Epstein kasuan «gardentasun osoz» jokatuko zuela esan zuen AEBetako presidente Donald Trumpek, urtarrilean kargura bigarrenez iritsi aurretik. Baina, orain, kontrakoa egiten ari da. Azken egunetan geroz eta gehiago lotu dute Trump aipatutako kasuarekin, baina Etxe Zuriko maizterrak ez du horren gainean ezer jakin nahi. Administrazioaren itxialdia amaitzeko sinadura ekitaldia egin du goizaldean Etxe Zurian —Washingtonen iluntzea zela—, eta AEBetako presidenteak bulegotik bota ditu kazetariak, horietako batek kasuaren inguruan galdetu dionean.
Finantzari diruduna zen Jeffrey Epstein. 45 urteko kartzela zigorra eskatu zuten harentzat, hainbat adingaberi sexu abusuak egiteagatik, eta kartzelan hil zen, epaiketa abiatu aurretik, 2019ko abuztuan. Epstein eta Trump lagun minak izan ziren urte luzez, eta lagunaren sexu abusuen kasuen berri izatea leporatu izan diote AEBetako presidenteari.
Are gehiago harrotu ziren hautsak atzo. Izan ere, Ordezkarien Ganberako diputatu demokratek Epsteinen hiru mezu elektroniko eman zituzten argitara, 2011 eta 2019 bitartekoak. Mezu horietan, Trumpek abusuen berri zeukala eta biktimetako batekin «orduak» igaro zituela iradokitzen du finantzariak. Behe ganberako errepublikanoek, berriz, 20.000 artxibo baino gehiago zabaldu zituzten ordu batzuk geroago, zitazio judizial baten bidez lortutakoak.
Trumpek, ordea, demokraten kontra egin zuen atzo, eta «arreta desbideratzea» leporatu zien. «Demokratak Jeffrey Epsteinen inguruko gezurra berpizten saiatzen ari dira, administrazio federalaren itxieraren kudeaketa kaskarretik arreta desbideratzeko», idatzi zuen Truth Social sare sozialean. «Errepublikano oso txar edo inozo bat bakarrik eroriko litzateke tranpa horretan», gaineratu zuen.
Gardentasun eskaera
Epsteinen biktima talde batek «gardentasuna» eskatu zion AEBetako Kongresuari, iragan irailean egindako agerraldi batean. Horrez gain, Thomas Massie (errepublikanoa) eta Ro Khana (demokrata) diputatuek bultzatutako lege egitasmo bat babestu zuten, Justizia Sailari presioa egiteko, finantzariarekin lotutako dokumentu guztiak argitaratu ditzan. «Dokumentuen %1 baino gutxiago argitaratu dira», adierazi zuen Khanak, biktimekin batera egindako agerraldi hartan.
Egitasmo horrek 218 sinadura behar ditu aurrera egiteko, eta Trumpek eta haren administrazioko kideek presioa egin diete Epsteinen inguruko material guztiak argitaratzearen alde publikoki agertu diren bi senatari errepublikanori. Biek ala biek eman diote babesa horretarako modua emango lukeen legeari.
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak goizaldean baieztatu du Trump bi senatari horietako batekin bildu zela, baina uko egin zion bileraren inguruko xehetasunak emateari. «Kongresuko kideekin esertzeko eta haien kezkei heltzeko prest egoteak ez al du gobernuaren gardentasuna erakusten?», gaineratu zuen.
Egitasmoak, ordea, aurrera egin du. Izan ere, Adelita Grijalva demokrata Ordezkarien Ganberako kide moduan onartu zuten atzo, eta egitasmoa sinatzea izan zen hartu zuen lehen erabakia. Hortaz, Epsteinekin lotutako dokumentu guztiak argitaratu edo ez bozkatuko dute Ordezkarien Ganberan. Hala ere, ikusteko dago egitasmoak zer bide izango duen; izan ere, Ordezkarien Ganberaren gehiengoak baiezkoaren aldeko botoa emanez gero, bozketa Senatuan egin beharko litzake —errepublikanoak dira nagusi bertan—, eta Trumpen beraren sinadura beharko luke.