«Amaitu dela uste dut». Donald Trump AEBetako presidentearen arabera, duela hiru aste Iranekin sinatutako bake hitzarmena jada ez dago indarrean. «Iran zaborra da. Ez dut eurekin negoziatu nahi. Denbora galtzen ari gara; gezurti hutsak dira». Gogor mintzatu da gaur Ankaran, NATOren goi bileran emandako prentsaurreko batean; eta ohartarazpen bat egin du: «Gogor egingo diegu eraso berriz ere». Aurrez, Teheranek Washingtoni leporatu dio memoranduma urratzea, atzo gauean Iran hegoaldean egindako bonbardaketak direla eta. Horiei erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak AEBek Persiar golkoan dituzten instalazio militarrei eraso egin die. Bahrainek eta Kuwaitek salatu dute misilak eta droneak atzeman dituztela beren aire eremuan. Bitartean, Pentagonoak ohartarazi du ohar batean 20 gerraontzi daudela hedatuta Ekialde Hurbilean eta haren bueltan. «Aurreko hilabetean erakutsi zuten indar parekorik gabea dutela». Nazioarteak, oro har, kezka agertu du.
AEBen arabera, Irango Guardia Iraultzaileak hiru merkataritza ontziri eraso egin zien astelehenean Ormuzko itsasartean. Atzo gaueko bonbardaketak justifikatzeko, AEBetako buruzagitza militarrak esan du ohar batean Iranek itsasontzi komertzialen aurkako erasoak egiteko ahalmena murrizteko egin dituztela bonbardaketak, eta Irango laurogei helburu militar baino gehiago jo dituztela. Irango hedabideen arabera, herrialdearen hegoaldean egin dituzte bonbardaketak, tartean, Buxeher probintziako bi base militarrean eta Bandar Mahxahr portu hirian. Aire eraso horiek Irango zortzi militar hil dituzte, iturri ofizialek komunikatu batean zehaztu dutenez.
Ikusi gehiago
«Irango jende arriskutsuari» eraso egin diotela adierazi du Trumpek, Mark Rutte NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundeko buruarekin batera egindako agerraldian. Azken oldarraldia hasi baino lehen, Washingtonek bertan behera utzi zuen Iranek nazioartean petrolioa saltzeko baimena. Trumpen gaurko adierazpenek segituan izan dute eragina merkatuetan. Petrolio upelaren prezioak %6 egin du gora, eta gas naturalarenak %5,3. Horren harira, Trump areago joan da iluntzean hedabideen aurrean, eta berriro mehatxu egin du Kharg uhartea hartuko duela: Iranen petrolio esportazioen %90 irteten dira handik.
Bide batez, Ruttek ere AEBetako armadaren azken erasoak zuritu ditu: «Iranen egindako azken erasoak erabat beharrezkoak ziren». Teheran bake akordioa urratzen ari dela esan du NATOko idazkari nagusiak, aliantza militarreko liderren bilera hasi aurretik.

Eta Ali Khamenei lider goren ohiaren hileta ekitaldiekin jarraitzen duten bitartean —bihar lur emango diote Maxaden, jaioterrian—, Irango Atzerri Ministerioak guztiz bestelako ikuspegia plazaratu du, eta AEBei leporatu die hitzartutako memoranduma urratzea. «Memorandumaren lehen paragrafoan agintzen da operazio militar guztiak eten behar direla», oroitarazi du ministerioak, gaur kaleratutako ohar batean. Gainera, azpimarratu du Persiar golkoko herrialdeek ekidin egin behar dutela beren lurraldea eta azpiegiturak erabiltzea Iranen aurkako erasoak egiteko. Hori egin ezean, Iranen aurkako «krimenetan» parte hartzen ari direla uste du Teheranek. Horregatik, Guardia Iraultzaileak jakinarazi du eskualdean zehar AEBen instalazio militarren aurka 85 eraso egin dituela.Â
Bederatzi lagun hil ditu Israelek gazan
Israelek egunero hiltzen ditu palestinarrak Gazan, nahiz eta su eten bat ezarrita dagoen zerrendan iazko urritik. Bada gaur beste bederatzi pertsona hil ditu han; bi tiroz, eta gainontzekoak aire erasoetan. Horren berri eman dute Gazako osasun iturriek. Bonbardaketek, gainera, hainbat zauritu eragin dituzte. Azkeneko bederatzi hilabeteetan ia 1.100 pertsona hil ditu Israelek Gazan.
Â
Â
Duela hiru aste sinatu zuten Iranen eta AEBen arteko hamalau puntuko bake hitzarmena, Islamabadeko memoranduma. Hala, bi herrialdeen arteko erasoak etetea adostu zuten, baita negoziazioetarako tarte bat zabaltzea ere. Ordutik, bi elkarrizketa saio egin dituzte aldeek: lehen saioan aurrez aurre batzartu ziren bi herrialdeetako ordezkariak, Suitzan; bigarrengoan, aldiz, zeharkako negoziazioak izan ziren, Qatarren. Akordioa sinatu zutenetik, baina, hainbatetan egin diote eraso elkarri. Trumpek akordioa amaitu dela esan ostean, ikusteko dago aurrerantzean nola jokatuko duten.