Migrazioak

EBko sei estatu prest agertu dira 'Open Arms' ontziko migratzaileak hartzeko

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak adierazi du Frantziak, Alemaniak, Errumaniak, Portugalek, Espainiak eta Luxenburgok beren burua eskaini dutela migratzaileak hartzeko. Open Arms ontzia Italiako uretan dago, Lampedusa uhartetik gertu, baina ez du porturatzeko baimenik.

'Open Arms' ontzia, atzo, Lampedusa uhartearen hurbileko uretan. ELIO DESIDERIO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abuztuaren 15a
06:59
Entzun

EB Europako Batasuneko sei estatu kide gertu daude Open Arms ontziak barruan dituen 147 migratzaileak hartzeko. Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak eman du berria, sare sozialen bidez. Contek azaldu du lanean ari dela estatu europarrek sistema iraunkor bat adostu dezaten, migratzaileak batasuneko estatuen artean banatzeko. Open Arms ontzia Lampedusa uhartearen (Italia) parean da atzoz geroztik, Italiako auzitegi batek herrialdeko uretan sartzeko debekua bertan behera utzi ostean. Migratzaileak lehorreratu ahal izateko baimenaren zain dago oraindik ere. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak ezarri zion Italiako uretan sartzeko debekua Proactiva Open Arms GKEko ontziari. Aferak zatiketa areagotu du Italiako Gobernuan koalizioa osatzen duten Lega Nord alderdiaren eta M5S 5 Izarren Mugimenduaren artean.

Europako Batzordeak adierazi du oraindik ere harremanak lantzen dabilela EBko hainbat estaturekin, Open Armsek erreskatatu dituen migratzaileen lehorreratzea eta harrera bideratzeko. Oraingoz, Frantziak eta Espainiak baieztatu dute soilik elkarrizketa horietan ari direla parte hartzen. Batzordeak adierazi du estatuak era "aktiboan" ari direla negoziazio horietan eta, beraz, ez dutela xehetasunik emango. Asteartean ohartarazi zuen irtenbidea "estatuen esku" dagoela, eta batzordeak ez duela eskumenik migratzaileen lehorreratzeari buruz edo horien harrerari buruz erabakitzeko.

Conteren esanetan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea bat dator Italiaren eskariarekin, eta haren iritziz ere beharrezkoa da migratzaileak batasuneko estatuen artean banatuko dituen sistema iraunkor bat sortzea.

Open Arms ontzia 147 migratzaile erreskatatuak portu seguru batera eramateko baimenaren zain dago, abuztuaren 1etik. Nazioarteko uretan egon da atzo arte, Italiak bere uretan sartzeko debekua ezarria baitzion. Italiako auzitegi batek debeku hori indargabetu du, ordea, "salbuespenezko larrialdi egoera" argudiatuta. Hala, Lampedusako kostaren parera egin du ontziak, porturatzeko baimen baten zain. Open Armsek bezala, 356 migratzaile erreskatatu portu seguru batera eramateko baimenaren zain dago Ocean Viking ontzia ere. SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEen ontzia nazioarteko uretan dago zain.

Auzitegiarekin erabakiaren kontra agertu zen atzo Salvini Barne ministroa, eta debeku agindu berri bat sinatuko zuela iragarri zuen. Bart sinatu du. Aldiz, ez du lortu agindu hori indarrean jartzea, horretarako Garraio eta Defentsa ministroen oniritzia behar zuelako, eta bi ministro horiek ez dutelako neurria babestu. Biak M5Sko kideak dira, Salviniren Lega Nord alderdiaren koaliziokideak Italiako gobernuan.

"Ezin dugu ahaztu edozein eratako indarkeria eta abusuak jasan dituzten haur eta gazteak daudela [Open Arms ontziaren barruan]. Politikak ezin du inoiz gizatasuna galdu. Horregatik ez dut sinatu", adierazi du Elisabetta Trenta Defentsa ministroak. Danilo Toninelli Garraio ministroak ohartarazi du beste debeku bat sinatu izanak "zailtasunetan" jarriko zuela gobernua. "Salvinik akordio erraza lortu nahi duela du soilik". Salvinik erantzun die "trafikatzaileei eta GKEei laguntzea" ez dela gizatasunez jokatzea. Horretarako, "Afrikan serioski inbertitu" beharra dago, haren esanetan, "eta ez Italiako portuak ireki".

Contek Salviniri leporatu dio migrazioaren kontrako diskurtsoa erabiltzea hauteskundeetan babes handiagoa lortzeko. Barne ministroari eskatu dio Italiako Gobernuarekin leial jokatzeko.

Salvinik hautsitzat jo zuen Italiako gobernu koalizioa, joan den astean. Hauteskundeak behartu nahian, zentsura mozioa aurkeztu zuen Lega Nordek Giuseppe Conte lehen ministroaren kontra. Conte Senatura deitu dute datorren astearterako, zentsura mozioa eztabaidatzeko. Salvinik alde ditu inkestak, eta hauteskundeak aurreratu nahi ditu hori aprobetxatzeko. Halere, baliteke M5S Bost Izar Mugimenduak eta PD Alderdi Demokratak bat egitea haren igoera gelditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.