Emaitzaren ostean berehala hasi dira ospakizunak

Parlamentuaren kanpoaldean bildutakoak, independentzia deklarazioa ospatzen. MARTA PEREZ, EFE
jon ordonez garmendia
2017ko urriaren 27a
16:51
Entzun

"70 boto alde, eta hamar, kontra". Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak azken bozketaren emaitza eman duenean hasi dira ospakizunak Katalunian, independentzia deklarazioa ospatzeko. Bai Parlamentuaren barruan baita kanpoaldean ere. Une historikoa izan da eta horren jakitun emozioa azaleratu egin da.

Parlamentuaren barruan gaurko saioa jarraitzera gonbidatuta zeuden Kataluniako alkateak zeuden. Aginte makilak eskutan hartuta, udalen babesa eman diote Parlamentuari. Kanpoan bilduta zeuden 15.000 lagunak saltoka eta oihuka hasi dira ospatzen emaitza. Diputatuak Parlamentuaren barruan baina ganberatik kanpo bildu dira gero. Ekitaldi batean Dolors Sabate Badalonako alkateak hartu du hitza. "Alkateak, aldarrikatu berri den Kataluniako errepublikarekin konprometitzen zarete?", galdetu du. Eta alkateek aho batez, "bai" oihukatu dute.

Txaloak, besarkadak, malkoak... Une hunkigarriak bizi izan dira. Goizeko 10:30etatik zeuden herritarrak ANCk eta beste erakunde batzuek deituta, eta atzoko egun zoroaren ondoren, ezer ezin zen ziurtzat eman. Arretaz jarraitu dute eztabaida, eta pantailan bat edo beste atera, alde batekoak edo bestekoak ziren oihuak. Azkenean, ordea, Forcadellek emaitzaren berri eman duenean festa lehertu da han bildutakoen artean.

Parlamentuko saioaren ondoren, jendeak ospakizunekin jarraitu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.