Edouard Balladur Frantziako lehen ministro ohia zendu da

Eskuinekoa zen Balladur, baina François Mitterrand presidente sozialistaren agintaldi bukaeran izan zen gobernuburu, 1993tik 1995era. 97 urterekin hil da.

Édouard Balladur   1993
Edouard Balladur, 1993an, Frantziako lehen ministro zenean. EUROPEAN COMMUNITIES, 1993 / EC - AUDIOVISUAL SERVICE
mikel rodriguez
2026ko abuztuaren 31
23:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urte egin zituen Edouard Balladurrek lehen ministro karguan, 1993tik 1995era, baina ez zuen lortu Frantziako Errepublikaren aginte katearen maila gorenera ailegatzea. Gobernuko buruzagitzak ez zion behar bertzeko bultzadarik eman 1995eko hauteskundeetan, eta ez zuen lehenbiziko itzulia gainditu. Eskuindarra bazen ere, Balladur lehen ministro izan zen François Mitterrand presidente sozialistaren agintaldiaren bukaeran, eta hura hartu izan da bizikidetzaren teoriaren arkitektotzat; hau da, sozialisten presidentetzan eskuinak gobernu buruzagitza hartzea. 97 urterekin zendu da, Parisen.

Jacques Chirac lehen ministroarekin gertatu zen hori lehenbiziko aldiz, 1986 eta 1988 artean, eta Balladur Ekonomia ministro izendatu zuten. Haren gidaritzapean egin zen errepublikako lehen pribatizazio kolpe handia. Hala ere, Chiracekin harreman gatazkatsua izan zuen, eta elkarren aurka lehiatu ziren 1995eko presidentetzarako bozetan. Chiracen aldekoek eskuina banatzea leporatu zioten orduan Balladurri. Ez zuen presidente izatea lortu, baina presidentearengan eragina zuten karguak izan zituen, eta ez lehen ministro gisa bakarrik. 

Izan ere, George Pompidou estatuburuaren konfiantzakoa izan zen Balladur. Pompidou lehen ministro izan zenean (1962-1968) kabineteko kide izan zen, eta, ondotik, Pompidou presidente izan zenean, haren idazkari izan zen urtebetez, 1973tik 1974ra. Politikatik kanpo egin zituen aldiak enpresa munduan egin zituen.

Balladur 1932an jaio zen, Izmirren, Turkiako Errepublika gaztean. Armeniar etniako familia batekoa zen. Bankarien familia bat. 6 urte zituenean migratu zuen Frantziara. Politikatik erretiroa hartu ondoren, ustelkeria salaketei aurre egin behar izan zien auzitegietan. 2017an, 88 urte zituela, auzipetu egin zuten lehen ministro zela Pakistani egin zizkioten urpeko eta gerraontzi baten salmentaren kasuan. Eskupekoak jasotzea eta 1995eko kanpaina legez kanpo finantzatzea leporatu zioten. 2021ean François Leotard Defentsa ministro zena zigortu egin zuten, baina Balladur errugabetzat jo zuten.       

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA