EBko Justizia Auzitegiak Espainiako amnistia legeaz ebatziko du bihar

Litekeena da Europako Batasuneko justizia instantzia gorenaren erabakiak Puigdemonten eta Kataluniako beste buruzagi independentista batzuen geroa baldintzatzea. Abokatu nagusiak azaroan esan zuen amnistia bateragarria dela EBko zuzenbidearekin.

Carles Puigdemont agerraldi batean Perpinyan (Ipar Katalunia), iazko urrian. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puigdemont agerraldi batean Perpinyan (Ipar Katalunia), iazko urrian. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 15a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasuneko Justiziak Auzitegiak Espainiako amnistia legeaz zer ebazten duen, litekeena da horrek baldintzatzea Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz erbesteratuta eta inhabilitatuta daudenen geroa. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Kontu Auzitegiak planteatutako zalantzei erantzunez, EBko justizia instantzia gorena bihar da jakinaraztekoa ea Espainiako Kongresuak 2024ko maiatzean onartutako legea bateragarria ote den talde komunitarioko zuzenbidearekin. EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak azaroan ebatzi zuen baietz, eta ohikoena izaten da auzitegiak haren iritziarekin bat egitea. Behin Luxenbugoren ebazpena esku artean edukita, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak modua izango du besteak beste Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak eta Oriol Junqueras presidenteorde izanak aurkeztutako babes helegiteez ebazteko, Auzitegi Gorenak ez baitie amnistia aplikatu ez haiei, ez beste buruzagi subiranista batzuei.

Hasteko, bihar, bi auzitegik aplikazioaren harira dituzten dudei erantzungo die Luxenburgok. Espainiako Kontu Auzitegiak galdetu zion ea amnistia legea bateragarria den EBko zuzenbidearekin, eta Generalitateko 35 goi kargudunek —hala nola Puigdemontek eta Junquerasek— 2017ko urriaren 1eko erreferendumerako jarritako funts publikoen kudeaketan duten erantzukizunaz. Hori batetik. Bestetik, Auzitegi Nazionalak galdetu zion ea «terrorismoa» egotzita auzipetutako CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako hamabi kide amnistiatu behar ote dituen. Hori bai, Luxenburgok ez du gaitasunik amnistia legea bertan behera uzteko.

Dean Spielmann Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak azaroaren 13an esan zuen ez dagoela «lotura zuzenik» prozesu subiranistako gastu publikoen eta EBren kontuen artean; hau da, gastu hark ez ziela eragin talde komunitarioaren gastuei. Azpimarratu zuen, gainera, ez zegoela bateragarritasun arazorik «terrorismoaren» aurkako EBren zuzentarauaren eta amnistia legearen artean. Kontuan hartu behar da, hain zuzen, amnistia legetik kanpo geratzen direla «jokabide terroristarik larrienak», baita «norbanakoen aberasteari» bide eman dioten diru publikoaren erabilera bidegabeak ere.

Arauaren izenburuak dio «Kataluniako normalizazio instituzionala, politikoa eta soziala» dituela helburu. Horrekin lotuta, abokatu nagusiak azpimarratu zuen, Espainiako eskuinen iritziari buru eginez azpimarratu ere, onartutakoa ez zela «autoamnistia bat», haren asmoa ez zelako «erregimen politiko bat» edo haren ordezkariak auzitegien erabakietatik babestea, baizik eta «ezohiko egoera bati erantzutea» eta normalizazio instituzionala eta «adiskidetzea» bultzatzea.

Duela ia hiru urte hasi ziren lege horri buruz hizketan. 2023ko uztailaren 23an, Gorteetarako hauteskundeak egin zituzten Espainian, eta, emaitzen ondorioz, Pedro Sanchezek ERC Esquerra Republicana eta JxC Junts Per Catalunya Kataluniako alderdi independentista nagusien beharra zuen Espainiako Gobernuko presidentetzan segitzeko. Horiek, babes truke, eskatu zioten pausoak ematen has zedila Kataluniako prozesu subiranistari lotutako amnistia lege bat osatzeko. Horretan hasi zen Sanchez, eta urte hartako azaroan izendatu zuten, Kataluniako bi alderdi horiek ere haren alde bozkatuta. Zazpi hilabete geroago onartu zuten amnistia legea, aldeen artean hainbat tirabira izan ondoren.  

Konstituzionalaren teilatura

Amnistiak barne hartu zituen 2011ko azarotik 2023ko azaroaren 13ra Kataluniako prozesu independentistarekin lotuta izandako ekintzak eta Espainiak legez kontrakotzat jo izan zituenak. Oro har, irekita zeuden auziak artxibatu egin zituzten auzitegiek; Auzitegi Gorenak, ordea, ez zuen gauza bera egin. Ez die amnistia aplikatu dirua bidegabe erabiltzeagatik zigortutako buruzagi independentistei —2017ko urrian Generalitateko kide ziren gehienei—, argudiatuta diru publikoa baliatu zutela «beren buruarentzat irabaziak lortzeko», Pablo Llarena epaileak 2024ko irailean ebatzi zuenez. 

Puigdemont ez zuten zigortu 2019ko urrian, jada bi urte zeramatzalako erbestean; hau da, ez zuten epaitu. Haren kontrako atxilotze agindu bat emana zeukan Gorenak 2017ko udazkenean erbesteratu zenetik, eta horri eutsi dio amnistia legea indarrean sartuta ere. Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiak ere ordutik daude Bruselan. 

Hortaz, ikusteko dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zer egingo duen Luxenburgoren iritziaren berri eduki ondoren. Espainiako eta Kataluniako hainbat hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratu dutenez, Konstituzionala, Espainiako instantzia judizial gorena, udazkenean da Puigdemonten eta Junquerasen helegiteez ebaztekoa —orain arte hemeretzi epai kaleratu ditu amnistia legea ontzat joz—. Konstituzionalaren erabakiak Gorenak hartutakoei eragingo die zuzenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA