Elon Musk deklaratzera deitu du Frantziako Fiskaltzak

Ikerketak oinarri duen salaketaren arabera, X-ren adimen artifizialak eduki pornografiko eta negazionistak sortzen ditu. Apirilaren 20rako deitua dute Musk.

Elon Musk Bogotan, joan den astean. GIAN EHRENZELLER / EFE
Elon Musk Bogotan, joan den astean. GIAN EHRENZELLER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 3a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

X-k Parisen duen egoitza miatu dute gaur goizean, eta, horren ondoren, Frantziako Fiskaltzak adierazi du Elon Musk sare sozial horren jabea deklaratzera deitu duela, apirilaren 20rako. 

Fiskaltzak ohar batean zehaztu duenez, iazko urtarrilaren 12an eta uztailaren 9an X-ren aurka jarritako bi salaketari erantzunez miatu dute egoitza. Ministerio Publikoak dioenez, salaketa horiek zioten X sare sozialaren Grok adimen artifizialaren eraginez X-k «eduki negazionistak eta kutsu sexualeko deepfake-ak hedatzen» dituela. X-ren kontseilari ordezkari ohi Linda Yaccarino ere apirilaren 20rako deitu dute, eta langile batzuek ere apirilaren 20aren eta 24aren artean deklaratzeko zitazioa jaso dute.

Parisko Fiskaltzaren ziberdelinkuentziaren aurkako atalak eta Frantziako Poliziako eta Europoleko agenteek ere parte hartu dute miaketan, komunikatuak dioenez. Fiskaltzak X-an kaleratu du oharra, eta gehitu du, bide batez, aurrerantzean ez duela sare sozial hori baliatuko bere jardueren berri emateko. 

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdiko diputatu Eric Bothorelek jarri zuen lehen salaketa, argudiatuz plataformaren funtzionatzeko moduak datuak automatikoki prozesatzeko era distortsionatu zuela, beharbada.

Ikertzen ari diren delituen artean, fiskaltzak hauek aipatu ditu, besteak beste: «konplizitatea joera pedo-pornografikoko irudiak edukitzeko orduan», «pertsona irudikatzeko moduaren aurkako atentatua», eta «datuak automatikoki erabiltzeko sistematik datuak legez kanpo erabiltzea, talde antolatu baten bidez».

Arropa gutxirekin

Zenbait erabiltzaile hasiak ziren sare horretan bertan salatzen Grok-en erabilerak helburu pedofiloak eta pornografikoak dituela. Frantziako Fiskaltzak berak azaldu du irudiak manipulatzeko baimenik emana ez zuten pertsonak zirela protagonista Grok baliatuz sortutako irudi batzuetan; besteak beste, adingabeak eta urtarrilaren 1ean Suitzako eski estazio batean piztutako suteko biktimak —berrogei lagun baino gehiago hil ziren ezbehar horretan—. 

Horren guztiaren harira, Sarah El Hairyk, Frantziako Gobernuaren Haurren Arloko goi mandatariak, salaketa bat egin zuen X sare sozialean bertan, duela hilabete inguru: adierazi zuen erabiltzaile batzuek Grok-i eskatzen diotela sortzeko emakumeak eta adingabeak biluzik erakutsiko dituzten edukiak. «Irudia artifiziala den arren, kaltea benetakoa da», azpimarratu zuen.

Frantziako Gobernuak, Roland Lescure Ekonomia ministroaren bidez, salaketa bat jarri zuen urtarrilaren 2an fiskaltzan, iruditzen baitzaio Grok-ek sortutako eduki «ez-zilegiak» zabaltzen dituela X-k.

AI Forensics GKE gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat kaleratu zuen urtarrilean, Grok-ek sortutako 20.000 irudi inguru aztergai hartuta. Ondorioztatu zuen irudi horien erdietan baino gehiagotan azaltzen ziren pertsonek arropa gutxi zutela soinean. 

Gainera, kontuan hartu behar da Europako Batzordeak 120 milioi euroko isun bat jarri ziola X-ari abendu hasieran, edukiei buruzko arauak urratzea egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.