Araurik gabe, indarra bihurtzen da lege; eta indartsuenen magalpea, babeserako berme. Legeetan oinarritutako nazioarteko ordena amaitu delakoan dago, besteak beste, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea: «Mundu hori desagertu da, eta ez da itzuliko». Legerik ezean, Europak, gaur-gaurkoz, AEBen altzoa du babes. Hori dela eta, Europako herrialde gehienek ez dute irmoki gaitzetsi Washingtonek eta Tel Avivek Iranen hasitako erasoaldia; bai, ordea, Teheranen erantzuna. «Europako agintari gehienen lehentasuna da AEBek Europako segurtasunarekin konprometituta jarraitzea», azaldu du Paul Taylor European Policy Centre think tank-eko ikerlariak.
Atzera egin zuen atzo Von der Leyenek, eta ziurtatu EB Europako Batasunak beti defendatuko duela nazioarteko zuzenbidea; astelehenean, aldiz, adierazi zuen EB ezin dela izan «zaharkitutako nazioarteko ordenaren zaindari»: «Ezin dugu pentsatu arauetan oinarritutako sistema dela gure interesak defendatzeko modu bakarra. Ezta arau horiek mehatxu konplexuetatik babestuko gaituztela ere». Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak erantzun egin zion Von der Leyeni, eta nabarmendu zuen EBri dagokiola arauetan oinarritutako nazioarteko ordena horren «zaindari» izatea AEBak, Errusia eta Txina «errealitate berri bat» marrazten ari diren garaian.
Von der Leyenen eta Costaren adierazpenak adierazpen, Taylorrentzat EBn inor ez dago nazioarteko zuzenbidearen kontra: «Hori bai, zuzenbide hori betearazteko jarrera irmoa behar da, eta Europak prest egon behar du haren etsaiek —baita aliatu izandakoek ere— nazioarteko zuzenbidea urratzen dutenerako».
Ikerlariak posta elektroniko bidez ohartarazi duenez, EBk aurrerantzean ere «esanguratsua» izan nahi badu, ez da nahikoa auziak nazioarteko epaitegietara eramatea eta gaitzespen adierazpenak kaleratzea: «Josep Borrellek [EBko diplomaziaburu ohiak] esan zuen moduan, boterearen hizkuntzan hitz egin behar da». Helburu hori kontuan hartuta, azken urteetan EBk zenbait neurri hartu ditu: besteak beste, gastu militarra handitu du, eta herrialde batzuek soldadutza indartzeko neurriak hartu dituzte.
«Irango auzia dela-eta AEBengandik aldentzen badira, haien babesa galtzeko arriskua dute, baita Ukrainari ematen dioten babesa galtzekoa ere»
PAUL TAYLOR European Policy Centre 'think tank'-eko ikerlaria
Taylorrek uste du Europako herrialdeentzat «funtsezkoa» dela defentsa indartsuago bat edukitzea; batez ere, Donald Trump iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik ezin direlako lehen bezala fidatu AEBez. Ikerlaria bat dator Von der Leyenek astelehenean esandakoekin: «Legeetan oinarritutako nazioarteko ordena txikituta dago». Horregatik, azaldu du Europako herrialdeak «disuasiorako» indar militarra areagotu nahian ari direla, baina ez direla horretan ari gerraren alde daudelako.
Halere, oraingoz, Europa AEBen menpe dago defentsaren arloan, eta, badaezpada, ez dute Washington haserrearazi nahi: «Irango auzia dela-eta AEBengandik aldentzen badira, haien babesa galtzeko arriskua dute, baita Ukrainari ematen dioten babesa galtzekoa ere». Halere, zehaztu du Europako agintari gehienek ez dutela Irango esku hartzearen alde egin: «Soilik [Friedrich] Merz Alemaniako kantzilerrak egin zituen hainbat iruzkin erasoaldia babestuz; hein batean, bi egun geroago Trumpekin Etxe Zurian biltzekoa zelako egin zuen hori».
Hasiera batean, Londresek ez zion Washingtoni bere base militarrak erabiltzeko baimenik eman. AEBek eta Israelek Irani eraso egin eta biharamunean, ordea, iritziz aldatu zuen. Martxoaren 1ean, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak adierazpen bateratu bat kaleratu zuten Teheranen erantzuna gaitzetsiz —Persiar golkoko zenbait herrialderi eraso zien, bereziki AEBen base militarrei—: «Iranen erasoek jomugan jarri dituzte gure aliatu gertukoenak, eta arriskuan eskualdean ditugun langileak eta zibilak». Horregatik, hiru estatu horiek jakinarazi zuten neurriak hartuko zituztela, eta prest agertu ziren Teheranen erasorako ahalmena «suntsitzeko».
19EBk Irango zenbat pertsona eta erakunde zigortu dituen. EB Europako Batasunak Irango beste hemeretzi pertsonari eta erakunderi zigorrak ezartzea adostu zuen atzo. Leporatzen die irandarren aurka errepresioa erabiltzea, eta giza eskubideak urratzea.
Halere, European Policy Centre think tank-eko ikerlariak uste du Europako agintari gehienek ez dutela begi onez ikusten AEBen eta Israelen erasoaldia. Eta gogorarazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esana duela eraso horiek «nazioarteko zuzenbidetik kanpo» daudela. Macronek, ordea, ñabardura bat gehitu zuen: erantzukizuna Teheranena dela, programa nuklearra garatzeagatik eta Ekialde Hurbilean zenbait milizia babesteagatik.
Antzerako adierazpenak egin zituen atzo Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere: «Erasoaldia nazioarteko zuzenbidetik kanpo dago, baina ezin dugu onartu aiatolen erregimenak arma nuklearrak edukitzea». IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi Rafael Grossik martxoaren 2an esan zuen Iranen ez dutela atzeman «arma nuklearrak fabrikatzeko programarik».
Erantzun bateratua, Zipren
Espainia izan da Iranen aurkako operazioa gogorren kritikatu duen EBko estatua; Etxe Zuriari presio egin dio ez ditzan Espainian dituen base militarrak erabili Irango erasoaldian, eta Pedro Sanchez presidenteak zuzenean esan zuen operazioa «legez kanpokoa» dela. Taylor bat dator adierazpen horrekin, baina uste du Sanchezen jarrera «antzerki politiko bat» dela. Espainiako presidentea hurrengo hauteskundeei begira ari da, ikerlariaren ustez, eta Trumpen aurkako jarrera hartu du ezkerreko hautesleak erakartzeko.
Sanchezek gerraren aurkako diskurtsoa eduki badu ere, Espainiako Gobernuak gerraontzi bat bidali zuen iragan astean Zipre ingurura. Martxoaren 2an drone batek Erresuma Batuaren base militar bat jo zuen Mediterraneoko uharte horretan —iragan astean Londresek jakinarazi zuen dronea ez zutela Irandik jaurti—.
Kontuan hartu behar da Zipre EBko kidea dela. Horregatik, Erresuma Batuak ez ezik, Frantziak, Greziak eta Espainiak ere gerraontziak bidali dituzte.
Zipreko gertakariari emandako erantzuna EBren funtzionamenduaren erakusle da. European Policy Centre think tank-eko ikerlariak azaldu duenez, krisialdi baten hasieran EBn ohikoa izaten da estatu kideak ados ez jartzea, eta iritzi kontrajarriak egotea. Talde komunitarioak «diesel motor» baten moduan funtzionatzen duela aipatu du: «hasieran kosta egiten zaio berotzea, baina, behin martxan jarrita, indartsu eta batuta jardun dezake».