Estatuak klima larrialdiaren kontra ekitera behartuta daude, Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiaren arabera

Estatu uhartetar txikiek eta zenbait elkarte ekologistak historikotzat jo dute auzitegiaren ebazpena, eta uste dute eredu izango dela hurrengo klima auzietarako.

Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiaren saio bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiaren saio bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 21a
16:05
Entzun

Estatuek klima aldaketaren kontrako neurriak hartzeko betebeharra dutela adierazi du gaur Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiak, eta zenbait elkarte ekologistak mugarritzat jo dute ebazpena. Auzitegiak adierazi duenez, Nazio Batuen Erakundearen Itsas Zuzenbidearen Hitzarmenak jasotzen du haren estatu sinatzaileek itsasoko naturaguneak babesteko betekizuna dutela, eta berotegi gasen emisioak arriskuan jartzen dituela eremu horiek. Horrenbestez, klima larrialdiari aurre egiteko «nahikoa neurri» hartzera derrigortuta daude, legez.

Auzitegiak estatuen obligazioei buruzko iritzia eman du Estatu Uhartetar Txikien Batzordearen eskariz, eta, ebazpena loteslea ez den arren, baliteke erabakiak eragina izatea etorkizuneko klima auzietan. Batzordeko estatu kideek garaipentzat hartu dute. Eselealofa Apinelu Tuvaluko goi komisarioaren esanetan, auzitegiak «argi utzi du estatu guztiek itsas ingurumena babesteko duten legezko betebeharra. Garai historikoa da garabidean diren uhartedi txikientzat, klima justizia aldarrikatzeko bidean. Urrats garrantzitsua da kutsatzaileak erantzule egiteko, gizadi osoaren mesedetan».

«Estatu uhartetar txikiak bizirik irauteko borrokan ari gara. [...] Eskatzen dugu kutsatzaile handienek nazioarteko zuzenbidea errespeta dezatela».

GASTONE BROWNEAntigua eta Barbudako lehen ministroa

Batzordea osatzen duten uhartediek dute arriskurik handiena klima larrialdiari begira, litekeena baita haien lurrak urpean gera baitaitezke tenperaturen igoeragatik, itsas maila ere igo egingo baita. «Estatu uhartetar txikiak bizirik irauteko borrokan ari gara. Batzuk ez dira bizitzeko egokiak izango laster, berotegi gasen emisioak murrizteko neurrien porrotarengatik. Eskatzen dugu kutsatzaile handienek nazioarteko zuzenbidea errespeta dezatela», adierazi du Gaston Browne Antigua eta Barbudako lehen ministroak.

Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiaren erabakia «mugarri garrantzitsu bat» dela uste du Pepe Clarke WWF Naturarentzako Mundu Funtseko Ozeanoen arloko buruak ere. «Mezu indartsua bidaltzen du: emisioak gutxitzeak eta itsas ekosistemak babesteak gobernuen lehentasun bat izan behar duela». Louise Fournier Greenpeaceko Klima Justiziaren Arloko arduradunaren iritziz, ebazpena «aurrerapauso garrantzitsu bat da nazioarteko ingurumen zuzenbidearentzat eta ozeanoen babesarentzat. Lege aurrekari argi bat ezarri du klima larrialdiari aurre egiteko indarrean diren nazioarteko esparruetan, eta indartu egin du estatuek klima aldaketari begira ekiteko duten ardura».

Emisioak, kutsadura

Itsas Zuzenbidearen Hitzarmena sinatu duten 169 estatuak legez behartuta daude itsas inguruneetan kutsadura prebenitzera, murriztera eta kontrolatzera, eta, auzitegiak gaur azaldu duenez, ozeanoetan pilatzen ari diren berotegi gasak itsas kutsaduraren mota bat dira. Hori dela eta, estatuak derrigortuta daude berotegi gasen emisioak prebenitzeko, murrizteko eta kontrolatzeko sistema eraginkorrak indarrean jartzera, zientziaren ebidentziarik onenetan eta klima larrialdiari aurre egiteko nazioarteko itunetan oinarrituta. Bereziki, Parisko Hitzarmenak ezarritako bi helburu aipatu ditu estatuek martxan jarri beharreko klima politikentzako erreferentzia gisa: Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea, eta hori lortzeko emisioen murrizketa epeak betetzea.

Auzitegiak adierazi du hitzarmena sinatu duten estatuek legezko betebeharra dutela itsasoko ekosistemak klima larrialdiaren kalteetatik babesteko ere. Gaineratu du uraren berotzeagatik degradatutako ekosistemak leheneratzeko betekizuna dutela; bereziki, ekosistema ahuletan eta arriskuan dauden espezieen habitatak direnetan.

Klima larrialdiari aurre egiteko nazioarteko hitzarmenek, Pariskoak kasurako, ez dute jasotzen estatuentzako neurri loteslerik, eta, hutsune hori dagoela ikusita, geroz eta gehiago dira estatuei erantzukizun legala eskatzeko auzitara jotzen ari diren elkarte eta norbanakoak. 2017tik 2022ra bitartean, klima auzien kopurua bikoiztu egin zen munduan.

Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiak lehenengoz adierazi du, irismen globaleko ebazpen baten bidez, estatuak legez behartuta daudela klima aldaketari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzera. Joan den apirilaren 9an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Suitzako Estatua zigortu zuen, eta bidea urratu zuen Europako Kontseiluko kide diren herrialdeentzat. Nazioarteko beste auzitegi batzuk ere ari dira antzeko auziak aztertzen. Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrak eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak iritzia ematekoa dute estatuek klima larrialdiari begira dituzten betekizunen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.