Israelgo armadak Libano hegoaldeko eremu are gehiago husteko agindua eman du, Hezbollah miliziaren azpiegituren kontra egingo duelako argudiopean. Joan den astean, Avichay Adraee armadako bozeramaileak hegoaldetik Litani ibairainoko eremuetatik ihes egiteko agindu zien herritarrei, eta, gaur, are gorago ezarri du marra, Zahrani ibairaino ailegatzeraino. «Israelgo armadak ez dizue min egin nahi», idatzi du sare sozialetan. Baina herrialdea bonbardatzen jarraitu du gaur ere, eta gutxienez 30 pertsona hil ditu. Libano okupatuko dutela ere mehatxu egin dute, Irango Guardia Iraultzaileak eta Hezbollahk Israelen aurkako erasoaldi bateratu bati ekin eta gero; 179 pertsona zauritu dituzte azken orduetan, Israelgo Osasun Ministerioaren arabera.
Libanoko Gobernuak egunotan ziurtatu du gertu dagoela Hezbollah armagabetzeko, baina Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak adierazi du Beirutek halakorik lortu ezean Tel Aviv arduratuko dela armagabetzeaz; horretarako herrialde mugakidea «okupatu» beharko duela nabarmendu du: «Libanoko presidenteari ohartarazi nion: gobernuak ez badaki lurraldea nola kontrolatu edo Hezbollahren erasoak nola gelditu, lurraldea hartuko dugu, eta haiek egiten ez dutena guk geuk egingo dugu», esan du Katzek, Defentsa Ministerioak ohar batean zabaldu duenez. Halaber, armadako bozeramaileak Beiruteko Batxura auzoko gune batetik alde egiteko agindu die herritarrei, milizia xiitaren eraikin bat bonbardatuko zutela iragarri baitu.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gerra hasi zenetik lehen prentsaurrekoa eman du gauean: Libanoko Gobernuari ohartarazi dio Hezbollah gerarazi ezean «suarekin» arituko dela jolasean. Irani dagokionez, esan du aiatolen «erregimena» aldatzeko ardura irandarrek dutela, nahiz eta Israelek horretarako «baldintzak sor ditzakeen. Mojtaba Khamenei lider gorena Irango Guardia Iraultzailearen «txotxongiloa» besterik ez dela erantsi du. Ali Khamenei «Irango tirano zaharra» hil dutela gogoratu du, eta Mojtaba Khamenei «tirano berriak» oraindik ez duela «aupegia erakutsi» ere egin.
Libanok NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkari Ahmed Arafak atzo adierazi zuen herrialdea «aukeratu ez duen gerra batean harrapatuta» dagoela, Israelen eta Hezbollahren artean. Gaineratu zuen herrialdea «oso egoera arriskutsuan» dagoela, eta «katastrofe humanitario» baten atarian.
Ekialde Hurbilean zehar ere izan dira erasoak gaur. Israelek Teheran bonbardatu du, eta jakinarazi Basij talde paramilitarraren azpiegiturei eraso diela. Italiako Atzerri Ministerioak jakinarazi du misil batekin eraso egin diotela Italiaren base militar bati Arbilen, Iraken menpeko Kurdistanen; eraso horretan ez dute inor zauritu. Tropak base horretatik joango direla jakinarazi du Guido Crosetto herrialdeko Defentsa ministroak, TG1 telebista katean: «Erretiroa prest zegoen ja». Eta, Irakeko hedabideek zabaldu dutenez, Iranen aldeko milizia bateko 27 kide hil dituzte aire eraso batean Anbar probintzian, Siriako mugatik hurbil. Kuwaitek, Omanek, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek misilak atzeman dituztela esan dute.
Hamahiru egun dira AEBek eta Israelek Ekialde Hurbileko gerra abiatu zutela, eta gutxienez 1.300 pertsona hil dituzte Iranen, eta 687 Libanon. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren arabera, gutxienez 1.100 haur zauritu edo hil dituzte azken egunetako erasoetan. Hildako gehien Iranen zenbatu dituzte, gutxienez berrehun; Libanon, 91; Israelen, lau; eta Kuwaiten, bat.
3,2UNHCR-REN ARABERA ZENBAT PERTSONA DESPLAZATU DIREN IRANGO GERRA DELA ETA, MILIOITAN.
Irango gerrak 3,2 milioi lagun desplazatu dituela salatu du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Hamahiru egun igaro dira AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Iran bonbardatzen hasi zirenetik, eta, agentzia horren arabera, geroz eta desplazatu gehiago egotea espero dute. «Gehienek Teheran hiriburutik eta beste hirigune batzuetatik egin dute ihes, herrialdearen iparraldera eta landa eremuetara joateko».
Era berean, UNHCRk gogorarazi du Iranen 800.000 desplazatu zeudela gerra hasi zenean, Afganistandik ihes egindakoak.
Gainera, huthiek, Yemengo matxino xiitek, lehen oharra argitaratu dute gerrak eztanda egin zuenetik. Babesa adierazi diote Irani, eta esan dute «eskubidea» daukala Persiar golkoko herrialde arabiarrei misilekin eta droneekin eraso egiteko. «Irango Errepublika Islamikoak AEBen eta Israelen base eta interes kriminalei eraso egiteko eskubide legitimoa dauka», zehaztu du Yemengo Huthien Gobernuko Atzerri ministro Abdulwahed Aburasek, oharrean.
Hala ere, erasoei erasoen bidez erantzun nahian ez ezik, diplomazia harremanak indartu nahian ari da Iran. Errusia eta Pakistango ordezkariekin bildu zen atzo iluntzean Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa. Bileraren ostean, sareetan zabaldutako idatzi batean, ohartarazi zuen gerra amaituko bada «kalte ordainak» ordaindu beharko dituztela AEBek eta Israelek.
Irango estatu eredua ez dago kolokan
Gerra «irabazita» dago, Donald Trump AEBetako presidentearen ustez; Washingtongo zerbitzu sekretuek, ostera, ziurtatu dute Irango estatu eredua ez dagoela kolokan. Reuters berri agentziak AEBetako iturri ofizialak aipatuz gaur kaleratu duenez, azken ikerketetan ondorioztatu dute errepublika islamiarra ez dagoela «kolapsatzear», eta gaur-gaurkoz herrialdea «kontrolpean» dutela aiatolek. Ali Khamenei lider gorena otsailaren 28an hil bazuten ere ―erasoen lehen egunean―, sistema oraindik «batuta» dagoela iradoki dute ikertzaileek.
Halere, Trumpek berean jarraitzen du: gerran gailendu direla ziurtatu zuen atzo Alderdi Errepublikanoaren mitin batean, Kentuckyn (AEB), eta Irango armada «suntsituta» dagoela ere bai: «Inoiz ez da estimatzekoa irabazi duzula goizegi esatea. Irabazi egin dugu; lehenbiziko orduan amaitua zen dagoeneko». Baina, gerra irabazita dagoela iragarriagatik ere, esan zuen erasoaldiak bere horretan jarraituko duela oraingoz: «Ez dugu goizegi alde egin nahi, ala? Betebeharrak amaitu behar ditugu lehenik». Eta jarrera gerrazalea ere berretsi du gaur, Washington Examiner aldizkariari telefono bidez eskainitako deian. Orain arte hainbeste estimu zion Bakearen Nobel sariaz galdetu diote, eta honako hau erantzun du AEBetako presidenteak: «Niri bost».
Eta hori kontuan hartuta Washington diplomazia bidez saiatu zela Teheranen programa nuklearrari buruzko akordioa lortzen. Oman bitartekari aritu zen negoziazio horietan —aldeek hiru bilera egin zituzten joan den otsailean —, eta herrialde horretako Atzerri ministro Badr bin Hamad al-Busaidik adierazi du AEBek gehiago lortuko zuketela «bake elkarrizketen bidez» gerraren bidez baino. Prentsaurreko bat eman du Maskaten, eta aditzera eman du «funtsean» gatazkak ez duela zerikusirik programa nuklearrarekin, Iran exijitutako kontzesioak egiteko prest baitzegoen; ministroak irizten dio AEBek Teheran «ahuldu» nahi dutela «eskualdeari beste forma bat emateko».