EBn, Norvegian eta Suitzan asilo eskaerak %28 igo dira urteko lehen seihilekoan

Denera 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte Europako herrialde horiek. Siriarrek eta afganiarrek egin dituzte eskaera gehien

Errefuxiatuen aldeko manifestazio bat, ekainean, Berlin ondoko herri batean. FILIP SINGER / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Errepikatzeko joera izan ohi du historiak. Batzuetan, hamarkada baten ondoren itzultzen da abiapuntura, eta, besteetan, urte gutxira. EUAA Europako Batasuneko Asilo Agentziak atzo argitaratutako txosten baten arabera, urtarriletik hona milioi erdi asilo eskaera baino gehiago erregistratu dituzte EB Europako Batasuneko herrialdeetan, Norvegian eta Suitzan —Schengen eremuan daude bi horiek—. Horiek hala, 2016tik erregistratutako eskaera kopururik handiena da aurtengoa, 2015 eta 2016 urteetako errefuxiatuen krisia izan zenetik erregistratutako handiena, hain justu.

Zehazki, Europako herrialde horiek 519.000 asilo eskaera baino gehiago jaso dituzte lehen seihilekoan, iaz epe berean baino %28 gehiago. Datu horri erreparatuta, txostenaren egileek aurreikusten dute asilo eskaerek milioiaren langa gaindituko dutela urte amaierarako. Aurreikuspen hori beteko balitz, iaz baino asilo eskaera gehiago erregistratuko lirateke aurten. Eta iazko datua ez da txikia: ia milioi bat eskaera jaso zituzten, 2021ean baino %53 gehiago.

Baina nork egiten ditu eskaera horiek? Eta nork jasotzen ditu? Bada, txostenaren arabera, aurten ere Alemania da asilo eskaera gehien jasotzen ari den herrialdea; hots, erregistratutako eskaera guztien %30. Zerrenda horretan, Espainia da bigarren (%17), eta Frantzia hirugarren (%16). Eskaeren beste aldean, berriz, Siriako, Afganistango, Venezuelako, Turkiako eta Kolonbiako milaka lagun daude. Bost herrialde horietan jaiotakoak dira asilo eskatzaileen ia erdiak, %44. Halaber, irandarrek eta errusiarrek egindako asilo eskaerak bikoiztu egin dira iaztik.

Orain arte, Europako herrialdeek 2016an jaso zituzten inoizko asilo eskaera gehien. Siriarrek eskatu zituzten horietatik guztietatik erdiak inguru, herrialde horretako gerraren unerik okerrenean. Halere, zazpi urteren ondoren, zerrendaren lehen postuan dago Siria: hango herritarren 67.000 asilo eskaera erregistratu dira aurten, iaz epe berean baino %47 gehiago. Siriaren atzetik, afganiarrek egin dituzte asilo eskaera gehien, 55.000 inguru. Igoera horren atzean ezkutatzen dira, besteak beste, COVID-19aren pandemia eta 2021ean talibanek herrialdeko agintea hartu izana.

Onartutako eskaerak: %41

Dena den, kontu bat da Europako herrialdeetan asiloa eta babesa eskatzea, eta, beste bat, Europako herrialdeek eskaera hori onartzea. Herrialde horiek aurten jasotako eskaera guztien %41 bakarrik onartu dituzte oraingoz. Eta, txostenaren arabera, eskaeraren jatorriak pisu handia izan dezake baietzaren eta ezetzaren arteko balantzan. Adibidez, Turkiatik asiloa eskatzen dutenek dituzte nazioarteko babesa jasotzeko «aukera gutxien».

Bestalde, aintzat hartzekoa da asilo eskatzaileen zerrendan agertzen ez diren milioika errefuxiaturi babesa ematen ari zaiela EB: Ukrainako errefuxiatuei, hain justu. Denera, uste da lau milioi errefuxiatu inguru bizi direla egun Europako herrialderen batean, iazko otsailean Errusiaren eta Ukrainaren artean hasitako gerratik ihesi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.