«Presondegian sartzen dituzten emakumeak gaiztoak dira, eta horrexegatik merezi dute zigorra jasotzea». Aurreiritzi horren kontra egin behar izan du Sabrina Mahtani abokatuak, lanean hasi ondoren emakumeei legeak «beste modu batera» aplikatzen dizkietela ohartu zenetik. «Beste era batera» eragiten die justiziak. Horrek azaltzen du, batera edo bestera, munduan preso dauden emakumeen kopuruak nola egin duen gorantz azken urteotan, etengabe. «Iduri lezake ezetz, baina emakumeak presondegietan sartzea eragiten duten auziak berberak dira: pobrezia, indarkeria, abusua, lege diskriminatzaileak», azaldu du Women Beyond Walls elkartekoak. Bada Fiona Apple abeslari estatubatuarraren kantu bat, honako hau dioena: «Fetch the bolt cutters, I've been in here too long» (Ekar ezan kateak moztekoa, denbora gehiegi zeramanat hemen).
Duela mende laurden baino emakume gehiago daude kartzelan, ia %60 gehiago, ICPR Krimen eta Justizia Politikak Ikertzeko Institutuak iaz kaleratutako txosten baten arabera. Munduan gutxienez 733.000 dira, guztizko zenbatekoa are handiagoa dela kalkulatzen duten arren. Kartzelan dauden gizonezkoak askozaz ere gehiago dira, bai, hamar bat milioi, baina aintzat hartzekoa da epe horretan %22 handitu dela kopuru hori. «Askozaz ere azkarrago ugaritu da», beraz, emakume presoen zenbatekoa, eta Mahtanik argi utzi du badela leporatzekorik: «Bistakoa da zigorrekin erantzuten zaiela auzi sozialei. Hori da joera».
Ez du uste kartzela horretarako lekua denik, emakumeek «min hartzen» dutelako bertan. Zigor sistema «berriz pentsatzeko» beharra nabarmendu du, eta «imajinazio erradikala» izatea dela hori lortzeko modua: aukerak eskaintzea, zigorrak betetzeko bestelako alternatibak ematea, prebentzioaren alde egitea... «Hori bai dela efektiboa», adierazi du Mahtanik bideodei bidez: «Tamalez, horrelakoak bermatzea ez da lehentasuna, emakume pobreei eragiten baitie kontu honek, emakume marjinatuei, emakume arrazializatuei».
«Ez da ahaztu behar pobreziaren feminizazioa; pobrezia kriminalizatuz gero, noski, horrek emakumeei eragingo die partikularki», erantsi du abokatuak, egoera zaurgarrian egoteak emakumeak behartzen baititu delituak egitera. Justiziak kartzela du irtenbideetako bat; «bizirik irauteko ekintzen kriminalizazioa» deitu diote horri Women Beyond Walls eta Nazioarteko Zigor Erreforma elkarteek, iaz kaleratutako txosten batean: ebasketa, eskean aritzea, ekonomia informaletan jardutea, zorrak edukitzea...
«Ez da ahaztu behar pobreziaren feminizazioa; pobrezia kriminalizatuz gero, noski, horrek emakumeei eragingo die partikularki»
SABRINA MAHTANI Abokatua eta Women Beyond Walls elkarteko kidea
Droga trafikoarekin zerikusia duten delituak ere aipatzekoak dira, proportzioan emakume gehiago espetxeratzen baitituzte gizonak baino. Azken txosten horren arabera, munduan kartzela zigorra ezartzen dieten emakumeen %35 delitu horiengatik espetxeratzen dituzte, eta gizonezkoei dagokienez, berriz %19. Asian eta Latinoamerikan, hain zuzen, zigortzen dituzten emakumeen erdiak gutxienez delitu horiek direla-eta espetxeratzen dituzte. «Drogen kontra gogor egiteak biziki eragiten die emakumeei», azaldu du Mahtanik; litekeena da «pobreziak eta hertsatzeak» behartuta aritzea: «Eta errazagoa da horiek atxikitzea droga trafikoa kontrolatzen duten gizonak atxikitzea baino».
DATUAk
%57,4Zenbat ugaritu diren emakume presoak Azken mende laurdenean, emakume presoen kopuruak %57,4 egin du gora, ICPR Krimen eta Justizia Politikak Ikertzeko Institutuak txosten batean jaso duenez. Kontuan hartu behar da tarte horretan herena inguru hazi dela munduko populazioa, Nazio Batuen Erakundearen arabera; beraz, proportzioan, emakume gehiago daude kartzelan. Kontinente ia guztietan gertatzen da joera hori: Asian (%114), Afrikan (%82), Amerikan (%43), Europan —kopuruak %5 egin du behera, baina laurdena gora Errusia kontuan hartuz gero— eta Ozeanian (%143).
%6,8Preso daudenetatik zenbat diren emakumeak Munduan preso daudenen %6,8 emakumeak dira, ICPRk kaleratutako txosten baten arabera. Horren gainetik daude zenbait eskualde: Ipar Amerika (%9,75), Asia hego-ekialdea (%9,26) eta ekialdea (%8,73) eta Europa ekialdea (%8,13), besteak beste. Aipatzekoa da Ameriketako Estatu Batuetako egoera, munduan espetxeratutako emakumeen laurdena inguru han baitago preso —175.000; txostenaren arabera, 733.000 emakume preso baino gehiago dira—.
3Latinoamerikan zenbat bider emendatu diren emakume presoak Azken mende laurdenean hiru halakotu egin da Latinoamerikan preso dauden emakumeen kopurua, ICPRk emandako datuen arabera. Ehun mila pasa dira.
Mahtanik agerian utzi du emakume presoei ez dietela entzuten, edozein eztabaidetatik «baztertzen» baitituzte, eta adierazi du horrek egoera are kaskarragoan uzten dituela: «Presondegia gizonek eraikitako sistema bat da, gizonentzat eraikia; emakumeak gerorako uzten ditu». Justiziarako sarbidea «guztiontzako eskubidea» izan beharko litzatekeela adierazi du behin baino gehiagotan, eta ez «pribilegioa». Izan ere, haren hitzetan, maiz pribilegioa izaten da presondegian ez egoteko arrazoia. «Ez dituzte presondegira eramaten moraltasunagatik. Ni preso ez egotearen arrazoia ez da primerako pertsona naizela, edo primerako erabakiak hartu ditudala bizitzan; pribilegioa baizik».
Horrek ez du eragozten presoek «estigma» izatea, eta honako hau gogoratu du abokatuak: «Nik ere pentsatzen nuen jende gaiztoa doala presondegira eta zintzo ateratzen dela handik. Badakizu, mitoa da presondegia errehabilitaziorako lekua dela, hori saltzen diguten arren». Irtenbideetako bat komunitatean oinarritutako irtenbideak direla irizten dio, «kaiolez» ahaztea, zeren «emakume bat presondegian sartzen badute, baliteke hark familiaren babesa galtzea, estigmagatik; espero dena da emakumeak moralak eta amatiarrak izatea. Baina gizon bat sartzen dutenean, emakumea da gizonaz arduratzen dena, presondegira bisitan joaten dena, janaria eramaten diona, haren alde egiten duena. Emakumeei hori ez zaie gertatzen». Harekin lan egin duen emakume ugarik diotena gogoratu du Mahtanik: «Emakume bat espetxeratzen dutenean familia ere espetxeratzen dutela».
Badaki ez dagoela ezertxo ere konpontzeko interesik: «Zigor sistemak ez die kalterik eragiten hori nolakoa den erabakitzen dutenei, beraz, ez dute uste aldaketa horiek egin behar direnik». Eta ez hori bakarrik, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan ere presoena «puntu itsu» bat da: «Estigmak, estereotipoek, biktima perfektuak nahi ditugulako ideiak, horiek ere emakumeen eskubideen mugimendua gerarazi dute. Guk argi eta garbi diogu: hori ere auzi feminista da. Askapenerako oztopo guztiak elkarri lotuta daude».