Errusiak erasoaldi masiboa egin zuen atzo Ukrainan —73 misil eta 656 drone jaurti zituen—, eta hogei lagun baino gehiago hil zituen, hainbat erasotan. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak X sare sozialean adierazi zuen «eraso gehiago» gertatuko zirela Ukraina halako erasoetatik babestuta ez baldin badago. Bada, gaur Ukrainak egin du kontraerasoa. San Petesburgon foro ekonomiko bat egiten ari direla baliatu du Kievek, eta hainbat drone jaurti ditu gaur goizaldean. Donetsken ere egin du eraso, Moskuk jakinarazi duenez, eta bertan zortzi lagun hil ditu, eta beste dozena bat zauritu.
«Ukrainako faxistek inoiz ez bezalako eraso bat egin dute gaur goizaldean. Drone batek Moskutik Simferopolerako bidea egiten ari zen autobus bati eraso dio». Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikako buruaren hitzak dira; Telegram bidez idatzi ditu, Ukrainak Donetsken egin duen erasoaren berri emateko.
Donetsk eta Luhansk —Donbass eremuko bi eskualdeak dira— ia osorik okupatuta dauzka Errusiako armadak 2022ko otsailean inbasioa hasi zuenetik. Simferopol, berriz, Krimea da, eta lur hori ere okupatuta dauka Errusiak, 2014az geroztik.
Gainera, Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan, guztira 350 drone baino gehiago jaurti ditu Kievek gaur goizaldean Errusiako hainbat eremutara. Besteak beste, Moskura, San Petersburgora eta Leningrad eskualdera.
San Petesburgori dagokionez, bertan da egitekoa urtero antolatzen duten Nazioarteko Ekonomia Foroa, Errusiako garrantzitsuena. Hainbat herrialdetako agintariak hara joatekoak dira, guztira 130 herrialdetako 20.000 bisitari baino gehiago, eta tartean daude, besteak beste, AEBetakoak, Txinakoak eta Saudi Arabiakoak. Hori baliatu du Kievek eraso egiteko; Errusiak egoera kontrolpean duela erakutsi nahi izan du, eta Kievek haren ezina erakutsi.
Moskuk jakinarazi duenez, «hainbat instalazio» hondatu ditu Kievek San Petesburgon, eta, gaineratu duenez, hainbat zauritu daude, baina ez da inor hil.
MOSKUK Esan du armeniako presidenteak «amildegira» daramala herrialdea
Errusiako Behe Ganberako presidente Viatxeslav Volodinek salatu du Armeniako presidente Nikol Paxinianek «amildegira» daramala herrialdea. Izan ere, azken hilabeteetan Erevan inoiz baino gehiago gerturatu zaio EB Europako Batasunari —maiatzaren hasieran, EBk eta Armeniak bien goi bilera bat egin zuten lehen aldiz—, eta Moskuk ez du begi onez ikusi hori. Asteburuan presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Armenian, eta gaur Paxinianek ekitaldi batean adierazi du bozen ostean Errusiara bidaiatuko duela, bi herrialdeen arteko tentsioa baretzeko asmoz.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak X sare sozialean idatzi duenez, gaur goizaldean egindako erasoetan San Petersburgoko petrolio terminal bat jotzea zen helburu nagusia. Eta zehaztu du terminal horrek gerran aurrera jarraitzeko modua ematen diola Moskuri.
Horrez gain, San Petersburgotik gertu dagoen Kronstadt herriko itsas basea eta Tambov eskualdeko armategi bat ere jo dituztela gaineratu du Zelenskik. «Gure soldaduek egindako erasoek emaitza ona izan dute», idatzi du sareetan.
Ukrainak egin dituen azken erasoek helburu bera izan dute: erregai eskasia eragitea eta Errusiako ekonomia etetea. Besteak beste, petrolioa gordetzeko instalazioak, petrolio hori garraiatzeko kamioiak, armategiak eta helburu militarrak jo ditu.