'Estraktibismoa Argentinan' (I). Lehengaiak

Eredu estraktibista eztabaidagai oposizioan

Argentinako oposizioko alderdiak ados daude estatuaren menpeko enpresek ustiatu behar dituztela erregaiak eta mineralak, baina desadostasunak dituzte estraktibismoaren bueltan.

Oposizioak 2024ko otsailean egindako protesta bat, Buenos Airesen, ezkerreko alderdiak nagusi zirela. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Oposizioak 2024ko otsailean egindako protesta bat, Buenos Airesen. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
inaut matauko rada
Buenos Aires
2026ko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Argentinan lurreratu orduko nabari da giro politikoa puri-purian dela. Gizonezkoen futboleko selekzioak Munduko Kopa galdu berri du, baina jendea pozik da herrialdeko taldeak egindako lanarekin, Argentinak Ingalaterra kanporatu baitzuen finalerdietan. «Horrekin pozik gara», diote gehienek. Gainera, selekzioko jokalari batzuek Malvinak Argentinarenak dira zioen pankarta atera izanak berriro piztu zuen subiranotasunaren eztabaida, eta lege baten bozketa atzeratu Argentinako Diputatuen Ganberan: Jabetza Pribatuaren Bortxaezintasunaren Legea, lurrak arrozteko legea deitua. Gai mordoa barne hartzen zituen lege proiektu horrek; besteak beste, kanpotarrei Argentinako lurrak erosteko muga kentzea. Jokalariek berriro pitzarazitako eztabaida eta argentinarrek kalean erakutsitako arbuioa tarteko, urardotu egiten dute legea, eta muga horri bere horretan eutsi diote azkenean.

Jendea harrituta dago ikusita futbolari batzuek egindako keinu batek zenbaterainoko indarra izan duen. Javier Mileik Argentinako presidentetza hartu zuenetik, subiranotasuna izan da eztabaidagai nagusietako bat, presidentea muturrera eramaten ari baita atzerriko kapitalari Argentinako lurrak eta baliabideak saltzeko joera. Horretarako, aipatutako legeaz gain, beste hainbat aurrera atera dituzte: Glaziarren Legea moldatu dute ingurune horiei babesa kentzeko, inbertsio handiak egin asmo dituzten enpresei erraztasun fiskal eta burokratikoak jarri...

Neurri horietatik gehien-gehienak estraktibismoan sakontzeko helburuarekin hartu ditu Mileiren gobernuak, zulotik ateratzeko dolar iturri gisa ikusten baitu estraktibismoa, kanpo zorra ordaintzeko besteak beste. Baina estraktibismoa bultzatzea ez da soilik Mileiren gobernuaren ezaugarria, aurreko gobernuek inbertsio publiko izugarriak egin baitituzte lehengaien ustiaketa bultzatzeko. Vaca Muertako erregai erreserba ezohikoen esplotazioa, esaterako, Cristina Fernandez de Kirchner agintean zela hasi zen, eta inbertsiorik handienak hark eta Alberto Fernandez presidente ohiak egin dituzte; ezkerreko peronistak biak.

Jarrera ezberdinak

Oposizioaren gehiengoa peronismoak eta Ezkerreko Langileen Fronteak osatzen dute Argentinan. Hala ere, haien artean ez dago ia batasunik, ezkerrak Mileiren konplize izatea leporatzen baitio peronismoari. Peronismoaren barruan ere saltsa handia dute, Cristina Fernandezek botere handia baitu oraindik, nahiz eta formalki politikatik aldenduta egon, etxean betetzen ari baita kartzela zigorra eta inhabilitazioa.

Erregai fosilen eta mineralen ustiaketari dagokionez, orokorrean oposizioko alderdi guztiak ados daude esplotazioak estatuaren menpeko enpresen esku egon behar duela, eta onura guztiak argentinarrentzat izan behar direla. Hala ere, nahiz eta oro har meatzaritzak Argentinan irudi txarra izan, erregai fosilen ustiaketaren bueltan bada adostasun orokor bat; aipatu bezala, energia subiranotasuna izateko eta dibisak irabazteko tresna gisa ikusten baita.

ARGENTINA CONGRESO
Gizon bat Argentinako bandera lepotik zintzilik duela, abuztuaren 6an, Buenos Airesen, Jabetza Pribatuaren Bortxaezintasunaren Legea bozkatzeko egunean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE

Politikari nagusienen artean, Myriam Bregman abokatuak du erregaien ustiaketa masiboaren kontrako iritzi sendoena. PTS Langile Sozialisten Alderdi troskistako buru da, eta FIT-U ezker koalizioko aurpegirik ezagunena. Maiatzean presidentetzarako 2027ko hauteskundeetarako egindako inkestan, Bregman hirugarrena da boto asmoan (%14,6), eta politikarien artean hark du irudirik onena, argentinarren begietan. Leon Trotskiren margolan handi bat du bulegoan, eta nabarmendu du athleticzalea dela, herrian euskaldun migratzaile asko baititu.

Bregmanek adierazi du lehengaiak ustiatu nahi dituzten enpresen etorrerari buruzko oraingo eztabaida 1990eko hamarkadan izandako berbera dela; ordu hartan, Barrick Gold Argentinako urrea eta zilarra ustiatzen hasi zen: «Ustiaketaren ondoren ere, herri horiek oso pobreak dira oraindik, sarraskituta daude, eta izugarrizko ingurumen kalteak dituzte. Pobreziaren mapa eta estraktibismoarena bat datoz».

Bregmanek gogor egiten du askotan peronismoaren kontra. Azaldu du bere alderdiak trantsizio ekologikoaren alde egiten duela, «Argentinan gaur egun egiten ez den bezala», uste baitu orain herria «arpilatzen» ari direla: «Sergio Massak, peronismoaren azken hautagaiak, esan zuen Andeetako mendilerroa tarta bat dela, hainbat zatitan banatu beharrekoa». Zalantzan jarri du fracking bidezko ustiaketa beharrezkoa izatea, eta gogorarazi meatze eta erregai hobi asko komunitate indigenen lurretan egiten direla, lurrak desjabetuz.

«Sergio Massak, peronismoaren azken hautagaiak, esan zuen Andeetako mendilerroa tarta bat dela, hainbat zatitan banatu beharrekoa»

MYRIAM BREGMAN FIT-Uko burua

Juan Grabois diputatua da ezkerreko peronismoa ordezkatzen dutenetako bat, eta 2023ko kanpainan proposatu zuen lehengai guztien ustiaketan «YPF eredua» aplikatzea, baina estraktibismoa ezbaian jarri ez. Yacimientos Petroliferos Fiscales enpresaren siglak dira YPF, eta jabetzaren %51 estatuarena da. Ezkerrak peronismo progresistari leporatzen dio Cristina eta Alberto Fernandezen gobernuetan mendekotasuna gainditu ez izana, ezta eredu estraktibista ere.

2027ko hauteskundeak

Erabakia bazuen ere uztailean tarte batez hedabideekin ez hitz egitea, Graboisek Patria Grande alderdiaren ateak ireki dizkio OMALek Argentinara gonbidatutako euskal hedabideei, hala nola BERRIAri. 2027ko hauteskundeetan ezkerreko peronismoa eta FIT-U batera aurkeztuko ote diren galdetuta, Graboisek adierazi du hala izatea espero duela, iruditzen baitzaio indarrak batzeko balioko duela: «Oso garrantzitsua izango litzateke halako akordio bat lortzea. Batez ere gure indarrarentzat, ikuspuntu nazionala eta popularra izateaz gain ezkerreko orientazioa baitugu. Gaitasuna eta aukerak badaude, baina baita arriskua ere». Hala ere, arazo handiak ere ikusten ditu, uste baitu balitekeela FIT-Uk ardatz troskista izateagatik botoak galtzea.

«Oso garrantzitsua izango litzateke [FIT-Urekin] akordio bat lortzea. Gaitasuna eta aukerak badaude, baina baita arriskua ere»

JUAN GRABOIS Patria Grandeko burua

Baina Bregmanek ez du horren garbi ikusten: «Zer dugu ikustekorik nik edo ezkerrak haiekin? Peronismoak eztabaidaren erdigunean jartzen du ea Myriam Bregman batuko zaien edo ez, baina engainagarria da hori. Zeinekin batu behar dut? Kongresuan Mileirekin batera dabiltzanekin? Haiei dagokie esatea gobernura iristen direnean zer egingo duten, garbi uztea noren alde gobernatuko duten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA