Uholdeek eta luiziek bat-batean harrapatu zituzten atzo Nepalen eta Tibeten arteko mugaren inguruko eskualdeak, eta hondamenak gutxienez 470 hildako eragin ditu, Nepalgo Poliziak gaur emandako azken datuen arabera. Oraingoz, 1.400 lagun inguru desagertuta daudela jakinarazi dute bi herrialdeek: 826 pertsona Nepalgo Bagmati probintzian —haietako 644 turistak dira, tartean 517 atzerritar—, eta beste 558 Tibeteko Gyirong eskualdean —haietako 260 atzerritarrak—. Tokiko agintariek diotenez, litekeena da hildako eta desagertu gehiago egotea.
Ikusi gehiago
Txinak jakinarazi du dagoeneko 555 turista ebakuatu dituela Tibeteko Gyirong eskualdetik gune seguruagoetara; Nepalen, berriz, hango poliziek EFE berri agentziari jakinarazi diotenez, gutxienez 445 lagun erreskatatu dituzte, tartean 27 atzerritar.
Nepalen desagertutako turisten artean gutxienez 48 herrialdetakoak daude, herrialdean turismoaz arduratzen den erakundearen arabera: besteak beste, 127 Nepalgoak bertakoak dira, 65 Ameriketako Estatu Batuetakoak, 53 Ukrainakoak, 51 Malaysiakoak, 35 Australiakoak, 33 Erresuma Batukoak, 25 Kanadakoak, lau Frantziakoak eta beste lau Espainiakoak —BERRIAk ezin izan du baieztatu bidaiari horien artean ba ote den euskal herritarrik—; Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Lin Jianek gaur adierazi du beste ehun bat desagertu txinatarrak direla.
Bestalde, Indiako Atzerri Ministerioak gaur esan duenez, gutxienez 288 indiar daude galduta Nepalen. Gehienak turistak dira, baina ministerioaren arabera, desagertuen artean Nepal erdialdeko zentral hidroelektriko batean lanean ari ziren 73 lagun daude. Gainera, gutxienez beste 200 herritar Tibeten harrapatuta daudela jakinarazi du Indiak.Â
10.000Zenbat familiak behar duten premiazko laguntza Nepalen. Nepalgo agintariek emandako datuak aipatuz, OME Osasunaren Munduako Erakundeak ohartarazi du 10.000 familiaÂ
inguruk premiazko laguntza behar dutela Nepalen, atzoko uholdeek eragindako kalteak direla eta.
Â
Hasiera batean, Nepalgo Atzerri ministro Shishir Khanalek aditzera eman zuen litekeena zela lurrikara batek eragin izana bat-bateko uholde horiek. Khanalek esan zuen uste zutela lurrikarak luizi handi bat eragin zuela, eta lur horrek ibai bat blokeatzean sortu zirela uholdeak. Kontuan da, USGS AEBetako barne departamentuaren zerbitzu geologikoaren arabera, atzo 5,2 graduko seismo bat erregistratu zela Tibeten, Nepalgo mugatik hurbil, baina mugimendu hori luizi batek eragin zuela jakinarazi zuen USGSk.

Nolanahi ere, hainbat ikertzailek BBC hedabideari adierazi diotenez, hipotesi nagusia da izotz bloke handi bat jaustean sortu dela lur jausia. Ikerlariek, beraz, mendietako izotza gero eta azkarrago urtzeari egotzi diote luizia, eta adierazi dute seguruenik altuera handiko eremu bateko glaziar baten «kolapsoak» edo elur jausi batek sortu zuela hondamena.
Ikertzaileek jakinarazi dute jauste horren eraginez izotz bloke eta arroka handiak sartu zirela ibaietan, eta, horren ondorioz, ibaietako ur maila zazpi eta bederatzi metro artean igo zela 30 minutuan.
Azken urteetako larrienak
Himalaia mendikatean gertatu izan dira antzeko ezbeharrak, baina azken urteetan hildako gehien eragin dituzten uholdeak izan ziren atzokoak. 2024ko irailean berrehun pertsona baino gehiago hil ziren Nepalen, bat-bateko uholdeek Katmandu hiriburuan eta haren inguruko eskualdeetan suntsipena eragin ostean.
Halere, Himalaian hirurehun hildako baino gehiago eragin zituzten azken uholdeak 2012an gertatu ziren. Urte hartako urrian, 450 pertsona hil ziren Pakistanen izandako uholdeetan, eta bost milioi herritar baino gehiagok pairatu zituzten kalteak.
Gainera, desagertutako herritarren kopuruari erreparatuta, baliteke datozen orduetan eta egunetan gorpu gehiago aurkitzea. Gainera, oraindik ere uholde gehiago izan daitezkela ohartarazi dute agintariek. Esaterako, Nepalen eta Tibeten arteko mugako eremu batean laku handi bat sortu da, Chochen eta Puruchangpo Zangbo ibaiek bat egiten duten lekuan. Datozen egunetan gune horretara ur gehiago iritsi daitekeela espero dute agintariek, hiru milioi metro kubikoraino. Horregatik, gainezka egin dezkaeen beldurrez, Txinak ebakuatu egin ditu inguru horretan bizi diren herritarrak.