Ekuadorko presidentegai Fernando Villavicencio hil dute sikarioek, tiroz

Bederatzi lagun zauritu dira tiroketan. Gobernuak salbuespen egoera ezarri du hirurogei egunez

Fernando Villavicencio presidentetzarako hautagaia, hil aurretik Quiton egin zuen ekitaldian. STR / EFE.
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Fernando Villavicencio Ekuadorko presidentetzarako hautagaia tiroz hil zuten herenegun arratsaldean —18:20an Ekuadorren, Euskal Herrian 01:20 zirenean—. Mitina eman zuen Quito hiriburuan, eta hura amaitu ostean hil zuen sikario talde batek. Handik atera eta auto batean sartu zenean egin zuten erasoa; gutxienez 40 tiro egin zizkioten. Hiruk buruan jo zuten Villavicencio. Klinikara eraman zuten, eta hila zela baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Guillermo Lasso jarduneko presidenteak hiru eguneko dolua ezarri du.

Fiskaltzak jakinarazi duenez, tiroketan bederatzi lagun zauritu ziren gutxienez; tartean, Asanblea Nazionalerako hautagai bat. Ustezko hiltzailea ere zendu zen sikarioen eta segurtasun indarren arteko liskarrean. Sei lagun atxilotu dituzte.

Hirurogei eguneko salbuespen egoera ere ezarri dute. Armada mobilizatu dute herrialde osoan, eta segurtasuna indartuko dute kanpainako ekitaldietan. Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeak laster egitekoak dira:abuztuaren 20an. Jada baieztatu dute bere hartan eutsiko dietela hauteskundeei. Lasso: «Ez dira bertan behera geratuko. Egin egin behar dira; demokrazia sendotu egin behar da».

Ikerketa kazetaria

Eraiki Mugimendua alderdiko hautagaia zen Villavicencio. Sinaloako kartelarekin lotura duen Los Choneros taldeak mehatxupean zuen, eta Poliziak babestuta zebilen ordutik. «Txikitu egingo nindutela esan zuten, baina ez diet beldurrik», esan zuen duela aste batzuk. Sindikalista ohia eta ikerketa kazetaria zen Villavicencio, gaizkile eta sikarioen inguruan ikertzen aritutakoa. Los Choneros taldeari egin izan dio erreferentzia hautagaiak hauteskunde kanpainan, eta, mehatxuak jasotzean, hauxe adierazi zuen: «Horrek berresten du, hain zuzen ere, gure kanpaina proposamenak larriki eragiten diela egitura kriminal horiei».

Rafael Correa presidente ohiarekin oso kritikoa zen Villavicencio, eta, hain zuzen ere, gobernuburu ohiaren aldekoak garaile izan ez zitezen aurkeztua zen hauteskundeetara. Izan ere, presidentegaiak Correa jotzen zuen «herrialdeak dituen arazo ororen erantzuletzat». Kazetari lanetan ibili zenean, harreman estua izan zuen AEBetako enbaxadorearekin ere, eta hari esker lortu zituen gero Correaren aurkako epaiketan baliatu zituzten hainbat dokumentu. Correak garai batean bere aurkako «jazarpen politikoa» bultzatzea egotzi zion kazetariari, baina atzo gogor gaitzetsi zuen hilketa, eta esan zuen «huts egindako estatu» bilakatu dela Ekuador.

«Mina» adierazi zuen Eraiki Mugimendua alderdiak ere; «borrokalari nekaezina» zen. Lasso «haserre eta atsekabetuta» agertu zen hilketagatik: «Nire elkartasuna eta doluminak emazteari eta alabei. Zure memoriagatik eta zuen borrokagatik, ziurtatzen dizuet krimen hau ez dela zigorrik gabe geratuko». Segurtasun Kabinetea biltzera deitu zuen Lassok handik gutxira. «Krimen antolatua oso urrun iritsi da, baina legearen pisu guztia eroriko zaie», gaineratu zuen jarduneko presidenteak.

Duela egun batzuk, uztailaren 24an, Eraiki Mugimendua kanpaina bertan behera uztekotan egon zen, bezperan Manta hiriko alkate Agustin Intriago hil baitzuten, tirokatuta. Villavicenciok, baina, kanpainarekin jarraitzearen alde egin zuen: «Kriminalek herritarrak eta agintariak hiltzen dituztenean isilik egotea eta ezkutatzea koldarkeria eta konplizitate ekintza bat da. Mafiak garaitu arte egunero borrokan jarraitzeko erabakia berresten dut».

Segurtasunik ezak okerrera egin du azken urteetan Ekuadorren, batez ere droga trafikoarekin lotuta, eta egoerak okerrera egin zuen pandemia garaian. Mexikoko droga kartelen arteko liskarrek eragiten dute segurtasunik eza. Izan ere, Ekuador pasabide garrantzitsua da legez kanpoko taldeentzat, eta kartelek bide nagusiak kontrolatu nahi dituzte. Azken asteetan lehergailuak ere zartarazi dituzte hainbat gunetan, eta hildako ugari eragin. Liskarrik handienak kostaldean eta Guayaquil inguruan izan dira, baina Quitoraino ere heldu da indarkeria oldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.