Equipo Maiz elkartearen zuzendaria eta ekintzailea

Daniela Brunet: «El Salvadorren bizi duguna gerra baino okerragoa da»

Salvadortarrak «politizatzeko» lanean berrogei urte baino gehiago daramatza Daniela Brunet ekintzaileak. Baina herrialdearen gaur egungo egoerak bereziki kezkatzen du: «Gobernuaren doilorkeria izugarria da».

Daniela Brunet Equipo Maiz elkarteko zuzendaria Kultura, Komunikazio eta Garapenerako Nazioarteko Topaketetan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Daniela Brunet Equipo Maiz elkarteko zuzendaria Kultura, Komunikazio eta Garapenerako Nazioarteko Topaketetan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irribarrea ahoan hitz egiten du Daniela Brunetek (San Salvador, 1955), Equipo Maiz elkarteko zuzendari eta ekintzaileak. Haren ahotsaren goxotasunak, ordea, ez du azaltzen duenaren gordintasuna estaltzerik. Izan ere, Brunetek 1980ko hamarkadan abiatu zuen herritarrak herrialdearen egoera politikoaz kontzientziatzeko Equipo Maiz egitasmoa, eta geroztik, El Salvadorren zauriak hurbiletik ezagutu ditu. Tartean, herritarren aurkako sarraskiak eta hamabi urte iraun zuen gerra bat (1979-1992). Zauri horiek oroitzearen garrantziaz eta sendatzeko estrategiez aritu zen ekain hasieran KCD Kultura, Communication y Desarrollo gobernuz kanpoko erakundeak EHUrekin batera Bilbon antolatu zituen Kultura, Komunikazio eta Garapenerako Nazioarteko Jardunaldietan.  

Equipo Maiz elkartea 1983. urtean sortu zenuten. Zein zen orduan El Salvadorko egoera?

Garai hartan gazteak ginen, eta gerra egoerak batzen gintuen. Gerra denok bizi genuen arren, biztanleriaren parte handi batek ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Orduan ikusi genuen egoera herritarrei ulertarazteko metodologia bat behar genuela. Herri hezkuntzaren metodologiak arreta eman zigun, bereziki Mexikokoak. Izan ere, herri hezkuntza Brasilen jaio zen, baina Mexikon ezarri zuten ereduak, alfabetatzea erdigunean jarri beharrean, kontzientziazioan eta politizazioan jartzen zuen arreta. 

Orain zein da zuen erronka nagusia?

Ni klase borrokaren teorian hazi naiz. Klase borrokak bere aurpegirik zorrotzena erakusten du gerra garaian, baina gerrarik ez dagoenean ere borroka horrek hor jarraitzen du. Kapitalismoak zutik jarraitu du, ez da desagertu; guztiz kontrakoa: eraldatzeko gaitasuna izan du. Gainean dugun arren, kosta egiten zaigu munstroa ikustea, egoera ez baita 1970eko eta 1980ko hamarkadetako diktaduren antzekoa. Nik gerra ezagutu nuen, baina El Salvadorren orain bizi duguna gerra baino okerragoa da. Bukeleren gobernuaren doilorkeria izugarria da, baita gorrotoa elikatzeko duten nahia ere. Gure lana ez da bukatu. 

«Bukeleren gobernuaren doilorkeria izugarria da, baita gorrotoa elikatzeko duten nahia ere»

Aipatu duzu memoria historikoak ere rol garrantzitsua duela zuen lanean.

El Salvadorrek hamabi urteko gerra bat izan zuen, baina gerraren aurretik ere sarraski eta hilketa asko egon ziren. Ondoren, ordea, urte luzez historia liburuek ez zuten gaia aipatu ere egin. Isiltasuna, ahanztura eta historiaren desitxuratzea gertatu ziren. Pixkanaka-pixkanaka berreskuratuz joan ginen memoria; baina, orain, historia Bukelerekin hasten dela helarazi nahi du gobernuak. Memoria gabeko historia bat nahi dute, eta guk memoria bizirik mantendu nahi dugu, eta borrokara integratu.  

El Salvadorren aldaketa handiak egon dira azken urteotan, bereziki Nayib Bukele 2019an presidente bihurtu zenetik. 

Bukele ulertzeko, haren testuingurua ulertu behar da. Bukele boterera heltzea aliantza baten ondorioa da: haren talde ekonomikoak eta sektore progresistek egindakoa. Aliantza horren ondorioz, Bukele boterea lortzen hasi zen, eta alkate izatea lortu zuen. 

Salto handia dago alkate izatetik presidente izatera. Nola lortu zuen herritarren sostengua?

Bere burua ezberdina balitz bezala aurkeztu du, politikari ustelen eta gaiztoen taldekoa ez dela esanez. Alde mediatikoa ere oso garrantzitsua da. Egunean 100-120 bideo sortzen dituzte presidentearen irudia goresteko. 

«Memoriarik gabeko historia bat nahi dute, eta guk memoria bizirik mantendu nahi dugu, eta borrokara integratu»

Nazioartean, Bukeleren jardun politikoa banden kontra hartu dituen neurriengatik da ezaguna.

Maren edo banden kontrako borroka 2015ean hasi zen arrakasta izaten, Bukele presidentetzara heldu baino lau urte lehenago. Erailketak gutxitzen hasiak ziren jada, politika bat martxan zegoen, baina ez zen ez hain ikusgarria, ez mediatikoa. Gainera, El Salvadorko eskuin oligarkikoak hedabideak erabiltzen zituen aurrerapen horiek estaltzeko, banden kontrako politika gobernu aurrerakoi batena zelako. Bukelek bazekien hori zela gizarte salvadortarrak duen minik sakonena, eta borroka hori bihurtu zuen bere estrategia politiko nagusia. Eta egia da erailketak gutxitu direla.

Nola lortu du hori?

Marekin akordio bat egitea lortu du. Ez dakigu zehazki zelakoa den, baina uste dugu bandei dirua ematen ari dela. 

Nolako eragina izan dute neurri horiek salvadortarren egunerokoan?

Kontraesana da esango dudana. Herritar pobreak, oro har, pozik daude, nahiz eta haien egoera ekonomikoa eta zerbitzu publiko guztien egoera okerragoa izan. Hori beste edozein herrialdetan ez litzateke onartuko, hainbeste eskubide konstituzional galtzea segurtasunaren truke. Baina oinordetzan jaso dute herri askotan urte luzez bizitako diktadura militarretan dagoen pentsamoldea. Zuzenbide estatua zer den ikasi duten arren, ez dute barneratu. Bukelek herriaren babesa du. Egoeraren kontrolari eusteko, herrialdeak salbuespen egoeran darama 2022tik. 

«Bukelek herriaren babesa du. Egoeraren kontrolari eusteko, herrialdeak salbuespen egoeran darama 2022tik»

Salbuespen egoeraren ondorioz, milaka pertsona espetxeratu ditu gobernuak. 

93.000 preso inguru daude, eta, gure kalkuluen arabera, horietatik 10.000 eta 15.000 artean dira bandetako kideak. Gainerakoak pertsona txiroak dira, auzo pobreetako gazteak, gehienak arrazializatuak. 

Zer aurreikusten duzu El Salvadorren etorkizunerako? 

2027an hauteskundeak izango dira, eta hautatu egingo dute berriro. Bukeleren figura ez dago higatua oraindik; bereziki, oposiziorik ez dagoelako. Ezkerreko alderdia, oraindik existitzen dena, iraungi da, ez du oposiziorik egin azken zazpi urteotan urteetan. Mugimendu sozialaren sektore batek egiten dio kontra, baina zaharkitua dago, eta ez du estrategia argirik. Eskuineko oposizioa ere baliogabetua dago. 

Zer pauso eman behar da egoerari aurre egiteko?

Irteera bakarra tradizionalki organizatu ez diren sektoreetara iristeko sormena izatea da, eta hutsetik hastea berriz ere. Haserrea sorrarazi behar dugu jendearengan, eta hori bideratzeko mekanismoak aurkitu. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA