Ekonomia izan da azken unera arte Frantziako kanpainaren ardatza

Sarkozyk dio bere alde egitea «Frantzia indartsu» baten hautua egitea dela; azken inkestetan behera egin du presidenteak«Sarkozyren arbuio botoa» eskuratu nahi du Hollandek; EBZn aldaketak iragarri ditu

2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Krisi garaiari aurre egiteko, karguan duen esperientziari erreferentzia eginez amaitu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak presidentetzarako bozetako lehen itzuliaren kanpainan. Bereak «eskurik seguruenak» direla ohartarazi die frantziarrei, inkesta guztiek aurreikusten duten sozialisten garaipena iraultzeko azken ahaleginean. «Elkartu zaitezte, mobiliza zaitezte, defenda zaitezte, ez utzi hitza ken diezazueten, inposa ezazue zuen garaipena», esan du UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko hautagaiak Nizan egin duen kanpaina amaierako ekitaldian. Sarkozyren alde egitea «Frantzia indartsu» baten aldeko aukera egitea dela ere esan die.

Bere aurkari handiena, François Hollande sozialista irainduz eskatu du Sarkozyk azken unean bere aldeko botoa: «Hamar urtez Alderdi Sozialistako burua izan da. Ez da ezer handiaren burua izan. Hori da egia». Eta sozialisten garaipenak ekonomiarentzat izango dituen «ondorio kaltegarriez» ohartarazi ditu herritarrak. «Europa sendatzen ari da. Ezin dugu huts bat bera ere onartu. Minutu batez gastua murrizteari, defizita gutxitzeari eta zorra murrizteari uzten badiogu, Espainiaren patua izango du Frantziak».

Hollandek ere ekonomia izan du hizpide presidentetzarako bozen lehen itzuliko kanpainaren azken egunean. Neurritasuna alde batera utzi, eta hazkundearen aldeko apustua errepikatu du. Dena den, adierazi du ez duela nahi ezkutatu krisiaren larritasuna. «Garrantzitsuena kontu publikoak ordenatzea da», esan du, eta presidente aukeratzen badute horretan lanean hasiko dela hitzeman du, 2017rako defizitikegon ez dadin.

EBZ Europako Banku Zentralean aldaketak egin nahi dituela berretsi du. Batetik, interes tipoa jaistea defendatu du, eta, bestetik, EBZk dirua zuzenean estatuei mailegatzearen alde egin du, bankuei eman ordez. «Paradoxikoa da EBZk dirua %1ean mailegatzea bankuei, eta horiek, Espainian esaterako, estatuari %6an uztea», esan du sozialisten presidentetzarako hautagaiak. Alemania neurri horien «kontra» dagoela jakitun da PS Alderdi Sozialistako burua, baina ez du Angela Merkel kantzilerraren aurrean makurtzeko keinurik egin. Sarkozyk kanpainaren azken unean hazkundea bultzatzeko EBZn aldaketak defendatu izanaz ere ironiaz aritu da Hollande. «Bazuen garaia agintaldiaren amaieran argitasunera heltzeko».

«Boto erabilgarriaren» bila

Bozak egin aurretik argitaratu dituzten azken inkestetan agerian geratu da Sarkozyren gainbehera. Inkesta gehienetan lehen itzulian ere aurrea hartu dio Hollandek, nahiz eta bi hautagaien arteko aldea oso txikia aurreikusten den. Sozialistak bozen %27 eta %30 artean lortuko dituela diote, eta UMPko hautagaiak, berriz, %25 eta %27 artean. Bigarren itzulirako, berriz, Hollande jotzen dute garaile inkesta guztietan, eta egungo presidenteari zazpi eta hamalau puntuko aldea aterako diola diote.

Igandean garaipena lortzeko, bi hautagai faboritoek «boto erabilgarria» eskatu dute. Sarkozyk sozialistak boterera heltzea ekonomikoki arriskutsua dela ohartarazi die hautesleei. Dena den, Sarkozyk ezezko borobila eman du, bigarren itzulira begira eskuin muturreko FN Fronte Nazionalarekin itunik egiteko asmorik duen galdetuta. «Horiek ez dira nire ideiak», jakinarazi du. Kanpainan, baina, eskuin muturreko ideiak defendatu eta Marine Le Penen jarraitzaileak erakarri asmoz aritzea leporatu diote ezkerreko alderdiek presidenteari. Maiatzaren 6an egitekoak diren bigarren itzulian FNren hautesleak bere eginda Hollanderi irabazi nahi diola kritikatu dute. Inkestek diotenez, FNko hautesleen %45 inguruk egingo du Sarkozyren alde bigarren itzulian.

Zentroko hautagai François Bayrouren botoengatik dute lehiarik handiena Hollandek eta Sarkozyk. Lehen itzulian bozen %10 eta %11 inguru lortuko dituela diote inkestek, eta horien heren batek UMPko hautagaiaren alde egindo duela bigarren itzulian, eta beste heren batek PSko hautagaiaren alde.

Bestalde, Hollandek bere aldekoen nahiz «Sarkozyren arbuio botoa» lortzea espero duela adierazi du bozen atarian, «zigorra zilegi dela» argudiatuta. Ezkerreko Fronteko Jean-Luc Melenchonen jarraitzaileei ere keinuak egin dizkie sozialisten hautagaiak bigarren itzulira begira. Inkestek Melenchonen gorakada handia agerian utzi dute, eta, horren igoera lehen itzulian bere kalterako izango ote den galdetuta, Hollandek ezezkoa dio. Ezkerreko Fronteko hautagaia ez da mehatxu bat, Hollandek adierazi duenez. «Zer nahi den jakin behar da. Hauteskunde hauek hurrengo presidentea aukeratzeko dira», esan du.

Hirugarren postuaren bila

Igandeko bozetan hirugarren postua eskuratzeko lehia hasieran uste baino estuagoa aurreikusten dute inkestek, Le Pen eta Melenchon parekatuta baitaude. Ezkerreko hautagaiak gorakada izugarria izan du azken hilabeteetan. Urtarrilean botoen %6 lortuko zituela zioten inkestek. Atzo argitaratutako galdeketen emaitzetan, berriz, %12 edo %13 eskuratu ditzakeela diote. Alderditik, gainera, Melenchonen indarra komunikabideetan adierazten dutena baino handiagoa dela adierazi dute, eta igandean ezustekoa eman dezakeela. Le Penek, berriz, bigarren itzulira pasatzeko esperantzari eusten dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.