Atzo gauean, bi asterako su etena iragarri baino lehen, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi zuen «negoziazio biziak» zituela Iranekin. «Zibilizazio oso bat hiltzeko» ultimatumerako atzerako kontaketa amaitu baino lehen, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak eskatu zion, lehendik egin bezala, akordioren bat lortzeko epea atzeratu zezala pare bat astez. Washingtonen eta Iranen artean bitartekari aritu den herrialdearen eskaera ez da beharrezkoa izan, azkenean su etena adostu baitute aldeek, hain zuzen, datozen bi asteetarako.
Iragarpena egin eta gero, Sharifek Islamabaden negoziatzeko gonbita egin die gaur AEBei eta Irani, «liskar guztiak konponduko dituen erabateko akordioa» lortze aldera —dagoeneko Teheranen baiezkoa jaso duela jakinarazi du—. Sare sozialetan idatzitako mezu batean, Pakistango lehen ministroak zehaztu du erasoak «berehala» etetekoak direla.
Egiptoko Atzerri Ministerioak esan du aldeek «aukera erabakigarria» eskaini diotela diplomaziari, «elkarrizketen bidea urratzeko aprobetxatu beharrekoa». Ohar batean, erantsi du eskualdeko «segurtasuna eta egonkortasuna sustatzeko» lanean jarraituko duela Pakistanekin eta Turkiarekin batera. Turkiako Atzerri Ministerioak eskatu du «guztiz» ezar dezatela su etena. «Espero dugu alde guztiek adostutakoa betetzea», esan du ohar batean.
Omango Atzerri Ministerioak «ahaleginetan» aritu izana eskertu die Pakistani eta gatazka amaitzeko diharduten alde guztiei, eta nabarmendu du zein garrantzitsuak diren «krisia errotik amaituko duen soluzioak topatzeko esfortzuak». Gatazka hasi baino lehen, Oman Washingtonen eta Teheranen artean aritu zen bitartekari, azken horren programa nuklearra mugatzeko negoziazioetan. Irakek ere espero du su etenak eskualdeko «tentsioak» murriztuko dituela.
Europaren erantzuna
Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du «porrot izugarria» izan dela AEBen eta Israelen «aldebakarreko eraso agresiboa», Tass albiste agentziak jaso duenez. Gaineratu du ez dagoela «soluzio militarrik», eta beharrezkoa dela «prozesu politiko eta diplomatiko bat, eta ez mozorrotutako operazio bat».
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak «oso beharrezkotzat» jo du menia. «Funtsezkoa da negoziatzen jarraitzea, gatazka honi konponbide iraunkorra topa diezaioten», erantsi du sare sozialetan idatzitako mezu batean. Era berean, Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak esan du «mehatxuak arintzeko aukera» dakarrela akordioak, baita elkarrizketei ekiteko «tartea» ere.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak, berriz, esan du tregoak «lasaibidea» ekarriko diela Ekialde Hurbilari eta nazioarteari: «Direnak eta ez direnak egin behar ditugu su etenari eusteko, akordio iraunkor bihurtzeko eta Ormuzko itsasartea bueltan irekitzeko», idatzi du gaur sare sozialetan, Persiar golkora bidaiatu baino lehen, hango agintariekin biltzekoa baita Starmer. Teheranek baieztatu du itsasarte hori irekiko duela bi astez, eta Israelek, bide batez, baldintza hori ezarri du erasoak eteteko.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi du «ona» dela tregoa adostu izana, eta «errespeta» dezatela eskatu du. Herrialdeko Defentsa Kontseilua bildu baino lehen, Macronek ziurtatu du Libanoren kontrako bonbardaketak ere etetea «ezinbestekoa» dela, egoera «kritikoa» baitute han. Israelek, ordea, ohartarazi du Libano ez dutela aintzat hartu su etenerako akordioan; are, Israelgo armadak ohar bidez jakinarazi du gaur ezen Hezbollah milizia xiitaren aurka dabilela oraindik ere: «Tregoarik ez dago Libanon».
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du menia adostea «berri ona» dela, «batez ere bake justu eta iraunkorra baldin badakar». Dena den, gogoratu du ezin direla ahaztu joan diren asteetako «kaosa, txikizioa eta galdutako biziak»: «Espainiako Gobernuak ez ditu txalotuko munduari su eman diotenak, balde batekin etortze hutsagatik», idatzi du sare sozialetan.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak ere ontzat jo du AEBen eta Iranen iragarpena; haren bulegoak kaleratutako ohar batean, jakinarazi du oraingo elkarrizketen egitekoa «gerraren behin betiko amaiera» lortzea dela: «Diplomaziaren bidez baino ezin da lortu hori».
Bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak AEBei eta Irani eskatu die bete ditzatela su etena adostu izanaren «obligazioak»: «Urgentea da erasoak etetea, zibilen biziak babesteko eta sufrimendua arintzeko».
Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek eskertu egin du bi aldeen iragarpena, eta adierazi Pekinek «bakea eta segurtasuna» lortzeko «rol eraikitzailea» izango duela aurrerantzean ere. Japoniako Gobernuko bozeramaile Minoru Kiharak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, esan du espero dutela aldeek «azken akordioa» lortzea diplomaziaren bidez.