Edgar Morin filosofo eta soziologo frantziarra hil da, pentsamendu konplexuaren teoriaren sortzailea. Atzo hil zen, 104 urterekin, eta gaur eman du horren berri haren sendiak. XX. mendearen amaierako eta XXI. mendearen hasierako filosofo nabarmenenetako bat izan da. La Méthode (Metodoa) da haren obrarik aipagarriena, lan hori osatzen duten sei aleetan jaso zituen pentsamendu konplexuaren teoriaren oinarriak.
1921eko uztailaren 8an jaio zen, Parisen, familia judu batean, Lehen Mundu Gerra (1914-1918) amaitu berritan. Gaztea zen naziek Frantzia okupatu zutenean, eta okupazioaren aurkako erresistentzian jardun zuen Bigarren Mundu Gerran (1939-1945).
Konplexutasunaren defentsan, etengabe jarri izan ditu zalantzan bere oinarriak. 1951n, Alderdi Komunista utzi zuen, baina beti izan du bere burua ezkerrekotzat. Morini leporatu izan diote antisemita izatea Israel kritikatzeagatik; eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen jarraitzaile izatea ere bai, Europako herrialdeek Errusiako kulturaren aurka hartutako jarrera zalantzan jartzeagatik.
Ipar Euskal Herriarekin izan du lotura; besteak beste, Bakegileak taldeari babesa agertu zion 2024an, Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle bakegileak auzipetu zituztenean. Euskal Herriko eta nazioarteko ehun pertsona ospetsuk eskatu zuten bi auzipetuak errugabetzea, eta izen horien artean zegoen Edgar Morinena.