EBk eta Armeniak lehen aldiz bien arteko goi bilera bat egingo dute bihar

Erevanen egin dute Europako Komunitate Politikoaren goi bilera ere. Antonio Costa, Europar Batzordeko presidentea: «Goi bilkurak Europaren erdigunean kokatu du Armenia».

Antonio Costa gaur Erevanen, Europako Komunitate Politikoaren goi bileran. LESZEK SZYMANSKI / EFE
Antonio Costa gaur Erevanen, Europako Komunitate Politikoaren goi bileran. LESZEK SZYMANSKI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 4a
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasunak bere alboan nahi du Armenia edo, behintzat, Moskurengandik urrun. Bihar lehen aldiz goi bilera bat egingo dute Armeniako eta Bruselako ordezkariek, Erevanen. Hain justu, Armeniako hiriburuan egin dute gaur Europako Komunitate Politikoaren zortzigarren goi bilera ere. Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak uste du bilera horrek «Europaren erdigunean» kokatu duela Armenia, eta oroitarazi du Erevan «hurbileko bazkide» bat dela Bruselarentzat.

Gainera, Costak Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroaren lana goraipatu du Europako Komunitate Politikoaren bilkuran egindako agerraldi batean: «Haren erabaki ausartei esker Europako Batasunetik hurbilago dago Armenia». Ekainaren 7an egingo dituzte bozak Armenian, eta EBk aditu talde bat bidaliko du, Errusiaren «esku sartzea» eragozteko.

Apirilaren hasieran Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu zen Paxinian, eta aurrez aurreko bat izan zuten. Kremlineko buruak esan zion ekaineko bozetan Erevanek hautagai guztien parte hartzea bermatu behar lukeela. Samvel Karapetian Armeniako oposizioko kide errusiazalea preso dago; herritarrak ordena konstituzionalaren aurka egitera bultzatzea leporatzen diote. Paxinianek oroitarazi zuen bozetako hautagaiek Armeniako nazionalitatea eduki behar dutela; Karapetianek Errusiakoa ere badu.

Paxinian eta Putin, apirilaren 1ean, Moskun. PAVEL BEDNYAKOV / EFE
Paxinian eta Putin, apirilaren 1ean, Moskun. PAVEL BEDNYAKOV / EFE

Erevanen eta Kremlinen arteko harremana tenkatuta dagoen honetan, Brusela Armenia bere aldera eraman nahian ari da. Gaur, Europako Komunitate Politikoaren goi bilkuran, 48 estatutako ordezkariak elkartu dira Erevanen —Errusia eta Bielorrusia ez dira atzerri gaiei buruzko foro horretako kide—. EBko 27 estatu kideez gainera, Europako beste hogei estatuk hartu dute parte, baita Kanadak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA