«'El Niño'-ren gertakari indartsu baterako prestatu behar dugu», ohartarazi du Munduko Meteorologia Erakundeak

NBEren arabera, %80ko probabilitatea dago ekainetik abuztura bitartean sortzeko, eta litekeena da azarora arte irautea. Lehorteak, beroaldiak, ezohiko euriteak eta urakanak sortuko ditu munduko zenbait lekutan.

Zimbabweko Kurema herriko emakumeak lurrean zulo bat egiten ura bilatzeko. MUNASHE CHOKODZA / EFE
Zimbabweko Kurema herriko emakumeak lurrean zulo bat egiten ura bilatzeko. MUNASHE CHOKODZA / EFE
kristina martin
2026ko ekainaren 2a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ozeano Barearen tropikoko urak gero eta epelagoak dira, eta hori laguntzen ari da El Niño klima fenomenoa garatzeko baldintzak sortzen. Munduko Meteorologia Erakundeak gaur ohartarazi duenez, ekainetik abuztura bitartean fenomeno hori gertatzeko probabilitatea oso handia da, %80koa, hain zuzen ere; eta, azarora bitartean gertatzekoa, %90ekoa. Fenomeno ezaguna da El Niño, eta harekin batera ekartzen ditu muturreko gertakari meteorologikoak, hala nola lehorteak, beroaldi handiak, ezohiko euriteak eta urakanak. Gehienbat udan igarriko bada ere, azarora arte iraungo duela ere jakinarazi dute txosten batean. Indarrari dagokionez, esan dute litekeena dela gogor jotzea.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ohartarazi du fenomeno horrek ondorio suntsitzaileak izango dituela, eta gogorarazi du klima larrialdiari ahalik eta bizkorren aurre egin behar zaiola. «Zientzia argia da: %90eko probabilitatea dago datozen hilabeteetan El Niño klima fenomenoa guregana iristeko». Klima ohartarazpen hori oso serio hartu beharrekoa dela berretsi du bideo batean: «El Niño-k are gehiago sutuko du berotzen ari den planetaren sua, eta eragina suntsigarria izango da, toki gehiagotara zabaldua, eta mugak zeharkatuko ditu, abaila gorrian». Guterresek gogorarazi duenez, gero eta larriagoa da klima krisialdia eta aurre egin behar zaio. Horretarako moduak zerrendatu ditu: «Erregai fosilekiko menpekotasuna amaiaraztea, berriztagarrien aldeko trantsizioa azkartzea, gizatalde zaurgarrienak babestea eta alerta goiztiarreko sistemak bazter guztietan izatea».

Erakunde horretako idazkari nagusi Celeste Saulok Guterresen mezua berretsi du: «El Niño gertakari indartsu baterako prestatu behar dugu». Fenomeno hori bost bider erregistratu dute, eta gogorarazi du 2023-2024koa indartsuenetako bat izan zela. Horrek eragina izan zuen 2024an, eta urte horretan erregistratu ziren inoizko tenperatura beroenak mundu osoan.

«'El Niño'-k are gehiago sutuko du berotzen ari den planetaren sua, eta eragina suntsigarria izango da, toki gehiagotara zabaldua, eta mugak zeharkatuko ditu, abaila gorrian»

ANTONIO GUTERRESNBEko idazkari nagusia

Saulok jakinarazi duenez, El Niño-k beste fenomeno meteorologiko batzuk ekarriko ditu: lehorteak eta eurite handiak, eta bero boladak izateko arriskua handituko du hala itsasoan nola lehorrean. Azaldu duenez, ezer gutxi egin daiteke hori gelditzeko, «baina aurreikuspen eta alerta goiztiarreko sistemak eskura izatea funtsezkoa da bizitzak salbatzeko eta gure ekonomietan eta gure komunitateetan duten eragina arintzeko».

Celeste Saulo
Celeste Saulo gaurko prentsaurrekoan, Genevan. SALVATORE DI NOLFI / EFE

Eragina munduko tenperaturan

El Niño–Hegoaldeko Oszilazioa Lurraren klima patroi natural indartsuenetako bat da; El Niño eta La Niña fenomeno horren fase kontrajarriak dira. El Niño sortu ohi da Ozeano Barearen ekuatoreko erdialde eta ekialdeko itsas gainazalaren tenperatura berotzearekin batera. Bi eta zazpi urte bitarteko denbora tartean behin gertatzen da, eta bederatzi eta hamabi hilabete inguru irauten du. Orokorrean martxo eta ekain artean hasten da garatzen, eta gailurra jotzen du azaro eta otsail artean. Gertatu osteko bigarren urtean igartzen dira normalean mundu mailako tenperaturen gaineko eraginak.

El Niño gertakari bakoitza desberdina da, eta, hortaz, bakoitzaren eraginak eta bilakaera ere desberdinak dira. Hala ere, ondorio orokor batzuk dituzte guztiek: euriteak areagotzen dira Hego Amerika hegoaldean eta AEB hegoaldean, baita Afrikako Adarrean eta Asia erdialdean ere. Lehorteak izaten dira, berriz, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikako iparraldean, Kariben, Australian, Indonesian eta Asia hegoaldeko zenbait lekutan. Bestalde, iparraldeko hemisferioko udan, El Niño-k sortutako ur epelak lagundu dezake urakanak sortzen Ozeano Barearen erdialdean eta ekialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA