Glaziologoa

Eñaut Izagirre: «Domino efektu batek eragin du uholdea»

Izagirreren ustez, «glaziar baten masa galerak» eta «mila metroko saltoak» eragin dituzte uholdeak. Nepaldik, Pokharatik, aztertu du hondamendia.

Eñaut Izagirre. BERRIA
Eñaut Izagirre. BERRIA
2026ko abuztuaren 27a
17:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Nepal eta Tibet arteko eremuak astindu zituen izotz eta arroka jausi erraldoi batek, eta horren osteko uholde kateatuek ehunka hildako eta mila desagertutik gora utzi dituzte dagoeneko. Gertatutakoaren zenbaterainokoa den argitzen ari diren bitartean, Eñaut Izagirre (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990) geografo eta glaziologoa Pokhara hirian dago (Nepal), ezbeharra gertatu den eremutik 150 kilometro ingurura. Mendi ibilaldi bat amaitu berritan jakin du ezbeharraren berri, eta bertatik azaldu ditu gertaeraren atzean dauden faktore geologiko, hidrologiko eta klimatikoak, baita herrialdea bizitzen ari den ezohiko egoera ere.

Zuek nola zaudete Nepalen?

Gu ondo gaude; guri ez digu zuzenean eragin uholdeak. Pokhara hirira iritsi gara hemezortzi eguneko ibilaldia egin eta gero, eta kalte handienak izan diren eremutik 150 kilometrora dago gutxi gorabehera. Orduan, guk ez dugu gertutik pairatu ezbeharra, Nepal eta Tibet arteko mugatik ehunka kilometrora baikaude.

Glaziar bat erori delako gertatu da uholdea?

Horixe da hipotesi nagusia, eta orain arte dakiguna, batez ere azken satelite seinaleen arabera. Hasieran pentsatu zen 4,4 graduko lurrikara bat izan zela, eta horrek eragina izan zitekeela uholdea. Baina ikusi dugu lurrikara batek eragin beharrean glaziar baten masa galerak —hau da, izotz masaren apurketa handi batek— eragin duela, horrelako izotz jausi handi bat sortu duelako. Mila metro baino gehiago erori da, 5.000 metrora zegoen glaziar baten fronteak apurtu direlako, eta inpaktu horrek berak 5,2 graduko seismo bat sortu du.

Horren ostean, horrelako masa batek domino efektu bat eragiten du; ingelesez cascading processes esaten diogu. Izotz eta arroka bolumen handi batek —gutxi gorabehera 1,7 kilometro karratu ditu—, ura hartu zuen eroritakoan. Izotza apurtzean, sedimentuak eta lokatzak sortzen dira, eta hori azkar garraiatzen da haranean behera. Haran horretatik beste haran nagusiagoetara jaitsi zen, eta hor ur gehiago pilatu zen. Tibeteko eta Nepalgo irudietan ikusten da olatua izugarri handia dela. Azkenik, beherantz doanean indar handiagoa hartzen du ibilbideak, haranak oso malkartsuak direlako. 

Nepalen ola ari dira bizitzen gertatutakoa?

Atzo, egia esan, informazio falta handia egon zen. Gaur, oraindik nabaritzen da anestesia puntu bat; jendeak oraindik ez du sinisten. Guk, adibidez, gure bidaia Katmanduko agentzia batekin egin dugu. Gurekin ibili diren xerpak ere eremu horretakoak dira. Haiei galdezka, arduraz jokatu dute, eta lankideak, inguruko lagunak eta familiakoak nola dauden jakin nahi izan dute. Atzo, lehenengo mezuetan zer moduz zeuden galdetu zieten, eta pixkanaka gauzak jasotzen hasi zirenean lasaituz joan ziren, bazekitelako gertukoak ongi zeudela. 

«Nepal oso ohituta dago horrelakoetara; ez agian hondamendi erraldoi honetara, baina bai uholdeei berehalako erantzuna ematera»

Urduritasuna da gehien nabaritzen dena?

Bai, hori da. Nik uste dut urduri daudela, tamaina horretako zerbait aurrean edukita. Aldi berean, Nepal oso ohituta dago horrelakoetara; ez agian hondamendi erraldoi honetara, baina bai uholdeei berehalako erantzuna ematera. Ikusi dudanagatik, Nepal oso herrialde erresilientea da, eta berehala bilatzen ditu aurrera egiteko bideak: izan bide berriak eraikiz, izan elikagaiak garraiatzeko forma berriak landuz. Oraindik gertaera honek min handia eragingo du, baina seguru nago herrialde hau aurrera aterako dela, eta indarberrituta, gainera.

Zure ustez nola daude herrialdeko azpiegiturak halako hondamendiei begira?

Azpiegitura txarrak edo eskasak dituztela baino gehiago, esango nuke bizi daitezkeen lekuetan bizi direla. Herriak ibaietatik gertu daude: nekazaritzarako lur emankorrak diren eremuetan edo etxeak eraikitzeko moduko leku lauetan. Badakigu urteen poderioz uholdeak izan daitezkeela eremu horietan. Atzo gertatutakoa orain dela milaka urte pasa zitekeen zerbait da. 

Zer erantzun eman du Nepalgo Gobernuak?

Nik batez ere hedabideen bitartez erreparatu diot, eta baita hidrologia sailak eta arrisku naturalen kudeaketarako sailak eman dituzten albisteetan begiratu ere. Bertan esaten ari dira da gertatutakoa ikertzen ari direla. Hortik aurrera, gu oso seguru sentitu gara. Gure agentziarekin eta familiekin egon gara harremanetan une oro, eta ez da inongo arazorik izan. Espero dugu guztia ondo amaitzea.

Klima larrialdiak eraginik izan al du gertatutakoan?

Zuzenean zerikusia ote duen esan baino lehen, testuinguruan jarri beharreko zerbait dela uste dut. Klima aldaketa modu globalean gertatzen den fenomeno bat da. Badakigu goi mendietako eremuak gehiago berotzen direla, izan Alpeak, Pirinioak zein Himalaia. Izotzaren gisako elementu bat daukagunean, tenperaturaren mendekoak diren glaziarretan ur likido gehiago edo gutxiago izateak naturan erantzun zuzen bat eragin dezake. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA