Elkarri eraso egiten jarraitzen dute AEBek eta Iranek Ormuzen

AEBetako armadak jakinarazi du Irango bost petroliontzi jo dituela gaur. Eraso horri erantzunez, Teheranek misilak jaurti ditu AEBek Jordanian daukaten base batera, eta beste hamar ontzi jo ditu Ormuzen, tartean, AEBetako armadaren bi ontzi.

Jordaniako estatu indarrek Iranen misiletako bat eraitsi duten unea, gaur gauean. ATEF SAFADI / EFE
Jordaniako estatu indarrek Iranen misiletako bat eraitsi duten unea, gaur gauean. ATEF SAFADI / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 9a
11:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sokatiran jarraitzen dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek. Gaur, AEBek bost petroliontzi jo dituzte, argudiatuta aurrez Teheranek AEBetako itsas armadaren gerra-ontzi bati bi eraso egin dizkiola azken bi egunetan. Eraso horri erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak misilak jaurti ditu AEBek Jordaniako Al Azraq herrian daukaten basera. Jordaniako Gobernuak zehaztu duenez, hogei misil jaurti ditu Teheranek; hemezortzi eraitsi dituzte, eta beste biek ez dute kalte nabarmenik eragin.

Centcom AEBetako armadaren Komandantzia Nagusiak eman du AEBen erasoaren berri, sareetan zabaldutako ohar batean. Azaldu dutenez, jo dituzten Irango bost ontziak suntsitu dituzte —erasoaren irudiak ere zabaldu dituzte sare sozialetan—, eta zehaztu dute erasoa gauzatu aurretik ontzietatik ihes egiteko abisua eman dietela eskifaiako kideei.

Irango Atzerri Ministerioak erasoak gaitzetsi ditu ohar baten bidez, eta salatu du Washingtonek ezarri nahi duen itsas blokeoaren eta gerra ekonomikoaren parte dela azken eraso hori. «Gerra krimenak dira, eta nazioarteko segurtasuna kolokan jartzen dute», gaineratu dute.

Tentsioa areagotu egin da azken egunetan Ormuzko itsasartean. Bertatik pasatzen da munduko petrolioaren %20 inguru, eta begia begi truk jokatzen ari dira bi aldeak bertan. Batek eraso egiten badu, besteak erantzun, eta alderantziz. Horrek, beste dimentsio batera eraman du Ekialde Hurbileko gerra.

Irango funtzionarioek azken egunetan egindako adierazpenen arabera, Teheranek ez dio aterik itxi diplomaziari, baina gaur-gaurkoz, erasoekin erantzuten ari da. Tasnim Irango albiste agentziak Irango Guardia Iraultzailearen ohar bat kaleratu du azken orduetan, eta azaldu dutenez, bi eraso egin dituzte, «AEBetako armada terroristaren erasoari eta maltzurkeriari erantzuteko». Alde batetik, misilak jaurti dituzte AEBek Jordaniako Al Azraq herrian daukaten basera —ez dute kalterik eragin—, eta beste alde batetik, begia begi truk aritu dira, eta hainbat ontzi jo dituzte Ormuzen; AEBetako armadaren bi ontzi eta beste zortzi petroliontzi. Hala, ohartarazi dute itsasarteak euren «kontrolpean» jarraitzen duela.

Horrez gain, Bahraingo eta Kuwaiteko petroliontziak «helburu» izango direla ohartarazi du Irango Guardia Iraultzaileak —AEBen aliatuak dira bi herrialde horiek—, eta bi herrialdeetako portuetatik berehala alde egiteko eskatu die ontzi horietako tripulazioei.

Israelek meniak urratzen jarraitzen du

Palestinako Osasun Ministerioak gaur zabaldu duenez, Israelgo estatu indarrek eta eta kolonoek lau lagun hil dituzte azken 24 orduetan Zisjordaniako Naplusa, Qalqilya eta Tulkarem hirietan. Hala, dagoeneko ehun dira urte hasieratik Israelek Zisjordanian hil dituen pertsonak.

2023ko urrian Gazako inbasioa areagotu zuenetik, Israelek 73.658 palestinar hil ditu, eta 1.352 iazko urriaren 10ean hitzartutako «su etenaz» geroztik.

Palestinan egindako erasoez gain, Libano hegoaldean ere erasoak egin ditu Israelek azken orduetan —herenegun 11 lagun hil zituzten, tartean, bi osasun langile—. Libanoko NNA berri agentziak jakinarazi duenez, Israelgo indarrek Doha Kfar Reman eta Kfar Tebnit hiriak jo dituzte, Nabatieh barrutian. Erasoek zenbait kalte eragin dituzte, baina, oraingoz, ez dute inor hil.

Berez, Palestinan bezala Libanon ere su etena ezarria dago. Tel Avivek eta Hezbollahk bi menia adostu dituzte azkeneko hiru hilabeteetan AEBen bitartekaritzarekin. Dena den, Israelek ez ditu errespetatzen. Gainera, Israelek 600 kilometro koadro inguru dauzka okupatuta Libanon —herrialdearen %6 inguru—, eta Libanoko Gobernuak hala eskatu arren, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan izan du ez dela eremu horietatik aterako Hezbollah «guztiz» armagabetu arte; Libanoko milizia xiitak, ordea, esana dauka ez duela armak uzteko asmorik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA