Palestina

Egiptok ez du «sekula» onartuko Palestinako gatazka bere bizkar amaiaraztea

Netanyahu EBko liderrak konbentzitzen ahalegindu da, haiek Egipto estu har dezaten Gazako zerrendako errefuxiatuak hartzeko

Israelgo armadaren soldadu batzuk, gaur, Gazara bidean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 31
16:08
Entzun

Egiptoko presidente Abdel Fatta al-Sisiren eta Jordaniako errege Abdulah II.aren arabera, beren herrialdeek gaur egungo egoeran errefuxiatu palestinarrak hartu behar izatea «oso arriskutsua» izango litzateke eskualdearen segurtasunerako. Hori nabarmendu zuten hilaren 19an, Kairon elkarrekin batzartu ondoren. Eta Egiptok are gehiago sakondu du ideia horretan, jakin baitu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ahalegindu dela EB Europako Batasuneko liderrak konbentzitzen, haiek Egipto estu har dezaten Gazako zerrendako errefuxiatuak hartzeko. Mustafa Madbuli lehen ministroak azpimarratu du «sekula» ez dutela onartuko Palestinako gatazka beren bizkar amaiaraztea.

Financial Times egunkariak kaleratu du Netanyahuren ahaleginari buruzko albiste bat, Israelgo gobernuburuak izandako solasaldiei buruzko informazioa duten iturriak aipatuz. Erresuma Batuko hedabide horrek argitaratutakoaren arabera, Txekiak eta Austriak Netanyahuren asmoen berri eman zuten aurreko astean, EBko gobernuburuek eta estatuburuek ostegunean eta ostiralean Bruselan egindako Europar Kontseiluaren atarian.

Baina elkarrizketen berri izan dutenek azpimarratu dutenez, proposamena baztertua izan zen, Europako herrialde «funtsezko batzuei», bereziki Frantziari eta Alemaniari, ez zitzaielako «oso errealista» iruditu. Europar Kontseiluan hitz egin zuten Palestinako gatazkan Egiptok joka dezakeen rolaz, bai, baina adostu zuten laguntza humanitarioaren esparrura mugatuko dela hori. Rafahko pasabidea, hain zuzen, Egiptoren eta zerrendaren arteko mugan dago.

«Netanyahuk behin baino gehiagotan esan zuen irtenbidea zela egiptoarrek Gazako herritarrak onartzea; gutxienez, gatazkak iraun bitartean», adierazi dio EBko diplomazialari batek Financial Times-i. «Baina ez genuen oso serio hartu, Egiptoren jarrera oso argia delako eta izan delako». NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, joan den urriaren 7an Hamasek Israeli egindako erasoaren erantzun gisa Tel Avivek lur eta aire bidez hasi duen setioak 1,4 milioi barne desplazatu eragin ditu zerrendan; hau da, han zeuden herritarren ia bi heren.

«Ez dugu baimenduko ezer inposatzea», esan du Madbulik, Sinai penintsulan egin duen agerraldi publiko batean. Hain justu, Sinaiko lurrekin egiten du muga Gazak, eta Kairok uste du errefuxiatuak hartzeak ez duela lagunduko duela hamarkada bat ingurutik penintsula horretan EI Estatu Islamikoaren adar batekin dituzten borroken konponbidean. Palestinarrak hartzeari uko egiteko beste arrazoi bat da Egiptok historikoki uko egin diola errefuxiatuen kanpalekuak edukitzeari. Eta hirugarren arrazoia da abenduaren 10ean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituztela, Al-Sisi aurkeztekoa dela, eta, agian, errefuxiatuei bidea irekitzeak ez liokeela mesede egingo.

Iran, Qatarren eta Turkian

Diplomaziaren alorrean, gainera, Irango Atzerri ministro Hosein Amir Abdolahianek Palestinako auziaz hitz egiteko bidaia bat hasi du gaur eskualdean. Qatarko agintariek jakinarazi dute Tamim bin Hamad Al-Thani emirrarekin batzartu dela, eta Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk baieztatu du bihar harekin biltzekoa dela, Ankaran. Iranek Israel du etsairik behinena Ekialde Hurbilean, eta Hamasen zuzendaritza zibilak bulego bat du Dohan. Gazako miliziek joan den urriaren 7tik bahituta dauzkaten 240 pertsonak —datu hori eman du gaur Tel Avivek— askatzeko ahaleginean, Hamasen eta Israelen artean bitartekari aritzeko eskatu dio Qatarri; Turkiak ere ez dio uko egiten rol horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.