Edinburgok bilera bat eskatu dio EBri independentziaz eztabaidatzeko

Durao Barrosok esan du edozein estatu berrik Europako Batasunari eskaera egin behar diola erakundean sartzeko

Erredakzioa
2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
«Gure doktrina argia da 2004az geroztik. Herrialderen baten zati batek estatu independente bilakatu nahi badu, eskaera egin behar du Europako kide izateko. Begien bistan daude legeak». Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak BBCkateari egindako adierazpen horien ondoren Eskoziako Gobernuaren erreakzioa iritsi da. Gutun baten bidez, Nicola Sturgeon lehen ministrordeak bilera batetara deitu du Europako Batzordea, Eskoziaren balizko independentziaz hitz egiteko. Batzordeak baieztatu du gutuna jaso duela, baina ez du adierazpenik egin auziari buruz.

Edinburgoren jarrera argia da: independentziari buruzko erreferendumean baiezkoa gailentzen bada, EB Europako Batasuneko kide izan behar du Eskoziak, eta negoziazio guztiak testuinguru horren baitan egin behar dira.Eskoziako Alderdi Nazionalaren arabera, ez diote eskaera berririk egin behar EBri, erakundeko kide izateko. Durao Barrosok, ordea, ez du hala uste: «Herrialde bat independizatzen baldin bada estatu berri bat da, eta EBn sartzeko baldintzak gainontzeko kideekin negoziatu behar ditu». Igaro den astean, Durao Barrosok Eskoziako Gobernuari bidali asmo dion gutun baten zirriborroa aurkeztu zuen Europako Batzordean. Haren arabera, Eskozia EBtik kanpo geldituko litzateke, eta bertan sartzeko eskaria egin behar luke .

Adierazpen kontrajarriak

Duela bi hilabete Kataluniaren independentzia prozesuaren gaia gori-gorian zegoenean adierazpen kontrajarriak egin zituzten Europako bi ordezkarik. Elmar Brok Euroganberako atzerri ministroak Durao Barrosoren jarrerarekin bat etorri zen. Broken esanetan, ez dago EBko kide bihurtzerik erakundeko kideren batek betoa jarriz gero. «EBn sartzeko Madrilekin negoziatu behar du Kataluniak». Vivianne Reding Europako Justizia komisarioak, berriz, balizko Katalunia independenteakEB utzi beharko ote lukeen galdetuta, adierazi zuen nazioarteko araudiak ez dioela horrelako ezer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.