Ekuadorko presidenteak Asanblea desegin du, epaiketa politiko betean

Lassok argudiatu du herrialdea «krisi politiko larri batean» dagoela. Bozak «berehala» nahi ditu

Guillermo Lasso Ekuadorko presidentea, herenegun, parlamentuan, bere burua defendatzen. JOSE JACOME / EFE.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ekuadorko presidente Guillermo Lassok herritarren babesa izan zuen 2021eko hauteskundeetan. Horregatik, bere burua behartuta ikusi du, atzo esan zuenez, «erabaki egokiak eta beharrezkoak» hartzera, eta, beraz, «erantzun bat ematera» herrialdea bizitzen ari den «krisi politiko larriari». Hau da, diputatuak haren kargugabetzeari buruzko epaiketa politikoa egiten ari ziren honetan, Lassok atzo erabaki zuen parlamentua desegitea, eta hauteskundeak «berehala» egiteko eskatu zuen.

Correazaleek eta sozialdemokratek gidatzen dute oposizioa, eta presidentearen kontrako salaketa aurkeztuko zuten Asanblearen herenegungo saioan. Ustelkeria egozten diote presidenteari, ustez jakitun zegoelako Flopec petrolioa ustiatzeko estatu enpresak eta Amazonas Tanker konpainia pribatuak kontratu irregularrak egin zituztela; alegia, leporatzen diote ez zuela ezer ere egin kontratu horiek estatuari eragin dizkioten kalteak eragozteko.

Oraindik ez zegoen argi Lassoren kontrako prozesuak arrakasta izango zuen, oposizioko alderdien batasunaren menpe baitzegoen —bi herenen babesa behar zuten—. Halere, presidenteak hasiera-hasieratik egin zuen mehatxu parlamentua desegitearekin, eta, azkenean, epaiketa politikoa abiatu berritan eman du pausoa. «Erabaki demokratiko bat da, konstituzionala delako eta herriari itzultzen diolako bere etorkizunaz erabakitzeko boterea», argudiatu zuen estatuburuak.

Bezperan, Lasso parlamentuan izan zen bere burua defendatzeko, eta diputatuei esan zien errugabea dela. Haren arabera, ez dago «ez frogarik, ez testigantza adierazgarririk» erruduna dela ziurtatzeko: «Hemen dagoena zera da: nire errugabetasun argi eta eztabaidaezina frogatzen duten informazioak».

Eta, horri jarraituz, atzoko agerraldian adierazi zuen «botere legegilea gobernua desegonkortu» nahian ari dela. Horiek horrela, Asanblea desegiteak berekin dakar epaiketa politikoa bertan behera geratzea.

Atzodanik, Ekuadorko Hauteskunde Batzorde Nazionalak zazpi egun ditu bozetara deitzeko, eta horiek 90 egun igaro baino lehen egin beharko dituzte. Asanblea berria —eta presidentea— aukeratu artean, estatuburuak ekonomia arloko neurriak hartzen jarraitu ahal izango du, dekretu bidez; hori bai, Auzitegi Konstituzionalak aztertu egin beharko ditu neurri horiek.

Lehen aldia da diktadura osteko (1976-1979) garaian presidente batek parlamentua desegitea erabaki duela. Lassok 2021eko maiatzeko hauteskundeak irabazi zituen, botoen %52,36 bilduta. Hilabete batzuk lehenago, urte hartako otsailean, bere alderdi Creok hamabi eserleku lortu zituen parlamenturako bozetan —132 aulki ditu ganberak—. Estatuburuak berriz aurkezteko aukera du, baina gaurko agerraldian ez du ezer esan horren inguruan.

Correarentzat, «ilegala»

Rafael Correa presidente ohiarentzat (2007-2017), Lassok harturiko erabakia «ilegala» da. Atzo Twitter bidez salatu zuen estatuburuak pauso hori eman duela ezin izan dituelako «Asanbleako nahikoa kide erosi bere burua salbatzeko».

Pachakutik alderdi indigenak, berriz, «konstituzioaren aurkakotzat» jo du Lassok parlamentua desegin izana. Mugimenduak atzo salatu zuenez, presidentearen erabakiak zigorrik gabe utzi du «baliabide naturalen ustiapenean dagoen ustelkeria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.