Epaileak gaur erabakiko du Puigdemont atxilotzeko euroagindua eman edo ez

Ihes egiteko arriskua argudiatuta, Generalitateko bederatzi kide espetxeratu dituzte; bakarrari eman diote bermea ordainduta aske geratzeko aukera.

Carles Puigdemont, Bruselan. OLIVIER HOSLET, EFE
2017ko azaroaren 3a
19:18
Entzun

Santi Vila Industria kontseilari ohia izan da auzitegitik irten den bakarra. Hori bai, 50.000 euroko bermea ordainduta soilik saihestuko du kartzela. Gainontzeko guztiak, Oriol Junqueras presidenteordea eta zazpi kontseilariak, auzitegitik irten ere ez dira egin, epaileak hala aginduta.

Goizeko bederatzietarako joanak ziren guztiak, atzo, deklaratzera: Junqueras, Vila, Jordi Turull Presidentetza kontseilaria eta gobernuko bozeramailea, Raul Romeva Nazioarteko gaietarako kontseilaria, Josep Rull Lurralde gaietarakoa, Carles Mundo Jusizia kontseilaria, Meritxell Borras Kulturakoa, Joaquim Forn Barne kontseilaria, eta Dolors Bassa Lan arlokoa. Matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen die. Baina Industria kontseilari ohiak soilik erantzun ditu haren galderak; gainontzekoek beren abokatuari bakarrik erantzun diote.

Hala, deklarazioak amaituta, autoa idatzi artean eraikinean geratzeko agindu die epaileak, Vila ez beste guztiei. 15:00ak eta 16:00ak arterako espero zen epailearen erabakia. Ordea, ordu eta erdi gehiagoz egon behar izan dute ebazpenaren zain. Azkenean, zuzenean kartzelara bidaltzeko agindu du Lamelak, argudiatuta ihes egiteko arriskua dagoela, eta Generalitatean izan dituzten karguak aintzat hartuta, "probak suntsi" ditzaketela. Azkenik, ohartarazten du azken urteetan behin eta berriz "entzungor" egin dietela Konstituzionalaren aginduei, eta aurrerantzean ere berdin egiteko "arriskua" dagoela.

Nazioarteko atxilotze agindua

Auzitegira deklaratzera joan ez denez, eta fiskalaren eskaera ontzat emanez, Carles Puigdemont eta harekin batera Bruselara joandako lau kontseilariak —Clara Ponsati, Mertitxell Serret, Antoni Comin eta Lluis Puig— atxilotzeko agindua prest luke Carmen Lamela epaileak; ordea, azken erabakia gaur hartuko du. Behin nazioarteko atxilotze agindua emanda, Belgikako fiskaltzak erabaki beharko du horiek atzeman edo ez.

Puigdemontek eta harekin batera joandako kontseilariek bideokonferentzia bidez deklaratzeko aukera eskatu zuten. Generalitateko gainontzeko kideei bezala, horiei ere matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.