EBko estatu guztiek onartu beharko dituzte beste estatu kide batean egindako sexu berekoen ezkontzak

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, talde komunitarioko estatu guztiak derrigortuta daude beste estatu kide batean egindako edozein ezkontza onartzera; baita herrialde horretan sexu berekoen ezkontzak legezkoak ez badira ere.

Sexu berekoen ezkontzen aldeko kartel bat,  LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira egindako martxa batean, ekainean, Varsovian. ALBERT ZAWADA / EFE
Sexu berekoen ezkontzen aldeko kartel bat, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira egindako martxa batean, ekainean, Varsovian. ALBERT ZAWADA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko azaroaren 25a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasuneko edozein estatutan egindako ezkontzak aitortzera behartuta daude estatu kide guztiak. Hala ebatzi du gaur Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Horrek esan nahi du sexu berekoen ezkontzak legezkoak ez diren herrialdeetan ere onartu egin beharko dituztela EBn egindako gisa horretako ezkontzak. «Beste estatu kide batean ezkondutako sexu bereko bikote baten ezkontza ez aitortzea batasuneko zuzenbidearen aurkakoa da», ebatzi du EBko Auzitegi Gorenak.

Ezkontzen inguruko legedia herrialde bakoitzaren eskumena dela onartu du epaitegiak; hau da, estatu bakoitzaren esku dagoela sexu berekoen ezkontzak onartu ala ez. Polonian, esaterako, ez dira legezkoak. Baina EBko Justizia Auzitegiak arrazoia eman die Alemanian ezkondu ziren bi gizonezkori, eta ebatzi du Varsoviak onartu egin beharko duela ezkontza hori. 2018an, Alemanian bizi zirela, ezkondu egin zen bikote hori —Poloniako nazionalitatea dute biek, eta bietako batek Alemaniakoa ere bai—. Gerora, Poloniara joan ziren bizitzera, baina herrialde hartako erregistro zibilean ez zuten onartu bikotearen ezkonlotura, argudiatuta Polonian ez direla legezkoak sexu berekoen arteko ezkontzak.

Bikoteak herrialdeko auzitegi gorenera jo zuen, eta handik, talde komunitarioko justizia auzitegira. Gaur arrazoia eman diete, eta Poloniak onartu egin beharko du lotura hori.

Donald Tusk Poloniako lehen ministroak lege proiektu bat aurkeztu zuen sexu berekoen ezkontzak legeztatzeko, baina ez zuen aurrera egin, Tuskekekin koalizioan dagoen alderdi kontserbadorea aurka agertu baitzen. Onartuta ere, Karol Nawrocki herrialdeko presidenteak esana du betoa jarriko liokeela sexu berekoen ezkontza baimenduko lukeen edozein legeri.

Gaur egun, EBko 27 herrialdeetatik hamazazpitan da legezkoa sexu berekoak ezkontzea; beste batzuetan, bikote homosexualak gehienez ere izatezko bikote gisa aitortzen dituzte. Eta hainbat herrialdetan, traba handiak dituzte sexu bereko bikoteek: Bulgarian, Hungarian, Eslovakian eta Errumanian, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.