Gaur goizean heldu da adostasuna, aste askoren buruan. Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidente egiteko eta elkarrekin gobernua osatzeko oinarrizko ituna adostu dute ERC eta Junts alderdiek. Bi alderdiek argitaraturiko ohar baten arabera, «Juntsen idazkari nagusi Jordi Sanchezen eta Esquerra Republicanako koordinatzaile nazional eta presidentetzarako hautagai Pere Aragonesen bi eguneko lanaren ostean, oinarrizko ituna adostea lortu dute bi alderdiek asteburu honetan».
Orain, alderdi bakoitzeko exekutiboei aurkeztuko dizkiete itun oinarriak, eta espero da akordioren bi protagonistek, Sanchezek eta Aragonesek, eguerdian egin dute agerraldia adostasuna azaltzeko. Aragonesek berak hartu du hitza lehenik, eta barkamena eskatu du negoziazioak luzatu izanagatik, baina nabarmendu du «gobernu sendo bati» bide emango diola akordioak. «Politika aurrerakoiekin konprometitutako gehiengo independentistako gobernu bat izango dugu, zeinak jendearen eta nazioaren alde lan egingo duen, eta presoen amnistia eta autodeterminazio eskubidea izango dituen lehentasun».
Sanchez ere bat etorri da Aragonesekin, eta barkamena eskatu du elkarrizketak horrenbeste astez luzatu izanagatik. JxCateko idazkari nagusiak nabarmendu du akordioak bateratu egiten dituela «independentismoaren ikuspegi nagusiak», eta gaineratu «elkarlanerako testuingurua» bermatzen duela. «Gatazka politiko bat dugu konpontzeko, eta hori da gaur hartzen dugun konpromisoa. Ziurrenik gaurko egunak jende asko egingo du zoriontsu, eta ziurrenik betikoak esaten arituko dira gobernu honek huts egingo duela, baina oker daude, eta legealdi honen amaieran frogatuko dugu». Sanchezek gogoan izan ditu erbestean eta espetxean daudenak ere, eta iragarri du Europan lortuko dutela «Espainiak ukatutako justizia».
Bi alderdiek «barkamena» eskatu diete katalanei, ituna lortzea «horrenbeste luzatu» izanagatik, eta koalizio gobernua osatzeko hitza eman dute, herritarren konfiantza berreskuratzeko. CUPekin lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta itunaren helburua Kataluniako Errepublika lortzea dela berretsi dute.
CUP alderdiak begi onez ikusi du itunaren iragarpena. «Prestatu behar dugu autodeterminazioa gauzatzeko legegintzaldi honetan», esan du CUPeko diputatu Carles Rierak. Akordioa «datu positiboa» dela gaineratu du. Azaldu duenez, ziur da CUP ez dela bat etorriko ERCk eta JxCatek sinaturiko gauza askorekin, baina bi alderdioi eskatu die ez ukitzeko CUPek ERCrekin Aragones presidente egiteko joan zen astean sinaturiko ituna.
Akordioa indarrean sartu ahal izateko, baina, militanteek berretsi behar dute oraindik, eta hori bihar eta etzi egitea espero da. Jarraian, ostegun edo ostiralean, egingo litzateke inbestidura saioa Kataluniako Parlamentuan. Aragones Generalitateko presidente karguan egonda hasiko lituzkete Madrilekiko elkarrizketak. Hala aurreratu du Miquel Icetak, Espainiako Lurralde Politikarako ministroak. Pozik ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie ere. Hark eskatu die koaliziokideei norabide argi bat har dezatela independentziaren alde: «Independentismoaren aurkako errepresioa etengabekoa da. Ekimen politikoa berreskuratu behar dugu».
JxCaten eta ERCren arteko akordioa ez da, hala ere, denen gustukoa izan. Catalunya en Comu alderdiko eledun Joan Menak egotzi die Esquerrakoei «emandako hitza urratu» izana, eta aurreratu dute ez dutela Aragonesen hautagaitzaren alde bozkatuko inbestidura saioan. «Jendeak ez du galdetuko zer egingo duen gobernuak, badakielako ez duela ezer egingo. Jendeak jakin nahi duena da zenbat iraungo duen gobernu berriak».
Hiru hilabete pasatu dira Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetatik, eta JxC Junts per Catalunyarekin abiatu zituen negoziazioak trabatuta zeuden. Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteordeak apirilaren hasieran esan zuen ERCk gutxiengoan gobernatzeko aukera aipatu zuela. «Orain arte inbestidura akordioa eragotzi duten oztopoak aldaezin dira oraindik ere. Bion arteko distantzia handiegia da», adierazi zuen maiatzaren 8an.
Independentistek gehiengo osoari eutsi zioten iragan otsaileko bozetan, 135 aulkitik 74 bilduta: ERCk 33 eserleku lortu zituen; JxCk, 32; eta CUPek, bederatzi. Hala, hauteskundeak egin eta hilabete eta erdira, ERCk eta CUPek akordio bat lortu zuten, eta, harrez geroztik, JxCren baiezkoa falta zen Aragonesen inbestidurarako.
Ardura banaketa
Kataluniako hedabideetan hasi dira dagoeneko zabaltzen nork hartuko dituen Generalitateko ardura postuak. Vilaweb-en arabera, ERCk Barne Saila kudeatuko du, eta horren sailburu izateko bolo-bolo dabiltzan izenen artean Roger Torrentena dago. Kultura ere ERCren esku geratuko litzateke, iturri beraren arabera. Junts per Cat alderdiak Osasun departamendua hartuko luke, «ziurrenik Josep Maria Argimon buru». Gaur Osasun Publikoaren idazkaria da Argimon.
JxC alderdiak Atzerri Politikaren ardura hartuko luke, eta hori orain arte ERCren esku egon da. Feminismoen Idazkaritza sortuko litzateke, ERCren ekimenez.