kanada —erakundeko 35 estatuetatik 23k sinatu dute Giza Eskubideen Amerikako Ituna—.

Kutsatzaileenen ardura

Ingurumen osasuntsu baterako eskubidea izan du abiapuntu auzitegiaren iritziak. Hura giza eskubide bat dela baieztatu du, eta lehenengoz zehaztu du eskubide horrek barnean hartzen duela klima seguru baterako eskubidea. Horrenbestez, estatuak legez daude behartuta berotegi gasen emisioak erregulatzera, sektore publikoan nahiz pribatuan.

Era berean, enpresa guztiak behartuta daude giza eskubideak ez urratzeko arduraz jokatzera, baina orain arte berotegi gas gehien isuri dutenek badute ardura bereizi bat, «beren jarduerak sortu duen arriskuagatik». Espresuki aipatzen ditu erregai fosilen esplorazioa, garraioa eta ekoizpena, zementu fabrikazioa eta agroindustria.

«Ingurumenaren defendatzailerik gabe, ez dago justizia klimatikorik. Auzitegiak modu egokian baieztatu du planeta defendatzea eskubide bat dela bere horretan, eta demokraziaren giltzarrietako bat dela»

LUISA GOMEZ CIELNazioarteko Ingurumen Zuzenbide Zentroko abokatu nagusia

Auzitegiak uste du estatuek eskakizun zorrotzagoak egin behar dizkietela sektore horiei gutxiago kutsa dezaten. Gomendatu du, besteak beste, jarduerei ingurumen baldintzak ezartzea, zergapetzea, eta trantsizio justu baterako ekarpenak egitera behartzea. Enpresek estatuek ezarritako neurriak beteko ez balituzte, auzitegiak proposatu du horien jarduerak etetea eta gobernuek konpainiei kalte ordainak eskatzea. Kontu eskea bideragarri egite aldera, estatuak deitu ditu multinazionalak beren taldeko enpresa subsidiarioen emisioen erantzule egingo dituzten legeak onartzera.

Auzitegi interamerikarrak naturaren eskubideak ere aitortu ditu, bestalde. Hau da, ekosistemak eskubide subjektu direla. Horrez gain, CIELen abokatu nagusi Luisa Gomezek azaldu duenez, ebazpenak «lotura funtsezko bat» ezarri du klima krisiaren ondorioen eta herritarren eta ekosistemen eskubideen artean. Auzitegiak adierazi du estatuak behartuta daudela ingurumena, klima eta giza eskubideak babesten dituztenak babestera, eta defentsa horretan nabarmentzekoa dela herri indigenek, afro-amerikarrek eta gazteek egiten duten lana. «Ingurumenaren defendatzailerik gabe ez dago justizia klimatikorik. Auzitegiak modu egokian baieztatu du planeta defendatzea eskubide bat dela bere horretan, eta demokraziaren giltzarrietako bat dela», esan du Gomezek.

Bigarren iritzia

Estatuek klima krisiari modu eraginkorrean erantzuteko betebeharra dutela baieztatzen duen nazioarteko bigarren erakundea da Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarra. Aurretik, hala egin zuen Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiak, iazko maiatzean. Nazioarteko Justizia Auzitegiak ere aurten du ematekoa bere iritzia, eta haren ebazpenak izango du oihartzunik handiena. Giza eta Herri Eskubideen Afrikako Auzitegiak, berriz, prozesua hasi berri du auzi beraren inguruan.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiari dagokionez, ez du halako kontsulta iritzirik plazaratu, baina, iazko apirilean, aurrekari bat ezarri zuen: Suitzari egotzi zion klima larrialdiaren aurka behar beste ez egitea, nahiz eta, Giza Eskubideen Europako Konbentzioak jasotakoa kontuan hartuta, hori egiteko «obligazioa» duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.