Giharra erakutsi du Anthropic konpainiak, eta, azkenerako, irabazi egin du Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Departamentuarekin zuen sokatiran: ez dago «oinarririk» adimen artifizialaren alorrean jarduten duen enpresa hori «hornikuntza katerako arrisku» gisa izendatzeko, eta «legez kanpokoa» ere bada hala izendatzea. Kalifornia iparraldeko barrutiko epaileak, Rita Lin magistratuak, bart ebatzi du hori epai batean: «Nazioaren segurtasuna ez da gobernuarekin kritiko direnak zigortzeko eta haien kontrako errepresaliak egiteko txeke bat».
Anthropicen eta Pentagonoaren arteko eztabaida hasi eta urte erdira heldu da erabakia; izan ere, otsailean, Gerra Departamentuak baimena eskatu zion konpainiari Claude deritzon adimen artifiziala «helburu legitimo guztietarako» erabiltzeko, nahiz eta ez zuen zehaztu zer helburuz ari zen. Eta Anthropicek ezetz erantzun, kontratuan ez zutela jaso adimen artifizialaren eredu hori «arma autonomoetarako» eta «herritarrak masiboki zelatatzeko» erabiltzea, eta Claude ez zela fidagarria xede horietarako —200 milioi dolarreko (169 milioi euro) kontratua sinatu zuten iazko urrian, Claude eredua erabiltzeko—. Segidan heldu zen epaileak atzera bota berri duen neurria: Pentagonoak martxan jarri zuen teknologia konpainia «hornikuntza katerako arrisku» izendatzeko prozedura.
Gerra Departamentuak abiatu izan du «hornikuntza katerako arrisku» izendatzeko prozedura hori, eta atzerriko konpainiei-eta eragin izan die: segurtasun nazionalari «mehatxu» egiten dietenei eta espioitza, sabotajea zein datuen lapurreta leporatzen dietenei, besteak beste. Anthropicen kasua heldu zen arte, zerrenda horretan sartu zuten AEBetako lehenbiziko konpainia izan baitzen.
Anthropicek ontzat jo du epaia, eta bozeramaile batek zera jakinarazi die hedabideei: «Gobernuarekin lankidetza emankorra lortzeko lanean zentratuko gara, adimen artifiziala segurtasun nazionalerako baliatzeko, eta amerikar guztiek etekina ateratzeko teknologia horri». Izan ere, Claude ereduaren gaineko eztabaida alde batera utzita, konpainia eta gobernua elkarlanean aritu dira, besteak beste, agentzia federalek adimen artifizialeko Mythos eredua erabil dezaten zibererasoei kontra egiteko.
Konpainiak martxoaren hasieran jarri zuen gobernuaren kontrako salaketa, argudiatuta, Kaliforniako epaileak ebatzi duen bezala, «hornikuntza katerako arrisku» izendatzeko erabakiak ez zuela oinarririk. Are, zenbait hedabidek eta albiste agentziak Pentagonoko iturriak aipatuz kaleratu zutenez, Gerra Departamentuak «ideologiagatik» erabaki zuen Anhtropicen kontra egitea, eta ez zegoen Claude arriskutsua zelako «frogarik».
Orduko hartan Etxe Zuriko bozeramailea zenak, Liz Hustonek, esan zuen ezein konpainiak ez zuela «arriskuan» jarriko «segurtasun nazionala», eta teknologia enpresa erraldoietako buruen «gutizia ideologikoek» inoiz ez zutela «bahituko» AEBetako armada: konstituzioari jarraituko ziotela, eta ez «adimen artifizialarekin aritzen den edozein konpainia woke-ren erabilera baldintzei». Donald Trump AEBetako presidenteak ere «ezker erradikalekoa» izatea leporatu zion Anthropici; ekainean, berriz, Axios hedabideari esan zion jada ez zuela uste konpainia hori «mehatxua» zenik.
Bestalde, izendapen horren harira, Anthropicek beste auzibide bat ere abiatu zuen martxoan. Kalifornia iparraldeko barrutiko epaitegikoa Gerra Departamentuari zegokion; Washingtongo Helegite Auzitegi Federalekoak, berriz, gainontzeko agentzia federalei eragingo lieke —oraindik ez dute epaia eman—. Hango epaile federalak ere «arriskutzat» joko balu, Anthropicek gobernuarekin duen lankidetza eten beharko luke berez, nahiz eta Washingtonek aukera izango lukeen —hala nahi izango balu eta azken hilabeteotako lankidetza ikusita— Anthropicekin lanean jarraitzeko.