Tunisiako parlamentuan ordezkari gehien dituen Ennahda alderdi islamista jopuntuan du herrialde horretako Fiskaltzak. Mohsen Daly Tunisiako Fiskaltzaren bozeramaileak azaldu duenez, ikerketa bat dute abian Ennahdaren hauteskunde kanpainen atzerriko finantzaketari buruz eta dohaintza anonimoei buruz.
Dalyk Tunisiako Mosaique FM irratian adierazi du ikerketa uztailaren erdialdetik dela abian, Kais Saied Tunisiako presidenteak Hitxem Metxitxi kargugabetu, parlamentuko jarduna «behin-behinean» eten eta botere exekutiboa bere gain hartu baino egun batzuk lehenagotik. Ennahdak «estatu kolpea» ematea egotzi dio Saiedi, baina prest agertu da hauteskundeak aurreratu eta bozetan parte hartzeko, Tunisian «autoritarismoa» eragozte aldera. «Elkarrizketa» eskatu dio presidenteari.
Ikerketapean dago Qalb Tunis parlamentuko bigarren indarra ere. Alderdi sozialdemokrata espetxetik gidatzen du Nabil Karui komunikazio arloko enpresari aberatsak. 2019an sartu zuten kartzelan, ustelkeria kasu batekin lotuta. Urte horretan, presidentetzarako bigarren itzulira sailkatu zen, eta bigarren bozketan galdu zituen bozak Saieden aurka.
Fiskaltza ikertzen ari da Aitx Tunsi mugimendu politikoa ere. Diputatu bakarra du parlamentuan.
Onat Tunisiako abokatuen sindikatuak presidenteari eskatu dio baliatu dezala orain duen boterea 2011tik gaur arte «terrorismo» delituekin eta ustelkeriarekin zerikusia duten gertakariak ikertzeko. «Hauteskunde legea eta sistema politikoa berrikustea» ere galdegin dio, aldaketekin «herriaren borondateari erantzuteko».
Herrialdeko sindikatu nagusia den UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorrak ere urrats zenbait egiteko eskatu dio presidenteari, finantza publikoen eta estatuko zorraren ikuskaritza osatua egin dezan. Banku Zentralari alderdietara eta elkarteetara egindako transferentziak ezagutaraztea galdegin dio.
Gardentasunaren aldeko neurriekin batera, salbuespenezko egoera politikoari mugak jartzeko ere eskatu dio sindikatuak presidenteari. «Berme konstituzionalak» exijitu ditu, salbuespen egoera kontrolatzeko eta indarrean izango den epea zehazteko. Ez du nahi presidentearen botere kontzentrazioa denboran gehiegi luzatzerik. Gatazka gainditzeko «bide orri parte hartzailea» galdegin du.
UGTT eragin handiko sindikatua da Tunisian. Lehenago ere saiatu izan da herrialdeko krisi politikoetan konponbiderako ekarpenak egiten. 2013ko krisi politikoan izandako jarrerarengatik, UGTTk eta beste hiru erakundek Bakearen Nobel saria jaso zuten.
Saiedek joan den igandean hartu zuen lehen ministroa kargugabetzeko eta parlamentuaren jarduna 30 egunez eteteko erabakia. Aurreko egunean, protesta jendetsuak izan ziren Tunisiako hainbat hiritan gobernuaren kudeaketaren aurka. Herrialdea krisi ekonomiko sakonean da, eta egoera are gehiago okertu du COVID-19aren pandemiak. Presidentearen erabakiaren berri izandakoan, milaka herritarrek ospatu zuten erabakia kaleetan.
Tunisiak ezagutu duen krisi politikorik handiena eragin dute presidentearen erabakiek, 2011ko iraultzaz geroztik. Hala ere, oraingoz agintea sendotzea lortu duela dirudi. Metxitxik, kargutik kentzea onartu, eta botere eskualdatze «baketsua» iragarri zuen asteartean.