Eraso gehiago egin dituzte Iranen, Trumpek menia amaitutzat jo ostean

AEBetako armadak beste 90 «helburu militarri» egin die eraso Iranen; Kuwaitek, Bahrainek, Qatarrek eta Jordaniak aireko defentsa sistemak aktibatu dituzte Teheranen erantzunagatik. Ali Khamenei lider goren ohiari lur eman diote.

Jendetza gaur Maxhaden (Iran), Ali Khamenei agurtzen. Han lur eman diote.  EFE
Jendetza gaur Maxhaden (Iran), Ali Khamenei agurtzen. Han lur eman diote. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Jakes Gostin Etxaniz
2026ko uztailaren 9a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaila da asmatzen Donald Trumpen hitzak zenbateraino diren egiazkoak eta zenbateraino ahoberokeriak. Atzo, Irango bake akordioa amaitu zela esan zuenean, nahasmena zabaldu zuen beste behin. Oraingoan, baina, AEBetako presidentea egiatan ari dela dirudi. Eraso gehiago egingo zituela egin zuen mehatxu. Gaur goizaldean, bigarren egunez jarraian, AEBetako armadak bonbardaketak egin ditu Iranen. Herrialde horretako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, gutxienez hamalau pertsona hil dituzte azken bi egunetan, eta beste 78 zauritu. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek nabarmendu du, gainera, Irani berriro eraso egiteko prest daudela, eta Benjamin Netanyahu ere argi mintzatu da: «Gerra ez da amaitu oraindik».

Teheran ez da belaunikatu AEBetako presidenteak esandakoen aurrean. Ohartarazi dio mehatxuak eta erasoak eginez ez duela lortuko Ormuzko pasabidea irekitzea, eta Iranek erantzun egingo duela. Mohamad Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak eta negoziazio taldeko buruak egin ditu adierazpen horiek, sare sozialetan: «Argi gera dadila: kolpeak ematen badituzu, bueltan ere jasoko dituzu».

Eta Irango Guardia Iraultzaileak erantzun egin du. Erasoak egin ditu AEBek Persiar golkoan dituzten hainbat instalazio militarren aurka; besteak beste, Arifjan eta Ali al-Salem baseen kontra, Kuwaiten, eta Xeikh Isa basearen aurka, Bahrainen. Bi herrialde horiek, Qatarrek eta Jordaniak jakinarazi dute aireko defentsa sistemak aktibatu dituztela gaur Iranek jaurtitako droneak eta misilak atzeman dituztelako. Bide batez, Teheranen jokabidea salatu dute herrialde horiek, eta GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak eskatu dio NBEri ohar batean «posizio irmo bat» har dezala Iranen erasoen aurrean.

Zentral nuklearra

AEBetako armadak goizaldean jakinarazi du ohar batean 90 bat «helburu militar» izan dituela jomugan—atzo beste 80—. Irango kostaldean egin ditu batez ere eraso horiek, eta, besteak beste, aireko defentsa sistemak, kostaldeko zaintza azpiegiturak, misilen eta droneen biltegiak eta itsas armadaren ontziak jo dituztela zehaztu du. Hori bai, Irango iturri ofizialek azpimarratu dute AEBen jaurtigai batzuk Irango zentral nuklear bakarraren inguruan erori direla, Buxher eskualdean, kostaldean. Ez dute biktimarik eragin.

Atzo hasitako erasoaldia justifikatzeko, Washingtonek esan du itsasontziei eraso egiteko Teheranen ahalmena ahuldu nahi duela. Izan ere, Trumpek berak sare sozialetan esan duenez, Iranek Ormuzko itsasartea zeharkatzen ari ziren ontzi batzuei eraso egin zielako hasi dute azken oldarraldia. Guardia Iraultzaileak gaur kaleratutako ohar batean gaineratu duenez, AEBen azken erasoek are eta gehiago zailduko dute Ormuzko itsas nabigazioa gerra aurreko egoerara itzuli ahal izatea.

Trumpek Irango erasoaldiaren inguruan hitz egin zuen atzo Ankaran, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen urteroko goi bileran. «Amaitu dela uste dut», esan zuen, Iranen eta AEBen arteko bake akordioaz mintzatuz. «Iran zaborra da. Ez dut eurekin negoziatu nahi. Denbora galtzen ari gara; gezurti hutsak dira». Gainera, berriz eraso egingo zuela ere ohartarazi zuen, eta halaxe egin du.

Ekainaren 17an sinatu zuten bi herrialdeen arteko su etenerako akordioa. Islamabadeko memorandumak hamalau puntu ditu. Horietan, besteak beste, aldeek hitzartu zuten elkarren arteko erasoak etetea, Ormuzko pasabidea irekitzea, eta negoziazioetarako tarte bat zabaltzea. Ormuzen erasoak egiteagatik hitzarmena urratzea leporatu zion Washingtonek Teherani, eta Iranen bonbardaketak egiteagatik gauza bera egotzi dio Teheranek Etxe Zuriari.

Israelek eta AEBek otsailaren 28an hasi zuten Iranen aurkako gerra. Egun hartan bertan hil zuten Irango lider gorena, Ali Khamenei. Azken egunetan haren omenezko hileta ekitaldiak egin dituzte Iranen, Iraken eta Libanon. Tel Aviven eta Washingtonen aurkako manifestazioak bihurtu dira ekitaldi horiek, eta askok atera dituzte Trumpen edo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurkako aldarriak.

Khameneiren hilkutxa Iranen zehar ibili da, eta herritarrak masiboki atera dira kalera. Astelehenean, datu ofizialen arabera, «milioika pertsonak» agurtu zuten Teheranen; asteartean, Qom hirian izan zen, eta atzo, Najafen (Irak). Gaur lur eman diote, bere jaioterrian, Maxhad hirian. IRNA Irango berri agentziak gobernuko iturriak aipatuz kaleratu duenez, AEBetako armada ekitaldi hori sabotatzen saiatu da. Teherandik Maxhaderako trenbidean eraso bat egin dute, eta bertan behera utzi dute tren zerbitzua. Gainera, Guardia Iraultzailearen arabera, Iran ipar-ekialdeko hiri horretara iristeko bidean dauden bi zubi ere bonbardatu ditu Washingtonek.

SiriaN begi onez hartu duTE AEB-ek SIRIA «terrorismo» zerrendatik KENTZEKO lehen pausoak ematea

AEBek 1979an sartu zuten Siria «terrorismoa babesten» duten herrialdeen zerrendan, eta orain hura zerrendatik kentzeko urratsak egiten hasi dira. Pauso horiek beste harreman bati bide ematen diote bi herrialdeen artean. Siriako Atzerri ministro Asaad al-Xaibanik gaur sare sozialetan adierazi duenez, Siriak «garai ilun bati» amaiera eman dio, eta aurreko «erregimenari» bota dio errua. 

2024ko abenduan Baxar al-Assaden gobernua erorarazi ondoren herrialdean izandako aldaketak direla-eta hartu du erabakia Washingtonek. Ahmed al-Xaraa presidentea gobernura iritsi zenetik, «terrorismoaren aurka» egin izana eta «terrorismoa» salatu izana goraipatu diote AEBek. Atzo Donald Trump AEBetako presidentearekin batzartu zen, Ankaran. Al-Xaraa Al-Assaden aurkako matxinoen buruzagietako bat izan zen. HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista gidatu zuen, eta boteretik kendu zuten Al-Asad. 

Siria kenduta, hiru herrialde geratuko lirateke «terrorismoa» babestu duten estatuen zerrendan: Iran—1984an sartu zuten—, Ipar Korea —2017an— eta Kuba —Barack Obamak, presidente zenean, zerrendatik kendu zuen, baina Trumpek 2021ean berriro sartu zuen—.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA