Pentagonoak «helburu legitimo guztietarako» erabili nahi du adimen artifiziala

AEBetako Gerra Departamentuak sekretupeko dokumentuetarako darabil Anthropic konpainiaren eredua, eta enpresa horrek ez du nahi adimen artifiziala armetarako edo herritarrak zelatatzeko erabiltzea. Gaur arteko epea du gobernuari erantzunen bat emateko.

Anthropic konpainiaren egoitza San Frantzisko hirian, atzo. JOHN G. MABANGLO / EFE
Anthropic konpainiaren egoitza San Frantzisko hirian, atzo. JOHN G. MABANGLO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 27a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez datoz bat Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Departamentua eta Anthropic konpainia. Gobernuak baimena eskatu dio Claude deritzon adimen artifiziala «helburu legitimo guztietarako» erabili ahal izateko —ez du zehaztu helburuak zein diren—, baina ezezkoa jaso du. Washingtonek, ordea, behartu egin nahi du Anthropic: gaur gauera arteko epea eman dio exijitzen diona betetzeko; bestela, zerrenda beltzean sartuko du konpainia, eta ezingo du herrialdeko armadarekin zerikusirik duen ezein organo edo konpainiarekin lan egin.

«Mehatxu horiek ez dute gure jarrera aldatuko: ezin dugu asmo onez haien eskaera onartu», esan du Dario Amodei Anthropiceko zuzendari nagusiak gaur kaleratu duen ohar batean. Argi utzi du Gerra Departamentuarekin duten kontratuan ez zutela hitzartu adimen artifizialaren eredua «arma autonomoetarako» eta «herritarrak masiboki zelatatzeko» erabiltzea, eta ez dutela zertan orain halakorik onartu. Pentagonoak sekretupeko informazioaren alorrean erabiltzen du Anthropicen adimen artifiziala; beste konpainia batzuen modeloak —OpenAI enpresarena, esate baterako—, berriz, desklasifikatutako dokumentuetarako soilik erabiltzen ditu.

Pentagonoak ukatu egin du Claude horretarako erabili nahi dutela, eta adierazi du «eskari sinple eta arrazoizkoa» egin diola Anthropici, Sean Parnell bozeramailearen hitzetan, «operazio militar kritikoak eta soldaduak arriskuan egon ez daitezen». Sare sozialetan idatzi duen mezu batean, ohartarazi du ezein konpainiak ez duela «baldintzatuko» nola jardun behar duten. Era berean, Emil Michael Defentsa idazkariordeak sare sozialetan salatu du Amodeik AEBetako armada kontrolatu besterik ez duela egin nahi, eta ondo iruditzen zaiola zera: «Gure nazioaren segurtasuna arriskuan jartzea».

Anthropiceko zuzendari nagusiak esan du inoiz ez diola objekziorik jarri Pentagonoaren jardunari, eta ez dela saiatu bere teknologia «ad hoc» mugatzen: «Dena den, kasu bakan batzuetan, uste dugu adimen artifizialak balio demokratikoak urratu ditzakeela, defendatu bainoago». Zenbait erabilera teknologiak «segurtasunez» egin dezakeenaren kanpo daudela nabarmendu du, tartean, armetarako eta zelatatzeko erabiltzea. Ez dago prest, beraz, horiei bide emango lieketen «babes neurriak» bertan behera uzteko, Gerra Departamentuak eskatu gisa.

«Mehatxu egin digute babes neurri horiei eutsiz gero haien sistematik kenduko gaituztela, eta 'hornikuntza katerako arriskutsutzat' joko gaituztela», erantsi du Amodeik. Gerra Departamentuak abiatu izan ohi du konpainiak-eta «hornikuntza katerako arrisku» gisa izendatzeko prozedura, eta atzerrikoei eragiten diete: segurtasun nazionalari mehatxu egiten dietenak eta espioitza, sabotajea zein datuen lapurreta leporatzen dietenak, besteak beste. Amodeik jakinarazi du, Anthropic zigortuz gero, zerrenda horretan sartzen duten AEBetako lehenbiziko konpainia izango zela.

Pentagonoak badu beste biderik: Defentsa Ekoizpenerako Legea. Horren bidez, Claude eredua nahi bezala erabili ahalko luke. Horren jakitun da Amodei, eta agerian utzi du «kontraesankorrak» direla Gerra Departamentuaren bi irtenbideak: «Batek dio arriskutsuak garela; besteak, Claude nahitaezkoa dela nazioaren segurtasunerako». Anthropicek gaur 17:01era arteko epea du erantzuteko, 23:01era artekoa Euskal Herrian.

200

Washingtonek Anthropic konpainiarekin egindako kontratua zenbatekoa den, milioi dolarretan. Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Departamentuak 200 milioi dolarren kontratua —169 milioi euro— sinatu zuen iazko uztailean Anthropic konpainiarekin, haren Claude adimen artifizialaren eredua erabiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.