Gazan lanean aritu den medikua

Raul Incertis: «Erabaki egin behar da zein ume intubatu eta ZIUra eraman, eta zein utzi hiltzen»

Ezohiko egoera batean egiten dute lan Gazako ospitaleetan dauden medikuek: han eraikitako egurrezko barraketan hartzen dute atseden, eta ohe berean artatu behar dituzte bi edo hiru paziente. Incertisen arabera, Israelen sarraskiak erabat suntsitu du Gaza.

Laura Escarti.
Laura Escarti.
Laura Escarti - Vilaweb
2025eko abuztuaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Infernutik» iritsi berri da Raul Incertis medikua (Valentzia, Herrialde Katalanak); joan den astean ailegatu zen sorterrira, Gazan lau hilabete igaro ondoren. Zerrenda hegoaldeko Khan Yunis hiriko Al-Nasser ospitalean aritu da lanean, boluntario, Glia GKE gobernuz kanpoko erakundearekin. Fisikoki eta mentalki «leher eginda» dagoela aitortu du, baina gutxienez orain baduela etxean atseden hartzeko eta zer edo zer jateko aukera. Atzera begira jarri, eta xehe-xehe kontatu ditu ospitalean «normaltasun anormal batez» ikusitakoak eta bizitakoak.

Nolakoa zen zuen egunerokoa? Ez dakit zinez ohartzen garen han nola dauden...

Ospitaleak 270 ohe ditu, eta zenbait pabiloi, baina goraino beteta daude, %200 sartuta. Gainezka dago, eta zauritu gehiago iristen dira etengabe. Lehenengo bi hilabeteetan ez ziren hainbeste iristen, baina Gazako Fundazio Humanitarioa ireki zutenetik —Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek janaria banatzeko antolatutako zerbitzua—, ugaritu egin dira biktima askoko ekintzak: lehen, astean bitan edo hirutan izaten ziren, eta orain, berriz, egunean behin edo gehiagotan. Larrialdietara zibil mutilatuak iristen dira, gehienak 20 urtetik beherakoak: askok 15 edo 16 urte dituzte, edo 5 edo 6; adin guztietakoak izaten dira, baita hilabeteko umeak ere. Metrailak zaurituta etortzen dira; zulatua izaten dute toraxa, sabelaldea, burua —burmuinetatik zerbait kanpoan dutela—; anputazioak izaten dituzte, erredurak, gorputz atal zapalduak… Eta etengabea da hori. Gorpuak ere ekartzen dituzte, eta zuzenean gorpuen deposituan uzten ditugu. Ezin da geldirik egon. Senitartekoak oso urduri egoten dira, gurasoak negar batean. Paziente horiek egonkortu beharra dago lehenik, eta hori lortutakoan, ahal bada, ebakuntza gelara bidali. Hor arazo bat dago; izan ere, ZIUa sortu eta hilabete eta erdira betea zegoen jada. Beste ZIU batzuk ere ireki zituzten, baina horiek ere bete egin dira. Askotan, erabaki egin behar da zein ume intubatu eta ZIUra eraman, eta zein utzi hiltzen, ez baitago nahikoa tokirik. Hori, etengabe. Eta asko okertu da jana banatzeko tokietan herritarrei erasotzen hasi zirenean. Geroztik ikaragarri egin dute gora datuek.

Ospitale horrek 270 ohe ditu, baina milioi bat lagun baino gehiago artatu behar dira han. Lanik egin al daiteke horrela?

Nekez. Oso nekatuta zaude, paziente asko iristen baitira eta denak berdin baitaude. Beti gauza bera ikusten duzu. Batzuetan, bi, hiru edo lau ume jarri beharra dago ohatila berean, ez dagoelako ohe nahikorik. Patioetan, estropezu egiten duzu korridorean lurrean dauden pazienteekin. Erietxean zazpiehun bat paziente daude orain ospitaleratuta. Nire lankideek lanaldi oso luzeak egiten dituzte, astean 60 edo 70 orduz, eta neka-neka eginda daude; gainera, barraketan bizi dira. Lanaldia bukatzen dutenean, irina, ura eta egurra jaso behar izaten dute. Eta, horrez gain, baliabideak falta dira. Joan den astean bukatu egin ziren gazak eta konpresak, eta, beraz, zauriak ezin ziren garbitu. Ez zegoen fentanilorik ebakuntzetarako, eta operazio oso larriak egiten genituen hiru miligramo morfina emanda. Ebakuntzaondoko mina kentzeko botika nahikorik ere ez genuen, eta gaixoek min handia izaten zuten. Ez dago antibiotiko nahikorik, ezta formula esnerik ere ZIUko umeentzat. Hau da, dena gaizki. Gaixo larri batzuei bi hankak moztu behar izan dizkiegu, edo burezurra ireki hematoma bat kentzeko, eta, morfinarik ez dagoenez, ketorolakoa, diklofenakoa edo ibuprofenoa eman behar izan diegu zainean. Ebakuntzan ez dira konturatzen, gasen bidez lokartzea lortzen baitugu, baina, nahiz eta lo egon, min handia izaten dute, eta operatu eta gero are gehiago; izugarrizko mina.

Ospitalean bertan bizi zineten. Alerta egoera etengabean egongo zineten…

Bai, ez genuen atseden hartzen. Deskantsatu nahi genuenean, alarma batek jotzen zuen ohartarazteko hainbat biktima izan zirela. Gauean lan handia izaten da, orduan bonbardatzen baitute eremu humanitarioa; hain zuzen, herritarrei esan zieten hara joateko bonbardaketetatik ihes egin nahi bazuten, baina hor ere jaurtitzen dituzte bonbak. Gauero bonbek zauritutako familia bat edo bi etortzen ziren, haur hilak edo zaurituak. Ni bizi nintzen solairuan ZIUa zegoen, baita ebakuntza gelak ere, eta ezin nintzen atera ospitaletik. Azken hilabete eta erdian bai, hartu nuen atseden egunen bat, eta GKEaren egoitzara joan nintzen deskantsatzera. Kalera ateratzea oso arriskutsua da. Badakizu irteten bazara agian bonba bat eroriko zaizula, ospitale ingurua bonbardatu ohi baitute.

«Kalera ateratzea oso arriskutsua da. Badakizu irteten bazara agian bonba bat eroriko zaizula, ospitale ingurua bonbardatu ohi baitute»

Ospitalea segurua da?

Ez. Ni han nengoela, sei aldiz egin zioten eraso. Bi bonbardaketa izan ziren, eta milizien hiru eraso. Milizia haietako bat Israelen soldatapekoa zen, eta israeldarren droneak erabili zituen; hau da, Israelek lagundutako eraso bat zen. Azkeneko erasoan, soldadu israeldarrek tiro egin zuten ospitalearen kontra; gizon bat hil zuten, eta beste bat larri zauritu. Aurreko erasoetan ere zenbait lagun hil ziren.

Infernutzat jo duzue hori guztia.

Bai, infernua da. Dena suntsituta dago, eta Gaza erdialdean oso eraikin gutxi daude zutik. Gazan 100.000 tona bonba baino gehiago erori dira, eta, eztanda karga osoa kontuan hartuz gero, Hiroshimako bost bonba atomikorena baino handiagoa da. Eta han ikusten dena bat dator horrekin: dena suntsituta dago, ez dago ezer.

Adin guztietako pazienteez aritu zarete, baina umeak nabarmendu dituzue bereziki...

Horrek hunkitzen baitu gehien. Indarkeriazko hilketek ez lukete inola ere gertatu behar, baina umeak indarkeriaz hiltzen dituztela ikustea askoz ere gogorragoa da, haur bati urte asko geratzen baitzaizkio bizitzeko. Ezin antinaturalagoa da. Ume bat berez hiltzea lazgarria da, baina ume bat hiltzea norbaitek erail duelako… Asko ziren: egunero etortzen zitzaizkigun haurrak buruan edo toraxean bala bat zutela, edo metrailak jota, egunero. Eta okerrena da ikustea trauma osteko estresa dutela. Tira, ez da trauma ostekoa, iraun egiten baitu; ez dago osterik. Baina bonben biktima diren umeek oso gaizki pasatzen dute psikologikoki. Eta, gainera, mutilatu pila bat dago. Senitarteko bizirik ez duten haurrak ere iristen zaizkigu, Gazan WCWSF esaten zaienak. Urriaren 7an sortu zen akronimo hori, Israelek mendeku hartu eta gero, eta hala esaten zaie zaurituta baina bizirik iristen diren eta familia osoa hil dieten umeei. Drama hutsa da.

Nola egin aurre horrelako zerbaiti?

Disoziatuz. Lan egin behar duzu, eta norbaiti bizia salbatzeko protokoloan baino ezin duzu pentsatu. Konturatzen zarenean etengabekoa dela eta hala izango dela aurrerantzean ere, burua erabat blindatzen zaizu, eta normaltasun anormal batez aritzen zara lanean. Bonben biktima izandako umeekin lan egiten genuen hemen apendizitisa dutenekin lan egiten den bezalaxe.

«Indarkeriazko hilketek ez lukete inola ere gertatu behar, baina umeak indarkeriaz hiltzen dituztela ikustea askoz ere gogorragoa da, haur bati urte asko geratzen baitzaizkio bizitzeko»

Zer da okerrena? Gosetea ere badago...

Okerrena indarkeria da, dudarik gabe. Baina ikusi ditudan paziente guztiak desnutrizioak jota zeuden. Altueragatik edo adinagatik pisatu behar luketen baino gutxiago pisatzen zuten denek. 8 urteko haur batzuek 5 dituztela ematen du, eta 5 urte dituzten batzuek, 3 dituztela. Nire lankide guztiek batez beste 25 eta 30 kilo artean galdu dituzte Israel erasoka hasi zenetik. Batez ere zauriak sendatzeko orduan izan ditugu arazoak; izan ere, askoz okerrago orbaintzen dira, eta gehiago infektatzen, denak immunodeprimiturik daudelako. Ondorioz, zauriak askoz infektatuagoak egoten dira. Nik argi ikusten nuen, nire nekean: hamabi kilo galdu nituen, eta gose nengoen. Oso gutxi jaten dute.

Zer jaten du jendeak?

Arroza, eta garestia da. Handik joan nintzenean, kiloak 30 dolar inguru balio zuen. Dezente garestitua zegoen, lehenago hamabost dolar balio zuen eta. Irina ere jaten dute, aurkitzen badute. Irina lortzeko, jana banatzen duten guneetara joan behar dute, eta Israelgo armadak propio tiro egiten die han, edo bonbak jaurti. Eta kito. Tarteka pasta pixka bat. Lehen, latako lekaleak ere izaten ziren, baina oso gutxi geratzen dira. Proteina begetal oso gutxi jaten dute, eta animalia proteinarik ia batere ez, atun lata bat hamar dolar inguru kostatzen baita. Barazkiak izugarri garestiak eta oso eskasak dira; frutarik ia ez dago, eta oso garestia da. Ez dago bitaminarik: hidratoak besterik ez dute jaten, eta proteina begetal pixka bat, baldin eta lekale lataren bat lortzen badute.

Kontatu duzuenez, Gazako biztanleek esan dute haiek bonbardatzen segi dezatela nahi badute, baina eman dezatela modua jana sartzeko.

Bai, zoritxarrez ohitu egin baitira bonba artean bizitzera. Haurrak jolasean aritzen dira kalean bonbak erortzen diren bitartean, tiroka ari diren bitartean. Gosea ez da hori baino okerragoa, baina inor ezin da ohitu gose egotera. Etengabeko bonbardaketetara ohitu daiteke jendea, osasun mentalaren bizkar, baina gosera ez, azkenean agresibo bihurtzen baitira, eta bizilagunari lapurtzen hasten baitira, baita laguntza ekartzeko kamioietatik jatekoa hartzen ere; nekatuta daude, haserrekor, itzaliz joaten dira, eta hiltzeko arriskua ere badute.

«Armadak ez du airera tiro egiten: banatuta egoten dira, makurtuta, eta bizkarrean tiro egiten hasten dira errifleekin nahita, buruan, bularrean eta genitaletan. Sarraski bat da: ez dira bala galduak»

Azaldu duzue azken hilabeteetan ez direla bonbardaketak bakarrik izan, baizik eta zuzenean tiroka ere egin dietela.

Erasoa hasi zenetik, ez diote utzi zuzenean haiei tiro egiteari, baina azken lau hilabeteetan agerikoagoa izan da. Khan Yuniseko herritar gehienek ebakuazio agindua jaso dute; izan ere, jendea eremu humanitariora joan zen, baina batzuek ez zuten joan nahi izan, han ere bonbardatzen dituzte eta. Ebakuazio agindua ezarritako eremu gorri batean dauden herritar, ume guztiei tiro egiten diete zuzenean. Baina batez ere janaria banatzeko tokietan igarri da, han abisatu gabe egiten baitiete tiro zibilei. Armadak ez du airera tiro egiten haiek sakabanatzeko: banatuta egoten dira, makurtuta, eta bizkarrean tiro egiten hasten dira errifleekin nahita, buruan, bularrean eta genitaletan. Sarraski bat da: ez dira bala galduak.

Batzuek esaten dute genozidioa dela, eta beste batzuek esaten dute ez dela hala. Han egon zaretenez gero, zer diozue zuek?

Holokaustoaren eta genozidioaren inguruko akademiko eta aditu judu nagusiek, hala nola Amos Goldbergek, esan dute hau genozidioa dela. Medikuek etengabe erakutsi ditugu frogak, eta NBEra bidali: egunero egin ditugu txosten forentseak, eta, ikusita zenbat paziente erregistratu ditugun, uste dugu nahita egina dela. Nahita egin dute, erabat hondatu dituzte Gazako etxeak, suntsitu egin dituzte kulturako eta hezkuntzako azpiegiturak, Israelgo ministroek berariaz adierazi dute Gaza garbitu nahi dutela arabiarrik egon ez dadin… Hortxe genozidio baten elementu guztiak. Ez da beharrezkoa bi urte barru nazioarteko auzitegi batek esatea genozidio bat izan dela. Hori ulertu nahi ez dutenek ideologiagatik ez dute ulertu nahi, baina agerikoa da genozidio bat dela.

«Ez da beharrezkoa bi urte barru nazioarteko auzitegi batek esatea genozidio bat izan dela; hori ulertu nahi ez dutenek ideologiagatik ez dute ulertu nahi, baina agerikoa da genozidio bat dela»

Zer moduz daude ospitaleko zuen lankideak?

Deprimituta daude, trauma osteko estresa dute, eta neke profesionalaren sindromea. Ez dut ezagutzen bat ere senitartekorik galdu ez duenik. Alaa doktoreak hamar seme-alabetatik bederatzi galdu zituen bonbardaketa batean, eta senarra ere bai. Indonesiar Ospitaleko lankide batek seme-alaba guztiak galdu ditu, baita emaztea ere. Erizain batek, Moa Tasem-ek, anai-arreba guztiak eta gurasoak galdu ditu. Denek galdu dute norbait. Denek galdu dute etxea. Ez dut inor ezagutzen etxe erdi suntsitu batean bizi denik: orain barraketan bizi dira denak. Leher eginda daude: ezin dute gehiago; lanera joaten dira, baina hanka sartzen dute, eta motibazioa galdua dute. Eta motibazio falta, nekea eta depresioa gorabehera, sekulako lana egiten dute.

Ez daukate esperantzarik...

Ez. Espero dute bonbardatzeari utziko diotela eta laguntza sartzen utziko dutela, baina badakite oso zaila izango dela Israelek modua ematea Gaza berreraikitzeko. Ez dut uste inork pentsatuko duenik Israelek egun batean bonbardatzeari utziko diola, biharamunean muga irekiko duela laguntza kamioiak sar daitezen eta hurrengo astean bulldozerrei sartzen utziko diela dena berreraikitzeko. Barne-barnean badakite Israelek mendeku hartu nahi duela eta lurraldea bereganatu. Hitzez esaten ez duten arren, esperantza galdua dute.

Ematen du sarraskia normalizatu egin dela...

Genozidio bat da. Ez dakit zenbat politikarik ikusi duten zer gertatzen den. Herrialde honetako politikari batzuek ukatu egin dute hau genozidio bat dela, eta justifikatu egin dute Israelek egiten duena. Lotsagarria da. Uste dut The Lancet aldizkariaren arabera 200.000 lagun inguru hil direla. NBEk egiaztatuak ditu Israelek eginiko bonbardaketa eta erasoetan hildako asko, baina milaka desagertu daude hondakinen azpian, eta beste milaka pertsona hil dira ez dietelako behar bezalako osasun artarik eman gaixotasun kronikoak tratatzeko. Dialisiaren mende dauden pazienteak, minbizia dutenak, kardiopatiak dituztenak… paziente horiek guztiak hiltzea eragotz zitekeen lehen; orain, ordea, ezin izan da, Israelek suntsitu egin baititu osasun arloko azpiegiturak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.