Bualoi ekaitz tropikalak Filipinak astindu ditu bart. Gutxienez lau hildako eragin ditu herrialdearen erdialdean, eta 400.000 lagun ebakuatu behar izan dituzte, uholde eta luizi arriskuagatik. Orduko 135 kilometroko haizeteak eragin ditu, eta euri mardula ere egin du. Eguraldi agentzien arabera, haizea apur bat baretuko da, eta denboraleak ipar-mendebalderantz egingo du gaur, Manila hiriburuari eragingo ez dion arren. Prebentzioz, eskolak eta gobernuaren eraikinak ixteko agindu dute gaur zenbait probintziatan eta hiriburuan bertan.
Filipinek hogei ekaitz inguru jasaten dituzte urtero. Bualoi da aurtengo hamabosgarrena, eta ez da aste honetan Filipinak jo dituen bakarra: astelehenean, Ragasa tifoiak dozenatik gora hildako utzi zituen herrialdearen iparraldean, eta milaka herritar ebakuatu zituzten; askok halaxe jarraitzen dute. Filipinetatik igaro ondoren, Taiwanera ere heldu zen tifoi hori, eta beste hainbeste hildako eragin zituen han.
Herrialdearen erdialdeko Masbate probintzian hil dira biktimetako hiru, iturri ofizialen arabera: bat zuhaitz batek jota, beste bat itota, eta beste bat hondakinen azpian harrapatuta. Masbateko gobernadoreak Filipinetako Gobernuari laguntzeko eskatu dio, hondakinak kentzeko eta kaltetutako argindar azpiegiturak konpontzeko, besteak beste. Laugarren hildakoa tximista batek jo eta gero zendu da, Luzon herrialdeko irla handienaren hego-mendebaldean
Vietnam ere adi dago zer gerta ere. Ohar bidez, herrialdeko eguraldi agentziak ohartarazi du litekeena dela Bualoi tifoi bihurtzea, eta asteburutik aurrera helduko dela herrialdearen erdialdeko eta iparraldeko kostaldera: «Baliteke euriteek uholdeak sortzea kostatik gertu, baita hirietan edo industrialdeetan ere».
Hondamen meteorologikoek bete-betean harrapatu dituzte Filipinak, herritarrek uholdeak kontrolatzeko proiektuetan gobernuaren ustelkeria salatzeko protestak egiten ari diren bolada honetan. Proiektu horiek egintzat jo ditu gobernuak, nahiz eta batzuk ez dituzten burutu, eta amaitutakoen kasuan, kalitate eskasekoak izan. Hori jakinarazi zuen Ralph Recto Filipinetako Finantza idazkariak duela gutxi, eta nabarmendu egin gabeko proiektu horiek finantzatzeak 1.771 milioi euroko kostua izan duela herrialdearentzat.