Ehunka sute piztu dira azken egunetan Kanadan eta AEBetan

Egoera kontrolatzeko zailtasunak izaten ari dira, eta datozen egunetan tenperatura altuak espero dituzte. Alertak aktibatu dituzte bi herrialdeetan keak eragindako kutsaduragatik.

Griffordeko sutea, Kalifornian. ALLISON DINNER / EFE
Griffordeko sutea, Kalifornian. ALLISON DINNER / EFE
2025eko abuztuaren 7a
13:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunka sute piztu dira Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) azken astean, eta haizearen eraginez egoerak okerrera egin du. Kea zabaldu egin da, eta airearen kalitatea okerragotu. Horregatik, alertak aktibatu dituzte. Kalteak «handiak» izan direla nabarmendu dute agintariek.

AEBetan, zerua gris esnatu zen astelehenean Minneapolis aldetik New Yorkera bitarte. 81 milioi estatubatuar bizi dira aire kalitate txarreko alerta indarrean den guneetan; halere, egunak aurrera joan ahala airearen kalitateak hobera egingo duela espero dute agintariek. Baina suteetako asko ezin izan dituzte oraindik itzali, eta beldur dira datozen egunetan sute gehiago piztuko ote diren. Kanadan aire kutsatuena iparraldean dute, Nunavut lurraldean; baina abisu hori eta laranjak ezarri dituzte, erdialdean —Saskatchewanen— eta AEBekiko mugan —Winnipeg eta Toronto hirien inguruan—, hurrenez hurren.

New Yorkeko airea ketua, atzo. SARAH YENESEL / EFE
New Yorkeko airea ketua, atzo. SARAH YENESEL / EFE

Kanadan 739 sute daude aktibo oraindik, eta horietatik herena baino gutxiago dituzte kontrolpean. Lurzorua lehor dago, eta sua azkar zabaltzen ari da; Eskozia Berriko sutearen neurria, esaterako, bi halakotu egin zen egun bakarrean. Hurrengo egunetan ere beroa egingo duela iragarri dute, eta asteburuan sute arrisku handia izango da.

Zehazteko dagoen arren, gobernuak esan du kalte material «handia» eragin duela suak. Etxeak eta lantokiak hustu behar izan dituzte, eta biztanleak babeslekuetara eraman. Era berean, kanpoan sua piztea debekatu dute. Mendira ez joateko ere eskatu dute zenbait eskualdetan; basoetako jarduera guztia murriztu nahi dute arriskua ez areagotzeko. Arauak betetzen ez dituztenei isunak jarriko dizkietela ohartarazi dute.

Egoera, baina, ez da berria. 2023an Kanadak inoizko kalterik handienak jasan zituen; 17,3 milioi hektarea erre ziren guztira. Azken urtean zazpi milioi hektarea inguru erre dira, eta egoerak okerrera egiten du urte sasoi honetan. Abuztua eta iraila dira sute arriskurik handiena izan ohi duten hilabeteak.

Antzekoa da AEBetako egoera; Kalifornian, Gifforden, 4.000 hektareatik gora erre dira. AEBetako Gobernuak adierazi duenez, hiru pertsona zauritu dira, eta zortziehun eraikin inguru arriskuan daude. Datozen egunetan 35 gradutik gorako tenperaturak espero dituzte, eta alerta gorriari eutsiko diote hainbat estatutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.