ERCren garaipena, beste baterako

ERCk ez ditu jaso espero zituen emaitzak, baina indar independentisten gehiengo absolutuak piztu du Iparraldeko Estazioko gaua.

ERCko buruzagiak, emaitzen balorazioa egiten. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
jon olano
2017ko abenduaren 21a
02:03
Entzun

Datorren aro politikoan Kataluniaren iparra izan nahian, agian, Iparraldeko Estazioa izan zen Esquerra Republicana de Catalunyako kideen topagune bart, hauteskunde gaua jarraitzeko. Alderdi hori zen, itxura guztien arabera, diputatuetan irabaztera deituta zegoena, behingoagatik zentro-eskuin subiranistari sorpassoa egiteko garaia zuena, Ciutadansekin parez pare ibiliko zena herrialdeko lehen indar politikoa izateko. 2010an hamar diputatu zituen alderdiak Kataluniako Parlamentuan, eta prozesu subiranistaren olatuan igota, hauteskundez hauteskunde joan da zentro-eskuinaren eta zentro-ezkerraren arteko aldea murrizten. Kalkulatu zuten bazela bere garaia, Josep Tarradellasen garaitik ez zuen presidentetza berreskuratzeko unea zela, hobea zela nork bere zerrenda aurkeztea, zerrenda bakarra baino.

Itxaropen horiek guztiak zapuztu ziren boto zenbaketak aurrera egin ahala; hain justu ere, mapan iparralderago erbesteratuta dagoen Carles Puigdemont presidenteak ezustekoa emanda. 20:00etan itxi zituzten hautetsontziak, eta ordurako ikusmin handia zegoen ERCren gunean; erredaktore, esatari, aurkezle, kameralari... kazetariak, adi-adi jarraitzen TV3eko zuzenekoaren zenbaki dantza. Militante gutxi lehen minutuetan, eta, oro har, isiltasuna.

Isiltasunetik marmarrera, ikustean boto zenbaketak gora egin arren, ERC ez zela gai Ciutadans eta Junts Per Catalunyaren pare jartzeko. 32 diputatuak ezin gainditu, eta Girona, soziologikoki subiranistagoa, JPCren koloreez tindauta erabat. Dozenaka kide, baina pantailari adi, serio, alderdiaren garaipenak beste baterako beharko duela barneratzen.

TV3en seinaleak ANC Kataluniako Biltzar Nazionalaren egoitzako irudiak ematean berotu zen giroa ERCrenean; ANCkoen independentzia oihuek hauspotuta, horiek errepikatu zituzten ERCkoek. 22:49. Ordura arte, hitzik ez. Baina bazen poztasunerako tarterik, alderdiaren mugetatik harago begiratuta; botoen hiru laurdenak zenbatuta, independentistek gehiengo absolutuari eusten zioten, 70 diputaturekin, eta C's, PSC eta PPren batura baino gehiago zen. Pozik egoteko emaitzak, Marta Rovira idazkari nagusiaren hitzartzeak erakutsi zuenez: "Gaur, errepublikak 155ari irabazi dio".

Militanteak agurtu, eurodiputatuei kasu egin -han ziren Francois Alfonsi korsikarra eta Martina Anderson irlandarra- eta atseden hartzera joateko garaia zen, boto ia denak zenbatuta. Hustu zen geltokia, kazetariz, alderdikidez eta buruzagiz. Ez zen cavarik izan, ez zen festarako gogorik, galtzak bete lan dituztelako aurrerantzean. "Orain, pertseberantzia", zioen Joan Tarda Espainiako Kongresuko diputatuak. Fruituak, ikusteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.