50.000 emakume eta neska hil zituzten haien bikotekideek edo senideek iaz mundu osoan. Hala jakinarazi dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Drogen eta Delituen Aurkako Bulegoak eta NBEko Emakumeen Sailak, Azaroaren 25ean urtero kaleratzen duten txostenean. Beste modu batera esanda, munduan ia 10 minutuan behin hiltzen du emakume bat haren bikotekideak edo senide batek.
Hilketa horietako gehienetan, bikotekideren edo senideren bat da hiltzailea. Iaz 83.000 emakume eta neska hil zituzten, eta horien %60 inguru bikotekide edo senide batek hil zituen. «2025eko feminizidio txostenak gogorarazten du biolentzia mota horri aurre egiteko beharrezkoa dela estrategia hobeak edukitzea eta zigor arloan aurrerapausoak ematea», adierazi du NBEren Drogen eta Delituen Aurkako Bulegoko zuzendari exekutibo John Brandolinok.
2023ko datuen aldean, ez dago aldaketa nabarmenik. Duela bi urte 85.000 emakume hil zituzten, iaz baino 2.000 gehiago. Alderaketa horri, ordea, garrantzia kendu dio NBEk, eta argi utzi nahi izan du urte batetik bestera 2.000 hilketa gutxiago izatea ez dela egoerak hobera egin duen seinale, baizik eta datu zehatzak biltzeko zailtasuna erakusten duela.
datuak
22.600Afrikan iaz zenbat emakume hil dituen bikotekideak edo senide batek. Datuak zehatzak ez diren arren, NBEk segurutzat jotzen du kontinente horretan izaten direla bikotekideak edo senide batek egindako hilketa matxista gehien. Jarraian Asia dago: 17.400 kasu bildu dituzte han.
%58,5Jazarpena sareetan. Erresuma Batuan 2011n eta 2014an jasotako datuekin egindako ikerketa baten arabera, urte horien artean izandako 41 hilketa matxistetatik %58,5etan erasotzaileak sare sozialak baliatu zituen lehenik biktima kontrolatzeko.
Kontinenteetako datuei erreparatuta ere ez da aldaketa nabarmenik antzeman iazko txostenarekin alderatuta. 2023an bezalaxe, Afrikan hil zituzten iaz emakume gehien, 22.600 inguru. Eta Afrikaren ostean, Asian eta Amerikan gertatu ziren hilketa gehienak; 17.400 eta 7.700, hurrenez hurren.
Erasotzaileei erreparatuta, azken urteetako joera bera izan zen 2024an. Izan ere, NBEk landutako dokumentuak erakusten du iaz eraildako emakume gehienak bikotekideak hil zituela. Iazko datuek diote 50.000 feminizidioetatik %60 emakumeen bikotekideek eragin zituztela. Europan, esaterako, hamarretik zazpitan biktimaren bikotekidea izan da hiltzailea.
Kontrola
«Feminizidioak ez dira modu bakanean gertatzen. Askotan jokaera kontrolatuz hasten dira, baita mehatxuak eginez eta jazarriz ere ere», azaldu du NBE Emakumeak erakundearen politika zuzendari Sarah Hendriksek, txostenaren aurkezpenean.
«Emakume guztiek dute beren bizitzako etapa bakoitzean salbu egoteko eskubidea, eta horrek eskatzen esku hartze goiztiarra bermatuta egotea sisteman. Hilketa horiei aurrea hartzeko, emakumeen eta nesken bizitzan indarkeria nola agertzen den aitortzen duten legeak ezarri behar ditugu, eta modua ematen dutenak erasotzailea erruduntzat jotzeko berandu izan baino lehen». Hendriksek ohartarazi du sareetan hasten dela maiz indarkeria, baina askotan ez dela horretara mugatzen, eta indarkeria fisikoa eta hilketa ere ekar dezakeela. Halakorik gerta ez dadin, neurriak hartzeko eskatu die estatuei.
Aurten, NBEk garai honetan urtero egin ohi duen indarkeria matxistaren aurkako kanpainak sareetako indarkeria hartu du aintzat, eta gobernuei ez ezik enpresei ere eskatu die, bultza ditzatela heziketa digitala eta jazarpenaren aurkako neurriak. Erakundeak jasotako datuen arabera, sareetan ibiltzen diren emakumeen erdiek jasan izan dute indarkeria motaren bat. Herrialde arabiarretan dira okerrenak datuak; han, galdekatutako 18 eta 50 urte arteko emakumeen %60k esan dute inoiz jazarriak izan direla. Txikiagoa da kopurua Europan, %28.