Erasora jo du Sarkozyk

Hollandek gobernuan duen esperientziarik eza eta buruz buruko eztabaidak baliatu nahi ditu kanpainan Frantziako presidenteakEtorkinak hizpide hartuta, eskuin muturrari keinuka hasi da UMPko hautagaia

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzulian soilik botoen %1,45en aldea atera zion François Hollandek Nicolas Sarkozyri, baina PS Alderdi Sozialistako hautagaiak maldan beheiti ikusten du Eliseorako bidea. Eskuin muturreko boto-emaileak bihurtu dira bi hautagaien artean balantza alde batera edo bertzera desorekatu dezaketenak; horregatik, Sarkozyk ez du lehia galdutzat ikusten, eta erasora jo du. Alde batetik, Le Figaro egunkariaren arabera, Hollanderen aurka mezu pertsonalak erabiltzeko asmoa du presidenteak, PSko hautagaiak gobernuan duen esperientziarik eza nabarmenduz. Bertzetik, debateetatik «ihes» egitea egotzi dio Hollanderi, Frantziako lau irratik egindako eztabaidarako eskaintza onartu ez duelako, eta, hirugarrenik, eskuin muturrak gogoko duen gaia hauspotu du Sarkozyk, eskuin muturrak gogoko duen terminoetan: immigrazioa.

«Kolpe guztiak onartuta daude», eta «gorrotagarriak izanen gara». Le Figaro-k Sarkozyren hurbileko laguntzaileen hitzetan paratutako adierazpenak dira, bigarren itzuliko kanpainan erabiliko duten estrategia azaltzeko asmoz. Presidentearen erranak ere aipatu ditu, aitzinekoen zentzu berean: «Niri jazarri zitzaizkidan bezala jazarri behar gatzaizkio Hollanderi». Sarkozyk eta UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak bi aldetatik higatu nahi dute PSko hautagaiak lortutako aldea: ustezko esperientzia faltaren mezua haizatuz, eta buruz buruko eztabaidak bilatuz.

Debateen bila, nola-hala

Herenegun bertan laburbildu zuen Sarkozyk estrategia hori: «Frantziarren aitzinean eztabaidatzea da orain kontua, nortasuna nortasunaren aurka, esperientzia esperientziaren aurka. Frantziarrek jakiteko eskubidea dute; Hollandek ez du ihes egin behar».

Izan ere, Hollande 11 urtez izan da PSko idazkari nagusia (1997-2008), eta hainbat kargu publiko eduki ditu, baina ez da inoiz ministro edo gobernuko kide izan, eta hortik eraso nahi dio Sarkozyk —PS boterean egon zen 1981etik 1995era—.

Erasorako parada ezin hobea aurrez aurreko eztabaidek ematen dute, eta igandean bertan hiru egitea proposatu zion presidenteak Hollanderi, baina hark ukatu egin zuen eskaintza. Herrialdeko lau irrati handik bertze eztabaida bat antolatzea proposatu zuten atzo —Europe 1ek, France Interrek, RMCk eta RTLk—; Sarkozyk berehalakoan onartu zuen, baina Hollandek berriz ukatu zuen. Bigarren itzuliaren aitzinetik debate bakarra egin izan da, eta hori defendatu du Hollandek. «Tradizio bat dago, erritu bat. Frantziarrak horren esperoan daude. Debate handi bat nahi dute. Ez dago deus gehiago errateko». Irratiei erran die telebistekin batera antola dezaketela eztabaida hori —gaur zortzi izanen da, Frantziako hedabideen arabera—. Hollanderen ezezkoarekin Sarkozy txantxetan aritu zen atzo Paris ondoko Longjumeau hirian. «Lanpetuegi badago, eguna aldatuko dugu: goizean edo arratsaldean, arratsean, asteazkenean, ortzegunean, ez dago arazorik». PSko hautagaiak igandean bertan eman zuen Sarkozyren taktikaren inguruan duen ustea. «Zergatik nahi ditu Sarkozyk debateak? Posizio txarrean dagoelako, baina horrek ez du justifikatzen arauak aldatzea».

Atzerritarren boto eskubidea

Lehenbiziko itzulian botoen %1,45en aldearekin garaitu zuen Hollandek Sarkozy, eta bigarrenean zeresan handia izanen dute eskuin muturreko boto-emaileek. Sarkozyk zuzenean jo du horien bila, mezu gogorrekin. «Ezin dugu atzerritarrak hartzen jarraitu», adierazi du. Urtero Frantziara ailegatzen diren etorkinen kopurua erdira jaitsi nahi duela erran du, eta horiei frantsesezko azterketa bat egin nahi die. Gainera, atzerritarrek ez dutela «botorako eskubiderik» berretsi du. Hain zuzen, Hollandek ideia horren aurka egin du, eta erran du presidente bada bortz urteko agintaldia bukatzen duenerako atzerritarrek udal hauteskundeetan botoa eman ahalko dutela. Eskuin muturraren hazkundea Sarkozyri egotzi dio, eta FN Fronte Nazionaleko boto-emaileak «berreskuratu» egin beharra dituela aldarrikatu du PSko hautagaiak, bertzeak bertze, Le Peni botoa eman diotenen «zati bat» ezkerrekoa dela uste duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.